"Barruko ahotsak agintzen didanean ekiten diot idazketari"

Xabier Lasa 2020ko mar. 20a, 09:15
Jose Remacha andoaindar idazlea, bere azken nobela eskuetan hartuta. AIURRI

Lau nobela idatzi ditu Jose Remacha andoaindarrak. Zalaparta mediatiko askorik sortu gabe eta autoedizioaren bidetik argitaratu ditu laurak ere.

Bere-berea duen estiloan, egunerokotasunean bizi diren pertsonaien kontatzailea da Remacha. Lau eleberriak autoeditatuta kaleratu dituzu.

Nahita hartutako erabakia izan al da, ala ez duzu editorerik topatu?
Distantzia luzeko lasterketa baten antzekoa izaten da lanak argitaratzeko kontu hori. Lehenengo pausoa, lanak literatur lehiaketetara bidaltzea da; horrela, nire lehen nobela, 'Zarraberria', 1977ko Irun Hiriko finalisten artean geratu zen. Antzera gertatu zitzaidan 'Cuesta abajo' nobelarekin, Oviedoko Emilio Alarcos Llorach sariko finalista geratu zen, 2001ean. Beste sariketetan ez dut ez erantzunik jaso, ezta bidalitako lanak jasotzeko aukerarik eduki ere. Gauzak horrela, nire hurrengo saiakera, idazlanak editoreen eskuetan uztea izan zen. Horietako zenbaitek erantzun egin zidaten; esate baterako, Hiria argitaletxeko Luis Aranburuk edo Txertoako Luis Jimenez de Aberasturik. Bilera banatara deitu, eta nire lanen bertuteak eta akatsak idatzita erakutsi zizkidaten bertan, baina gero ez ziren argitaratzera arriskatu, komertzialak ez zirela edo nire izenak amu komertzialik ez zeukala argudiatuta. Azkenean, etsia hartu, eta autoedizioaren bideari ekin nion; Delta inpresio digitaleko enpresara jo nuen, eta era horretan atera ahal izan ditut lau liburuak.

Lehen hirurak bata bestearen ondoren heldu ziren. Azkena kaleratzeko, ordea, 13 urte igaro dira...
Lau nobelen idazketak eta argitarpenak ez dira orden berean etorri. 'Zarraberria' 1975ean amaitu nuen. Ondoren, lo dagoen eta inoiz argia ikusiko ez duen bigarren bat heldu zen. 'Cuesta abajo' eleberriaren hiru argitalpen egin nituen. 'La maldicion de Santasarna' 2005ekoa da, eta 'Diario de guerra a dos manos' iaz idatzi eta argitaratu nuen. Baina egia da diozuna: kosta egin zait azken lan hori argitaratzea. Izan ere, barruko ahotsek edo musek “ona da ideia hori eta ekin lanari!” agintzen didatenean jartzen naiz abian.

Noiz hasi zinen idazten? Irakasle izan aurretik edota ondoren?
Ondarretan irakasle nintzen bitartean EUTGn Filologia Hispanica ikasi nuen; han Jesus Maria Lasagabasterrek literatura, estilistika edota literatur kritika irakatsi zizkigun. Literatur sormenaren mekanikan murgildu gintuen ikasleak, eta asko irakurri behar izan genuen, eskuetan arkatza eta papera geneuzkala. Idazketaren birusa txertatu zigun gizonak! Eta geroztik ezin izan dut ihes egin gaitz horretatik; zerbait idazteko gai nintzela sinestarazi nion nire buruari, eta halaxe ekin nion.

'Diario de guerra a dos manos' nobelan, 36ko Gerran elkar ezagutzen duten Fernando eta Maruja dira protagonista...
Huescan egiten dute topo, non frontea luzez egon zen egonkortuta. Hor hasten da biek elkarrekin idazten duten egunerokoa. Hasiera batean, gatazka belikoa soldadu basapiztiaren eta emakume sentiberaren ikuspegitik kontatzea pentsatu nuen, baina ohartu nintzen hortik jota egunerokoak ez zuela gehiegi emango... Beraz, gerra osteraino luzatu nuen kontakizuna, eta halaber, Fernando astakirtenak iraunbizitzeko eta iraganeko maitasunak berreskuratzeko egin behar dituen ibilerak deskribatu nituen. Irakurleek egin dizkidaten komentarioen arabera, nobelaren bigarren eta hirugarren zatiak dira gogokoenak; alegia, baserri giroko egoera originalak, purrustada erotikoak... Egia esan, nahikoa betekada badaukagu Yankilandiatik datozkigun tankeez eta alanbre-hesiez jositako istorioekin, eta horren kontrako erreakziotik badauka zeozer nobelak.

