Trikitixa eta panderoa gainean hartuta, plazaz plaza ibili ziren Amaia Oreja, Kristina Solano, Maixa Lizarribar eta Alaitz Telletxea 90eko hamarkadan, bakoitza bere taldearekin. Ibilbide luze eta oparoa egin ondoren, atseden hartu zuten eta, urteak geroago, laukotea elkartu eta Amak egitasmoa sortu berri dute. Pozarren daude, patxadaz eta gustura hartu dutelako berriz ere jendaurrerako itzulera. "Egiten duguna gustatu egiten zaigu. Gozatzeko egiten dugu", horixe euren leloa. Amaia Oreja Unanue Andoaingo trikitilari eta Amak taldeko kideak hartu du hitza.
Espero gabean sortutako taldea da Amak. Azalduko al diguzu abiapuntua?
Oñatiko jaialdi batean parte hartzeko elkartu ginen Kristina Solano, Maixa Lizarribar, Alaitz Telletxea eta laurok. Gerora, batetik eta bestetik jendea deika hasi zitzaigun eta, gustura sentitu ginenez, aurrera jarraitzea erabaki genuen. Bai, erabat espero gabean sortu da taldea. Jaialdi hartan parte hartu ondorenean, nolabait, jendearen eskaeratik. Denboraldi batean plazetatik kanpora egon arren, lauroi asko gustatzen zaigu giro hori eta oso gustura gabiltza. Ederki moldatzen gara, gainera, gure artean eta asko laguntzen du horrek ere. Hori bai, patxadaz hartu dugu, bai baitakigu zer nahi dugun eta zer ez.
Musikak batzen zaituzte eta baita emakume eta amak izateak ere. Hortik taldearen izena...
Hala da, bai. Jaialdietan oso ohikoa da trikitilarien izena, izen-abizenekin osorik jartzea, baina gure kasuan luzeegi geratuko zenez, izen motzagoren bat jartzea pentsatu genuen. Eta hala, izenak aukeratzen hasi ginenean, Maixa taldekidea, gure izenen inizialak batuta, Amak osatzen zela konturatu zen. Laurok amak ere bagarenez, taldeari jartzeko izen sendoa iruditu zitzaigun.
Ederki ezagutzen dituzue plazak laurok ere. 90eko hamarkadan ekin zenioten bideari. Oihartzun luzea izan duen bideari...
Kristina Solano eta biok, Kristina eta Amaia bezala hasi ginen hasiera batean. Diskoa atera genuenean, M-n Ezten bezala jarraitu genuen aurrera. Maixa eta Ixiarrek ibilbide luzea egin zuten. Lau disko kaleratu zituzten. Esan beharrik ez, Alaitz eta Maiderrek ere ibilbide oparoa egin zutela. Gaur oraindik, 20 urte pasa eta gero, kantu haietako asko entzuten da kalean eta arraroa egiten zaigu. Baina bai, hor daude. Kantu maiteak direlako, zeozer esaten dutelako edo juergarako balio dutelako..., arrazoia jakin ez arren, hor dabiltza eta poza ematen digu.
Maixa eta Ixiar, Alaitz eta Maider, M-n Ezten. Trikitixa eta panderoa hartuta, plazetan emanaldiak eskaintzen emakume aitzindariak izan zineten...
Jarraian etorri ginen guztiak. Ordura arte baziren emakume trikitilariak, baina ez ziren plazan aritzen. Nik ez dut sekula zailtasunik izan, baina ezagutzen ditut etxean bertan trikitixa ikasi nahi eta zailtasunak izan zituzten emakumeak, trikitixa gizonezkoen mundua zelako orduan. Kristinak eta biok askotan hitz egin izan dugu gai horretaz. Trikitixa ikasi nahi genuelako ikasi genuen guk eta oholtza gainean ez dugu sekula genero aldetik zailtasunik izan. Oso ondo hartu gaituzte beti, naturaltasun osoz. Trikiti-giroari esker ezagutu dugu Euskal Herria eta zortea izan dugu horretan. Trikitixak txoko txiki asko ezagutzeko aukera eman baitigu, plazaz plaza eta gertutik. Eta GPSrik gabe, galdetuz iritsi izan gara askotan.
Baina beste plaza mota bat aukeratu duzue oraingoan...
Plaza ezberdina hartu dugu. Lehen hiru ordu eta erdiko erromeria-saioak eskaintzen genituen, gauerditik aurrera normalean. Gau-giroko ordutegi txikietan aritzen ginen. Oraingo planteamendua oso bestelakoa da. Hasteko, ordubeteren inguruko saioak izaten dira. Dantzarako erromeriak baino, ikuskizunak dira. Patxada osoz eskaintzen ditugu saioak, gozatuz eta bertaratuekin harremana bultzatuz. Lau ahots, lau pandero, lau trikitixa... Bai, lehen musikariak ondoan genituela joaten ginen plazetara: bateria, baxua, gitarra... Orain laurok gaude, soil-soilik: lau trikitixa, lau pandero, lau peñaparda eta lau ahots. Listo. Horrekin abiatzen gara.
