Koronabirusa

Non izkutatu dira Andoaingo Udal agintariak?

Asier Miron 2020ko mar. 17a, 12:10

[POSTONTZIA]

Gure gizarteak ezagutu duen osasun krisi handienaren aurrean gaudela esan dezakegu, zalantzarik gabe. Martxoaren 14an Espainiako gobernuak coronavid-19 birusaren hedapena geldiarazteko alarma-egoera ezarri zuenetik, herritar gehienak kezkatuta egoteaz gain, konfinamenduan aurkitzen gara gure etxeetan sartuta.

Andoaindar herritarrak ere noski. Egoera honek, oso egoera zailean uzten ditu ahulagoak diren pertsonen kolektiboak. Azken egun hauetan, Andoaingo udalaren gobernu taldea eta honen buru den Maider Lainez alkatea, desagertuta ibili dira. Are gehiago, Udalak Twitterren duen kontuan argitaratu diren azken mezuak, herritarrei koronavirusari aurre egiteko hartzen ari diren neurrien berri emateko dira; eta hauek batipat, Udaletxearen zerbitzu gehienak bertan behera geratu direla ohartzeko dira.

Baina koronavirusaren aurka borrokatzea, honen ondorioei ere aurre egitea da. Andoainen ia 3.000 pertsona dira 65 urte baino urte gehiago dituztenak, eta 250 inguru 80 urtetik gorakoak dira. Hauetako askok, elikagaiak erosteko zailtasunak izango dituzte hurrengo egunetan. Baita ere, erosketak egiteko hartuko dituzten arriskuak ere handiak izango dira. Baino adinekoak diren pertsonez gain, beste kolektiboko batzuetako pertsonek ere arazo berberak izango dituzte: seme-alabez arduratzeko zailtasunak dituzten gurasoak, bakarrik bizi diren amek...

Konfinamenduaren ondorioei aurre egiteko, gure herriko pertsona ezberdinek, auzolanean sortutako zaintza sare bat antolatzen ari zela irakurri ahal izan genuen martxoaren 14ean hedabide honetan. Oso erantzun baikorra jaso zuen Andoaingo Covid Bolondresak egin zuen deialdia, eta jende askok eman zuen izena, aurreikusitako lantaldeetan bolondres moduan lanean aritzeko. Andoaingo bizilagunei ekimenaren berri eman ondoren, lanei aurre egiteko arazo eta traba ugariekin topatu ziren; batez ere, gutxieneko segurtasun neurriak bermatzeko ekipamendu egokiaren falta.

Beste Udalerri batzuetako aginteriek, babes zibilean lanean ari diren hainbat pertsona eta elkarteekin koordinatuz, sor zitezkeen egoera eta beharrei aurre egiteko lan taldeak jarri dituzte martxan, zaintza sarean bolondres moduan izena eman dutenekin batera. Ez legoke gaizki Andoaingo Udalak ere, aurkitzen den berrogeialdi partikularretik bueltatzea, eta oraintxe bertan martxan dauden talde eta pertsonen sareak aprobetxatuz, ekimen honen ardura eta lidergoa beregain hartzea. Gure herriko bizilagun ugariei sortuko zaizkien beharrei eta ondorioei aurre egiteko, eta ziurrenik, hamabost egun baino gehiago luzatuko den alarma egoera honetan, herritarron babesa dutela sentiarazteko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!