Leihora begira jarrita

Maddi Trutxuelo & Joni Ubeda 2020ko mar. 17a, 22:00

Atea itxi eta etxean sartu naiz, martxoaren 13a da. Bakartze ariketa kolektiboa hastera doa. Enborrari adarrari hostoari loreari erreparatu diot, mundua deskubritu duen begiradarekin.

Konduktismo ariketa itsuan ohetik dutxara dutxatik sukaldera sukaldetik kalera kaletik lanera joaten ginen. Mundua geratzera doala dirudienean, hortxe daude enborra adarra hostoa lorea. Egunak aurrera doaz eta leihora begira jarrita nago, leiho hori beste leihoa izan zitekeela imaginatuz. Hemen izanik, han naiz.

LEIHOKO BULTZITIK

trenean joaten naizenetan

begiak beti batez

 

larrea bere belarrean

atea bere atalagan

ganbara bere teilan

teila bete katu

katea bere zakurrean

lantegia bere labean

tximinia bere kean

kea bete datu

 

trenean joaten naizenetan

begiak beti bakez

 

zubia bere ibaian

ibaia bere gurpilean

eliza bere kanpaian

kanpaia bete lantu

mendia bere tunelean

zuhaitza bere habian

habia bere arrautzan

arrautza bete kantu

 

trenean joaten naizenetan

begiak beti lanez

 

bidea bere burdinan

burdina bere greban

zerua bere hilerrian

hilerria bete santu

plaza bere tabernan

gaua bere geltokian

geltokia bete espantu

espantua bete babes

 

joaten naizen trenetan

biziak beti trabes

 

Parisen bizi naiz, Koldo Izagirre (Susa. 2013, poesia)

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!