Orain artean behintzat, peñaparda ez da oso musika-tresna ezaguna gure artean. Zer da, zehazki?
Non du jatorria? Salamancako musika-tresna tradizionala da. Larruzkoa da eta egur zati batekin jotzen da. Maixa taldekideak ezagutzen zuen. Ikasleekin jotzen zuen taldean, zeozer ezberdina lantzeagatik. Entsegu batera ekarri, proba egin eta asko gustatu zitzaigun. Ederra da hari ematea, deskargatzeko balio du eta, laurok batera hasitakoan, sendotasuna hartzen du, gainera. Deskubrimendu polita izan da.
Egitasmo honi begira ikasi dugu peñaparda jotzen. Sinple jotzen dugu, baina oso gustura. Oso ohituta gaude panderoarekin erritmoa markatzen eta, azken finean, beste mugimendu batzuekin, baina gauza bera egiten dugu peñapardarekin ere.
Ahotsa, pandero edo peñapardaz hutsik lagunduta eskaintzen duzue hainbat kantu. Apustu berritzailea erabat!
Berria da, bai. Orain artean ez dago halakorik. Panderoa, esaterako, trikitixa laguntzeko jo izan dugu orain artean beti, baina orain, ahotsez lagunduta, hutsean jotzen dugu. Pozik gaude, oso harrera ona izaten ari garelako. Egia esan, gu ikustera etortzen direnak giro horren zaleak dira. Publiko jakin batentzat aritzen gara: trikiti-giroko jendearentzat. Oso ondo hartu gaituzte, maitatuak sentitu gara eta ederra da hori. Oso eskertuta gaude.
Nola moldatu zarete errepertorioa osatzeko?
Disko desberdinetako kantuen nahasketak egin ditugu. Demagun, porrusalda ezberdinak hartu, nahastu eta moldatu egin ditugu, geurera ekarriz. Kantu berriak ere osatu ditugu, baina gutxi; laurok elkartu eta entseguak egiteko tartea topatzea ez baita erraza. Gure kantuez gain, gustatzen zaizkigun euskal abeslarien kantuak hartu eta geureratu egin ditugu: adibidez, Izarorena, Zea Maysena, Imanol Urkizurena... Errepertorioa aldatuz joango gara, baina ez planteamendua. Esan bezala, ordubeteren bueltako ikuskizunak eskaini nahi ditugu. Ez dugu erromeriarik emango.
Argi daukagu zer nahi dugun eta garrantzitsua da hori. Erromeria garaian gazteak ginen, oso libreak, ez geneukan bestelako ardurarik... Etortzen zen guztia hartu egiten genuen eta hori geneukan normaltzat. Orain desberdina da; ahal denean aurrera, baina ezin denean ezezkoa esaten dugu. Lauron artean garbi daukagu ezezkoa esan dezakegula. Ez dugu segida-segidan emanaldirik eskaini nahi. Egin behar duguna gustura egin nahi dugu. Horixe da gure helburua, eta, noski, baita ondo pasatzea eta pasa araztea ere.
Gertuko giroa eta publikoarekin komunikazioa bilatu ez ezik, aurkitu ere egiten duzue emanaldietan...
Saioa ez dugu eskaintzen dugunarekin soilik bukatu nahi. Kristina taldekidea ikaragarri 'xalada' dugu eta izugarrizko artea dauka entzuleekin konektatzeko. Asko eskertzen dut nik hori eta entzuleek ere baietz uste dut. Komunikazioa edukitzea bilatzen dugu, ez gurea egin eta alde egitea. Saltsa hori gustatzen zaigu eta hori erromeria garaian ikasi genuen. Orduan ere publikoaren arabera moldatzen genituen saioak. Oraingo errepertorioa itxia da, baina publikoarekin jolastea gustatzen zaigu.
Trikitixa, musika-tresna tradizionala izanagatik, azken urteetan argi erakutsi duzue berritzailea ere izan daitekeela...
Trikitixa denera molda daitekeela esaten dut beti. Era guztietako trikitilariak ditugu: tradizionalak, berrikuntzak egin eta DJekin jotzen dutenak... Erabat moldagarria da. Abaniko zabala dago trikitixaren barruan.
Gazteengan ere badu arrakastarik. Trikitixa eta pandero eskolak ikaslez beteta daude...
