Teleirudimena etxetik etxera

Gola!

Garazi Kamio 2020ko mar. 18a, 20:12

Ane Jalon

Lau egun daramatzagu etxean eta haserretu egin zaigu (oainebadeu!). Goiz ala berandu gertatu behar zuen eta gertatu da. Sabrinari goizean adierazi diogu gaurko gaia adostu dugula eta zein izan den jakitean, galdera hotz-hotzean bota digu: horietako bat ni al nintzen? Erantzuna esango dizuegu eta zertarako engaina, guk ere ez dugu oso abegikor jokatu berarekin: ez! Orduz gero ez dugu bere berri izan. Dirudienez, eten da lotzen gintuen haria baina ziur gaude berriz ere egingo diogula korapiloa hari horri. Utzi gure kontu.

Ez dugu gure burua oso idolozaletzat, ez behintzat heldu izatea tokatu zitzaigunetik honako bidean. Hala ere, inork Sharleen Spiteri (Ai, ze desastre azken aldian Egunean Behinen!) ezagutzen badu, etxealdi hau (hitza nik asmatu dut, beste behin) amaitzen denean, akordatu dadila gurekin, mesedez.

Beraz, badakizue zergatik haserretu zaigun Sabrina oraingoan. Bada ez, ez genuen sekula idolo moduan izan. Beste garai batzuk ziren eta aizue, orduan ez zitzaizkigun bere apandaun-ak gehiegi axola, benetan gogoko genituenak gure boys, boys, boys-ak baitziren. Pasako zaio haserrealdia, badakigu.

Goizean burura etorri zait aspaldi, oso aspalditik oraingo memoriara ekarri gabe neukan irudi bat. Lau urte izango nituen, gehienez bost eta oroitzen dut zapatilla batzuk nituela soinean. Ilunak ziren, beltzak edo urdin ilunak eta lokarri fin batzuk zituzten lotu ahal izateko. Nire adinarekin oraindik psikomotrizitate fina ez daukat oso garatua eta pentsa nolakoa izango zen lau urte eder nituenean; ez nekien lokarririk lotzen. Oso gogoan dut amona zena makurrarazi nuela lokarriak lotu zitzan. Hau gutxi balitz, Tourreko etaparik gogorrenean errepide bazterrean ari diren jarraitzaileak bezala hasi nintzaion: azkarrago, azkarrago! Eta hau guztia zertarako? Bada, garai hartan nuen idoloetako bat ikusteko. Nik, garai hartan bi gauza izatearekin amesten bainuen. Zer zen jakin nahi? Hementxe bideoa: KLIK HEMEN

Eva Nasarre, bai jauna! Youtube gabe hazi ginenok aspaldi ikasi genuen telebista aurrean ariketa fisiko txikia egiten eta halako egunetan burura etortzen zaigu neska hura eta baita bere galtzerdi koloretsuak ere. Aizue, hogeita hamapiku urte atzera egin eta berarekin batera mugitzeko aukera duzue hau. Total, zer egin behar duzue zubian?

 Nasarre bezalakoa nahi izateaz gain, Alaskaren azazkalak eta ilea nahi nituen (ez nintzen gutxirekin konformatzekoa) eta azkenik, ukabila jaso nahi nuen, nork bezala? Bada, Jesus Mari Zamorak bezala. Realeko 10 zenbakidun hura izan nahi nuen. Donostiatik ikusten dudan bakoitzean hazkura etortzen zait bihotz barrura, txikitako idolo hura ikusi ahal izatea ez baita marka makala. Beraz, nire ametsa Nasarreren galtzerdiekin, Alaskaren azazkal zein ilearekin eta Zamoraren abileziarekin, futbolari izatea zen.

Esan beharrik ez dago ametsetik esnatu nintzela, adinean goiz samar, gainera. Hala ere, hamaika dira esaterako, Zamora izatearekin amestu zuten haurrak. Batzuk baloitik letretara egin genuen jauzi eta beste batzuk, esaterako, ikastolako zuzendari bilakatu ziren.

Idazten ari naizen bitartean, argazkilariak noizean behin telefonoari erreparatzen dio. Ez dugu Sabrinaren berririk. Baina bueltatuko dela, laasaaii!!

Argazkilariak izan zuen haurra zen garaian idolo bat: Rafaella Carrá. Burua gora eta behera (apandaun!) mugitzen zuen honek ere, explotaexplotamexplooo!, baina benetan, bene-benetan argazkilariak hauxe izan nahi zuen handitan: astronauta. Gaur esan dit astronautaren eskafandra eta kaskoa jantzi eta alde egingo lukeela espaziora, han lasai egongo litzatekela, inongo emozio zein albiste txarrik jaso gabe.

Idoloak izatea amesteko eta ihes egiteko bide bat da. Hankak lurrari iltzatuta jarrita, egunero arratsaldeko zortzietan eskaintzen dugun txalo zaparradaren hezur-haragizko arrazoiak etortzen zaizkit burura. Edo gaur goizean Espainiar estatuko kongresuko oholtza garbitzen ibili den emakumea.

Nik ere zuek bezain ausarta izan nahiko nuke eta egunero zuek adina gol eder sartu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!