Ezustea etorri da bapatean. Honuntz begira zegoen herrikidea topatu dut, parez pare. Elkarri begira gaude, kamara eta kataloxa tarteko.
Ezkutatzea erabaki dut.
Orduak igarota, ezusteko begirada trukaketa horri esker bizirik nagoela konturatu naiz.
HAU DA ENE ONDASUN GUZIA
Hau da ene etxea, hau da
ene aulkia, hau da ene ohea,
hau da ene ondasun guzia.
Bakardade eta isiltasun
hau da ene jabego bakarra.
Mila jostorratz herdoildu aldean,
leihorik gabeko begirada,
zafrada garratz bat bihotzean,
hauxe da nik dudan guzia:
hilda nagoela esan dezaket?
Amagandik irten nintzen bezala
irtengo naiz endredo honetatik.
Aterik zabaldu ezin eta
—ba ote da hilobi estuagorik?—
funtzionarioen begi kliskak
mirillan igartzean ohartzen naiz
bizirik nagoela.