Bai. Kristina eta Maixa taldekideak, esaterako, haur eta gaztetxoen trikitixa eta pandero irakasleak dira eta ikasle mordoa dute. Nik trikitixa-denda batean egiten dut lan eta, badakit, herri gehienetan trikitixa eta pandero irakasle bat badagoela eta lanez gainezka egoten dela, gainera. Trikitixak ikasle asko biltzen du. Egun, ikasle gehienak neskak dira, portzentaje nagusia. Beste kontu bat da zenbatek egingo duen plazarako jauzia gerora. Ikasle ugari etortzen da gure emanaldietara, baina ez ikasleak bakarrik; baita haien guraso edota aitona-amonak ere. Belaunaldi guztietako kideak. Egiten dugunak ez dauka adinik, entzuteko erraza da denentzat.
Amak egitasmoaz gain, beraz, egunerokoan ere trikitixarekin lotuta zabiltza...
Bai, Lasarteko Tirikitrauki dendan egiten dut lan. 1998an nagusiak zabaldu zuenetik, 21 urte egin ditugu jada bertan. Trikitixak eta panderoak saltzen ditugu batik bat. Nire kasuan, bide beretik doaz zaletasuna eta baita lana ere.
Noiz ekin zenion zuk trikitixa eta panderoa jotzen ikasteari?
10-11 urte izango nituen. Trikitixa jotzen hasi nintzen lehenengo. Ixiar ahizpa, –Maixa eta Ixiarreko Ixiar–, niri laguntzeko hasi zen panderoa jotzen ikasten. Gero, Maixak Txapelketa Nagusian parte hartzeko panderojolea behar zuela eta, Maixarekin hasi zen. Oso gaztetxoa nintzen ni orduan. Halaxe sortu zen Maixa eta Ixiar; niri laguntzeagatik ahizpa panderoa jotzen hasita.
Zein asmo du Amak taldeak aurrera begira? Ba al duzue helburu zehatzen bat?
Momentuz, pausoz pauso goaz aurrera. Oso polita litzateke, adibidez, diskoa grabatzea, gustatuko litzaiguke, baina horrek aldez aurretik lan handia eskatzen du eta entseguetarako zein aukera daukagun ikusita, lasaitasunez hartuko dugu. Iraun behar duena iraungo du taldeak eta ekarri behar duena ekarriko du, aldez aurretik ezer pentsatu gabe. Momentuaz gozatu nahi dugu eta oso gustura sentitzen gara saioetan giro polita sortzen denean. Ondorengoa denborak esango du.
Noiz eta non eskainiko dituzue hurrengo saioak?
(Koronabirusaren krisiaren baitan, martxoaren 24an Lazkaon eskaini behar zuten emanaldia bertan behera utzi dute). Gauzak ondo bidean, maiatzaren 23an Zumarragan arituko gara eta Larrabetzun 24an. Horiexek data gertukoenak.
Kate motzean
- Trikitixa ez den beste musika estiloa: Asko. Denetarik entzuten dut, mugarik gabe. Beno, reggeatoirik ez. Ez dut batere gustuko. Baina gazteen artean horixe dago indarrean. Bereganatzen dutena gustatzen zaie.
- Trikitixa, panderoa eta peñaparda ez den beste musika-tresna: Pianoa, biolina edo gitarra asko gustatzen zaizkit. Ondo jotako edozein musika-tresna.
- Gogoko plaza: Zaila da esatea; bat esanda, asko kanpoan uzten direlako. Baina Baliarrain maite horietako bat da. Herri txiki-txikia izanagatik, landutako festak antolatzen dituzte eta oso giro polita sortzen da.
- Gustura arituko zinatekeen lekua: Areto txikietan bereziki. Goxotasuna eskaintzen dute areto txikiek eta goxotasunean giro intimoagoa sortzen da.
Maurizia panderojolea gogoan
Amak taldeko kideek, Zeberioko (Bizkaia) Maurizia Aldeiturriaga panderojole ezagunari omenaldia egiten diote ikuskizun bakoitzean. "Emanaldi guztiak haren grabazio batekin hasten ditugu, hark abestutako hiru bertso jarrita sartzen gara taula gainera. Bukaeran, berriz, guk abesten ditugu hiru bertso horiek. Bestalde, bere irudia duen pandero handi bat jartzen dugu taularen gainean, erdi-erdian".
---------------------------------------------------------------------------------------
AIURRI HAMABOSKARIA HARPIDEDUNEN ARTEAN BANATZEN DA SOILIK, ETA HAIEI ESKER ATERATZEN DA AURRERA. KORONABIRUSA DELA ETA, EZOHIKO NEURRI NEURRI BEZALA, AIURRIKO EDUKI GUZTIAK IREKIAN UTZIKO DITUGU. BIZTANLE GUZTIEN EGONALDIA ARINAGOA IZATE ALDERA, HORI DA ERREDAKZIO TALDEAK HARTU DUEN ERABAKIA.