Me llena de orgullo y satisfacción

Xabier Lasa 2020ko mar. 18a, 20:23

Felipe Borboiak gaur Espainiako telebista eta irratien aurrean egingo duen agerraldi historikoan adieraziko duenaren aurrerapena egiteko moduan gara, esklusiban.

Estatuko aparatuen estolda zikinetan oraindik ere mikrofonoak ipinita dauzkan Jose Manuel Villarejoren arrastoa segi behar izan da horretarako. Izan ere, komisario ohiak zabaldutako Corinavirusaren genetika deszifratu berri duen zientzialari batek eskaini du Felipe Borboiaren diskurtsoaren edukia.

Baina deskubrimendu hori argitu aurretik, Villarejo zein den ez dakienarentzat, horra soslai txikia (bide batez, eta bere eskutik, Espainiaren aro demokratikoa pittin bat erretratatu dezakegu): Francoren morroi gisa hasi zuen bere ibilbide publikoa gizonak, polizia-komisario gisa Gipuzkoan jardunez eta diktadura batean polizia batek egiten duena eginez, hots, jendea arrazoirik gabe atxilotuz, torturatuz... Trantsizio politiko “eredugarriak” demokrazia ekarri zigunez geroztik, agintari berriek gizona gorazko bidean jarri zuten Polizia-gorputzaren eskalafoian, Polizia Merituaren Gurutzea emateaz gain. Estatu aparatuetan hartu zuen pribilegiozko posizioaz baliatuz, kasu egin zion Felipe Gonzalezen garaiko Solchaga ekonomia-ministroaren aholku-gonbidapenari (“España es el país donde más fácil es hacerse rico”), eta milioiak eta milioiak pilatzen joan zen sozietate higiezinen negozioen eskutik, eta aldi berean, estatu sekretuak eskuratzeko espioitza-sarea antolatu zuen.

Baina itzul gaitezen esklusibara, bazterrak nahasten segi gabe. Felipe Borboiak, mundu osoaren ez ezik unibertsoaren joana ere aldaraziko duen bere agerpenean, ekingo dio aitortuz barreari ezin eutsirik dabilela egun osoan zehar, irakurri duenetik Gorteko bere aholkulari taldeak idatzi dion agiria. Lehenbiziko parrafotik hasita, lehertzeko zorian jarri diola. Izan ere, derrigortu dute beti-beti irakurri behar izan duen adierazpen solemne-tipiko-topiko horietako bat errepikatu dezan, kezkatuaren plantak eginez: hots, Koronabirusa dela eta Borboien familia oso-oso triste eta atsekabetuta dagoela, baina berari zentzumenak eskatzen diola lasaitasun eta itxaropen mezua zabaltzea. Argia ikusten omen duelako tunelaren amaieran, eta erabat sinetsita dagoelako Espainiako herritarrak eskuzabaltasunez, elkartasunez, batasunez eta erantzukizunez jokatzen ari direla, historian zehar egin izan duten bezalatsu Espainia bakar, garaiezin eta hautsiezinak bere horretan jarrai dezan mendez mende.

Baina Felipe aitormenaren eta zintzotasunaren birusak jota, behingoz aitortuko du Borboitarren familia arbaso-arbasoetatik hasita, beti izan dela alferra, ustela, gerren eta giza eskubideen urraketen eragilea, baina aldi berean, beti izan dela ezin bizkorragoa jakin izan duelako lurtar guztien gaineko boterearen urrezko aulkiari eusten mendeetan zehar (hots, Jainkoak eskainitako ustezko eskubide zerutiar bati esker, eta ez bere kideen balio gizatiarrei eta adimen intelektualari esker).

Adieraziko du lotsa sentitzen duela familiaren historia antidemokratiko horrengatik, eta behingoz, uko egingo diela jaso dituen pribilegio historiko guztiei.

Zehazki, uko egingo diola bere aita emeritoak emana dion oinordekotzari. Uko, estatu-posizio pribilegiatuaz baliatuz aitak hamarkadetan poltsikoratu duen dirutza guztiari. Alde horretatik, familiak pilatutako milioiak, milioiak eta milioiak koronabirusari aurre egiteko abian diren ekimenetara bideratuko ditu, eta baita ere, 2008ko krisi finantzieroaren aitzakian eroste ahalmenean %20an pobretzen joan den herritarren esku utziko duela, premiarik gorrienean diren familien esku batik bat.

