Familia enpresa da Ormaki, 1987an sortutakoa. Geroztik nork darama urdaitegiaren martxa?
Ni gutxi egoten naiz hemen. Bi anaiak daude orain, Aitor eta Asier. Beren aita hasi zen eta orain beraiek geratzen dira. Bigarren belaunaldia dira. Geroztik, nola aldatu da lan egiteko modua? Asko aldatu da. Obra egin behar izan zen osasun sailak aginduta guztia egunean jartzeko. Aurretik ezagutu nuen eta oso ezberdina zen. Hemen ateak irekita egiten zen lan, katuak ere sartzen ziren. Orain oso ezberdina da, noski.
Bezeroen ohiturak aldatu al dira?
Ez pentsa. Harategi txikiak dira gure berezoak eta ez dira horrenbeste aldatu. Gure lana egin ahal izateko, jendeak denda txikietan erosten jarrai dezan beharrezkoa dugu. Azkenean, denda txikietako banatzaileak gara, eta egun, egitura handietara jotzen dute erosleek batik bat. Horrek guri ere kalte egiten digu.
Txerrikien ekoizpenean oinarritzen zarete. Zuek hazten al dituzue txerriak?
Ez. Gure hornitzaileek guk aukeratutako haragia bidaltzen digute, guk nahi dugun moduan zatituta. Hornitzaile garrantzituena Kataluniakoa da.
Zein da zuen produktu izarra?
Txistorra. Urte osoan saltzen da, ez bakarrik San Tomas egunean. Askok, eta baita nik ere, ia-ia San Tomas egunean bakarrik jaten dugu txistorra, baina beste askok urte osoan zehar jaten du. Guk urte osoan egiten dugu txistorra. Dudarik gabe, egun berezi horietan gehiago saltzen da txistorra. Elaboratutako jakiak ere saltzen dituzue, esaterako, odolkiak. Bai, odolkia asko saltzen dugu, baita beste produktu asko ere, hala nola txorizoak, solomoa, saltxitxak, mondejuak... Jendearen eskaerak betetzen saiatzen gara. Zein harategitan eros daitezke zuen produktuak? Gipuzkoa osoko harategietara egiten dugu banaketa. Hiru banatzaile ditugu. Autosalmenta egiten dugu, hau da, harakinarengana joaten gara eta zer behar duen galdetzen diogu. Batek hiru txistorra eskatzen ditu eta besteak bost kilo. Edozein formatutan saltzen dugu.
Salmenta zuzena eskaintzen al duzue?
Ez. San Tomas egunaren bueltan beti etortzen da baten bat, baina ez da ohikoena. Denda txikietara zuzentzen gara. Bestalde, Bartzelonan eta Madrilen ere baditugu bezero txiki batzuk, eta haiei garraio hotzean bidaltzen dizkiegu beraien eskariak.
Webgunean azpimarratzen duzue lehengai naturalak erabiltzen dituzuela. Hori al da zuen indargunea?
Lehengai naturalak lortzeko bidea zailtzen ari bada ere, haiekin egiten dugu lan. Lehengai naturalak, onak. Eta ez bakarrik haragia, piper hautsa eta gainerako lehengaiak ere bai. Ondoren, kalera joan eta prezioetan ezberdintasun handia dago, eta horren atzean dagoen arrazoia lehengaiak dira. Lehengai onak mantentzen badituzu, prezioa igo egiten da. Gure produktuen berri jakin nahi duenak www.ormaki.eus webgunean aurkituko ditu. Bertan ageri da gurekin harremanetan jartzeko bidea ere.
---------------------------------------------------------------------------------------
AIURRI HAMABOSKARIA HARPIDEDUNEN ARTEAN BANATZEN DA SOILIK, ETA HAIEI ESKER ATERATZEN DA AURRERA. KORONABIRUSA DELA ETA, EZOHIKO NEURRI NEURRI BEZALA, AIURRIKO EDUKI GUZTIAK IREKIAN UTZIKO DITUGU. BIZTANLE GUZTIEN EGONALDIA ARINAGOA IZATE ALDERA, HORI DA ERREDAKZIO TALDEAK HARTU DUEN ERABAKIA.