Ikasle garaian trebatu zen makramean Gabone Iturrarte gazte andoaindarra. Berarentzako bitxiak egiten hasi zen, eta egun, saldu egiten ditu, Kiribil marka sortuta.
Makramezko bitxiak egiten dituzu. Noiz hasi zinen lan horiek egiten?
Betidanik gustatu izan zait eskulanetan aritzea. Umetan ere egiten nituen gauzatxoak makramez; niretzako eskumuturreko txikiak eta antzeko lanak. Aurrerago, Bartzelonan masterra ikasten ari nintzela, makramea egiteko hari bereziak aurkitu nituen, eta nire zaletasuna gehiago garatzeko aukera izan nuen. Bi pisukiderekin batera hasi nintzen, eta, geroz eta gehiago zaletzen joan nintzen. Niretzako bitxiak egiten nituen eta baita lagun eta ezagunentzat ere.
Nola trebatu zinen makramezko bitxigintzan?
Internetez, youtubeko tutorialak jarraituz eman nituen lehen pausoak. Pixkanaka, geroz eta gauza zailagoak egiten hasi nintzen, eta nire zaletasuna ere handitzen joan zen.
Makramea egiteko haria Bartzelonan aurkitu zenuela aipatu duzu. Berezia al da erabiltzen duzun haria?
Berezia da, bai. Kotoizko haria da, baina argizarizko geruza izaten du kanpoaldetik. Korapiloei eusteko baliagarria da argizari hori eta egindako bitxiei gorputz berezia ematen die. Bestelako hariekin, korapiloak irrist egiten du eta egindako lana askatu egiten da.
Zaila al da hari mota hori lortzea?
Hemen ez dut aurkitzen. Bartzelonara joaten naizenean erosten ditut hariak, nahiago dudalako hariaren kolorea bertatik bertara ikusi. Izan ere, internet bidez ere eros daitezke, baina oso zaila da koloreekin bete-betean asmatzea. Koloreak asko aldatzen dira pantailan edo zuzenean ikusita eta niretzat oso garrantzitsua da harien benetako kolorea zein den jakitea. Noizbait erosi izan dut internet bidez, baina ez naiz gustura geratu izan. Horregatik, askoz ere nahiago izaten dut zuzenean dendara joan, eta nire gustuko koloreak aukeratzea. Tarteka, norbaiti eskatu izan diot Bartzelonatik hariren bat ekartzea, baina ez da ohikoena.
Eta garestiak al dira?
Ez, ez dira batere garestiak. Hari-mataza bakoitzak hiru euro pasatxoko kostua du eta metro askotakoak dira. Bitxi asko egin daiteke hari-mataza bakoitzarekin. Gainera, lagunen artean ere askotan trukatzen ditugu, behar ditugun koloreak elkarri eskatuz.
Zaila al da teknika ikastea?
Egia esan, ematen duena baino errazagoa da. Ez da batere zaila oinarrizko teknika ikastea. Korapilo mota bat egiten ikasiz gero, gauza asko egin daiteke. Hortik aurrera, korapilo mota ezberdinak eta haiek erabiltzeko modu ezberdinak ikas ditzakezu, geroz eta gauza gehiago egin ahal izateko. Zuretzako bitxiak egiten hasi zinen, baina marka ere sortu zenuen aurrerago.
Kontaiguzu, nolakoa izan zen prozesu hori?
Gutxi hausnartutako erabakia izan zen. Lagunek behin baino gehiagotan aipatu izan zidaten bitxiak saltzen hasi behar nuela, baina ez nuen pauso hori ematen. Arratsalde batean, aurrera egitea erabaki nuen. Paperezko aho-zapi batean marraztu genuen marka berriaren logotipoa, eta aurrera.
Kiribil da zure marka. Nondik dator izena?
Ikasle garaitan, aspertuta nengoenean, paperean marrazkitxoak egiten hasi, eta kiribilak egiten nituen beti. Oso nirea den zerbait zela iruditzen zitzaidan, eta markaren izena pentsatzen hasi nintzenean, Kiribil jartzea erabaki nuen. Logotipoa ere bide horretatik doa. Andoaingo lagun batek txukundu zuen logotipo hori eta oso eskertuta nago.
Sare sozialen bidez ematen duzu zure lanen berri...
Bai, Instagramen jartzen ditut egindako lanen argazkiak eta handik jasotzen ditut eskaera gehienak. Urte eta erdi daramat honetan, eta oso gustura nago jendeak egin dion harrerarekin. Geroz eta eskaera gehiago dut. Hilabete honetan, esaterako, enkargu asko jaso dut.