Eta uko egingo diola, erregetzari berari. Eta beraz, estatuko gobernuaren esku utziko duela Estatu Buruzagitza, horrela bidea emanez Espainiako gizarteari 80 eta piko urtez ukatu zaion eskubideari. Gizarteak erreferendumean demokratikoki erabaki dezan zer nahi duen, hots, familia dinastiko baten gidaritza peko monarkiarekin jarraitu nahi duen orain arte bezala, ala, III. Errepublika nahi duen. Eta halaber, estaturik gabeko nazioei ere eskubidea emanez erabaki dezaten aurreko bi aukera horietako bat nahi duten, ala, I. Errepublika nahi duten erabat ahaldunduta bizitzeko etorkizunean.

Felipe Borboiak, agerraldian zehar, aitortuko du bere familiak, XVIII. mendeaz geroztik bidegabeki eta herriaren nahiaren kontra agindu duela Espainiako estatuan, eta besteak beste, historian honanzko bidea eginez, Francoren diktaduraren konplizea izan zela. Are gehiago, bere aitak, 36ko mugimendu faxistaren printzipioei zin egin ziela eta Franco diktadoreak bere oinordeko izan zezan izendatu zuela. Alde horretatik, eta aitaren izenean, barkazioa eskatuko die diktadurak eragindako biktima guztiei, 36ko matxinada militarraren ondorioz eragindakoei, eta baita, gero hurrengo hamarkadetan eragindako guztiei (desagerraraziak, kartzelatuak, esklabu gisa behartuak, torturatuak, exiliora behartuak...). Gainera, bera aita eta biak Estatu-buru izan diren -edo diren- aldetik, prest agertuko dira “egia, justizia eta aitortza” printzipioan benetan sinestuko duen Justiziaren agindutara jartzeko (biktimak ez daitezen Argentinako epaitegietara joan, orain arte bezala), eta era horretan, biek epaile baten aurrean deklaratu dezaten eta depuratuak izan daitezen euren erantzukizunak, frankismoaren krimen eta ondorengo urtetako giza eskubideen urraketen konplize izan diren heinean.

Diskurtsoaren bukaera aldera, Felipe Borboiak hitz emango du, gaurtik aurrera eta krisia amaitzen den arte, ilunabarrero, 20:00etan, bere familiako kide guzti-guztiak Zarzuelako balkoietara irtengo direla, txalo zartadak jotzek asmoz. Baina ez eskerrak emateko osasun krisiaren aurka gogotik ari diren osasungintzako langileei edo eta etxetik atera gabe zintzo-zintzo agindutakoa betetzen ari den gizarte osoari. Baizik eta, bihotzez eskerrak emateko 1978eko trantsizio politikoan “bi bandoak adiskidetzearen” izenean monarkiari -eta horrekin “egia, justizia eta aitortzaren” printzipioari- men egin zion klase politikoari, estatu aparatu frankista guztiei (judiziala, poliziala, administratiboa, ejertzitoa...), kazetaritzari, sektore ekonomiko boteretsuei eta gainerako botere faktikoei, zergatik eta, lau hamarkada pasatxoetan, Estatu espainiarrean monarkiaren inguruan aplikatu-inposatu duten kordoi sanitarioagatik eta ipurdi milizkatze kolektiboagatik. Hauspotu izanagatik jatorriz antidemokratiko, anakroniko eta parasitarioa den instituzio bat. Basallo edo mendekoari dagokion moduan antzeztu izanagatik monarkia jator eta herrikoiaren fartsa.

Felipek amaituko du deia eginez bere familiak ia 45 urtez bidelagun izan dituen sektore ahaltsu horiei, morroinkeriaren konplejua gainetik ken dezaten eta uler dezaten Franco apenas ezagutu zuten belaunaldi berriei ezin zaiela amnesiaren eta tutelajearen legea aplikatzen segi, ezta inmunitatearen eta inpunitatearen ideiak saldu ere, egungo gizartea heldua dela bere kasa erabaki dezan zer nahi duen izan zer ez; alde horretatik, segitzeko moduko adibidetzat jo du gaur bertan jakin ahal izan duen albistetxoa, alegia Gasteizko Udalak erabaki omen duela bere aitari dedikatutako kalearen izena aldatzea, eta haren ordez emakume batena jartzea. Eta herritarrak berriz, animatuko ditu ez dezaten etsi eta jarrai dezaten berdintasunaren eta justizia sozialaren aldeko aldarriekin, gaur gaueko eltze-jotzearekin egingo duten eran.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!