Ogia, kiwi, arrautzak

Maddi Trutxuelo & Joni Ubeda 2020ko mar. 20a, 21:00

Erosketak egiteko eskubidea dugula baliatuta, kalera ateratzeko jantzi naiz. Ukondoarekin bebarruko argia piztu eta beste ukondoarekin eskaileretara naraman atea zabaldu dut.

Eskuekin begiak igurtzi orduko “Kaka!” hitza etorri zait burura. “Ditxosozko birusa begietatik sartuko zaizu horrela!”, nire beste nia oihuka daukat. Eskilarak jaisten hasi eta askatasunarekin identifika dezakedan pentsamendua izan dut bertan, betiko bilakatzen ari zaidan etxe-zelda horretatik kanpo. Ezin dugu kalean libre ibili, eta ezintasun horri eskailaran egin diot aurre. Batzuk askatasunaren oihua Twitter bidez zabaltzen dute. Neronek eskailara hotz batzuetan. Ukondoarekin bigarren aldiz piztu dut argia. Ezkerreko poltsikoan erosketa zerrenda daukat: Ogia, kiwi, arrautzak. Bueltan, Udaltzaingoarekin zer gerta, erosketa-agiria ere bertan sartuko dut.

 

ESPERIMENTU
PRESENTZIALA
ESKAILERETAN

Ez dakit nor den, baina norbaitek

denbora bat kalkulatu dit hemen.

Eskaileretako argiari sakatu eta

bertan gelditu naiz ikustera

noiz suposatzen nauten kanpoan,

noiz behar nukeen beste inon, agian

beste inorekin, edo behintzat ez hemen:

bakarrik, geldi, isilik. Ezertan ez.

Bataz besteko presentzia bat dut

munduaren leku zehatz honetan,

eta nire ausazko existentziaren

denbora agortzea erabaki dut gaur,

beste inori eszedenterik utzi gabe.

Norentzat dira nire segundoak

ni ez nagoenean? Ordezkatzen al naute?

Bigarrenez sakatu diot argiari, geldi,

ezin asmatuz zer beste unerengatik

sakrifikatu behar nukeen une hau,

zer beste lekutan pentsatu nauten,

eta zer beste bizitza amestu didaten.

 

Baita hondakinak ere, Iñigo Astiz (2012, poesia)

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!