Ahoz ahokoak ere izango du bere eragina, noski...
Bai, zalantzarik gabe. Pixkanaka, jendea ari da Kiribil ezagutzen, elkarri esanda. Bitxiren bat ikusi eta gustatu zaielako iritsi dira asko niregana eta oso pozgarria da hori niretzat.
Norberaren gustuko bitxiak egin al ditzakezu?
Bai, egiten ditudan lan guztiak erakusgai jartzen ditut sare sozialetan, eta bezeroak nahi adina molda dezake eskaera. Koloreak, formak, tamainak..., ahal dudan neurrian, pieza bakoitza molda dezaket, norberaren gustuko bitxia egiteko. Batzuetan froga bat baino gehiago egin behar izaten dut nahi dudan emaitza lortzeko, baina normalean ez zait gehiegi kostatzen eskaeratara moldatzea.
Zenbat denbora eskaintzen diozu makrameari?
Bolada batzuetan gehixeago, bestetan gutxiago..., baina egia da oso-oso gustura aritzen naizela. Makramearekin hasten naizenean, konturatu ere egin gabe joaten zaizkit orduak. Musika jarrita aritzen naiz askotan, gustura. Etxetik kanpora egiteko modukoa ere bada makramea eta, udan, hondartzara edo errekara joandakoan, hariak eramaten ditut. Egiten ari naizen piezaren arabera ere asko alda daiteke eskaini behar diodan denbora. Bitxi batzuk oso erraz egiten diren bezala, denbora gehiago eta kontzentrazio handiagoa eskatzen dute beste batzuk.
Zuregana jotzen duten bezeroek garbi izaten al dute nolako bitxia nahi duten?
Orokorrean, bai. Argi izaten dute zein modelo nahi duten eta zein koloretakoa. Badago, hala ere, oso irekia uzten duenik ere. Kasu horietan, nire esku uzten dute zer egin, eta hori ere gustura hartzen dut.
Nondik hartzen dituzu bitxiak egiteko ideiak?
Interneten begiratzea gustatzen zait. Asko ikasten da besteek egindako lanetatik. Ikusitakoak oinarri hartuta, nire erara moldatzen ditut. Nire ukitua ematea gustatzen zait. Eskuartera iristen zaizkidan edo norbaiti ikusten dizkiodan piezetan oinarritzea ere gustatzen zait.
Ba al duzu bereziki gustuko duzun piezaren bat?
Ez da erraza bakar bat aipatzea. Asko gustatzen zait, esaterako, Txilen erositako harritxo batekin egin nuen lepokoa. Antzeko bat eduki nuen aurrez, eta galdu egin nuen. Txilen harri hori aurkitu nuenean, froga egitea erabaki nuen. Nahi nuen emaitza lortu nuenean, sekulako poza eman zidan. Horrelakoetan, behin baino gehiagotan egin eta desegiten ditut lanak, nahi dudan pieza lortu arte. Bitxiak egiten ditut gehienbat, baina bestelakoak ere egiten ditut. Giltzatako asko egin izan dut, adibidez, eta baita gerrikoren bat ere.
Denda fisikoren batean aurki al daitezke zure bitxiak?
Momentuz, Baliarraingo Zartagi jatetxean ditut jarrita. Handik ere eskaera batzuk iristen ari zaizkit azken bolada honetan. Etorkizunera begira, nolanahi ere, ez dut baztertzen denda gehiagotan jartzea edota azokatara joaten hastea ere. Ikasketaz biologoa naiz, baina nire espezialitatean lana aurkitzea ez da erraza. Bitartean, oso gustura ari naiz makramearekin.
Etorkizunari begira, zein da zure asmoa?
Makramearekin jarraitzeko asmoa dut. Makromakrameari heltzeko gogoa ere badut, pieza handiagoak egin ahal izateko; hormetan zintzilikatzeko apaingarriak, lorontziak jartzekoak, eta abar.
---------------------------------------------------------------------------------------
AIURRI HAMABOSKARIA HARPIDEDUNEN ARTEAN BANATZEN DA SOILIK, ETA HAIEI ESKER ATERATZEN DA AURRERA. KORONABIRUSA DELA ETA, EZOHIKO NEURRI NEURRI BEZALA, AIURRIKO EDUKI GUZTIAK IREKIAN UTZIKO DITUGU. BIZTANLE GUZTIEN EGONALDIA ARINAGOA IZATE ALDERA, HORI DA ERREDAKZIO TALDEAK HARTU DUEN ERABAKIA.