Nola deskribatuko zenituzke bi pertsonaia nagusi horiek?
Emakume kuttuna da Maruja, ideiak oso argi dauzkana, eta ez dena itzuli-mitzulika ibiltzen. Zer esan Fernandori buruz, baina? Nobeletako protagonistak hizpide hartuta, George Lucasek “Nobelaren teoria” liburuan esaten duen bezala, “heroi problematikoa” da. Heroia da ekintza martxan jartzen duelako, eta problematikoa da bere gizarte taldeko elementu batzuekin identifikatzen delako, baina beste batzuekin ez dagoelako ados. Lucasek zehazten duen bezala, ez da bertute atenastarrak biltzen dituen epopeiako Ulises bat, ezta ere tragediako pertsonaia (esate baterako, zeinak injustutzat jotzen zituelako Tebaseko legeak ez errespetatzeagatik urkatzen duten Antigona). Gainera, kontuan hartuta Fernando gertakizunek modu sentigaitzean eramaten dutela arrastaka, esan daiteke pertsonaia existentzialista ere badela. Camusen nobeletan agertzen den pertsonaia: Meursault 'L´etrangere' nobelan, edota Rieux 'La peste'n. Hots, heroi problematiko existentzialista.

Zer nolako kritikak egin dizkizute irakurleek?
Di-da batean irakurri dutela adierazi didate gehienek. Izan dira akats tipografiko, sintaktiko edo ortografikoak aipatu dizkidatenak edota bertan agertzen diren gaztelaniazko zenbait hitzen esanahiaz galdezka etorri zaizkidanak. Baina ia denek, liburuan aipatzen den eguneroko hori fikziozkoa den ala ez galdetu didate. Bada, esan behar dut benetakoa dela, nahiz eta gero pertsonaiak, lekuak eta datak “literaturizatuta” agertu.

Estilo berezia daukazu, elkarrizketak osatzeko orduan batik bat...
Ez, zuzeneko estilo askea darabilt, kontatzailearen eta pertsonaien ahotsak paragrafo berean agertzen dituena. Liburuan ez dituzu topatuko “Halakoak hau esan zuen” eta antzeko artifizioak. Kontatzailea hirugarren pertsonan mintzatzen da, eta ondoren, koma batek pertsonaia bati bidea ematen dio, honek lehenengo pertsonan mintza edo pentsa dezan. Teknika horretara ohituta ez dagoen irakurlea hasieran harritu egin daiteke, baina berehala ohartuko da norena den ahots hori, ahozko tenpoari eta pertsona gramatikalari esker. Nahasgarria gerta daitekeela teknika hori? Agian bai, baina arintasunean irabazten du kontakizunak, eta batik bat, ahalbidetzen du aldi berean ikus ditzazun kontatzailearen eta une horretan ekintzaren erdian diren pertsonaien ikuspuntuak. Bat batean ateratzen zait idazkera hori, baina uler dezaket irakurleren batek liburua alboratzea, irakurketa konplexua dela irudita.

 

---------------------------------------------------------------------------------------

AIURRI HAMABOSKARIA HARPIDEDUNEN ARTEAN BANATZEN DA SOILIK, ETA HAIEI ESKER ATERATZEN DA AURRERA. KORONABIRUSA DELA ETA, EZOHIKO NEURRI NEURRI BEZALA, AIURRIKO EDUKI GUZTIAK IREKIAN UTZIKO DITUGU. BIZTANLE GUZTIEN EGONALDIA ARINAGOA IZATE ALDERA, HORI DA ERREDAKZIO TALDEAK HARTU DUEN ERABAKIA.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!