Buruan ondo masiatu genuen ideia ederra zen: autobus berdea hartu eta Inquitexeko bihurgunean, gidaria bahitu eta aireportura joatea zen gure helburua. Dena Sabrinarekin egoteagatik. Horretarako… Tira, ez dizuegu besterik kontatuko: A) Guztia ez delako kontatu behar eta B) Ideia geurea delako eta auskalo, garaiak nola dauden ikusita, zuek ere ideia kopiatu dezakezuelako.
Autobusa ikusi genuen. Han hurbildu zen, Txitibarko biribilgunetik (rotonda, Andoainen) zetorren argiak piztuta, pelikuletako espaziontziak bezala. Elkarri begiratu, konzentrazio mailarik gorena harrapatu eta mindfulness-eko irakasleek adinako meditazio gaitasunaren bila hasi ginenean, elkarri berriz begiratu eta kaka egin genuen gainean. Autobus gidariak atea ireki zuen, buruarekin sartzeko esan zigun eta guk, elkarrekin ez eta ez erantzun genion. Egia esango dizuegu: ez dugu gure fama zikindu nahi; hemen zikintzea erraza baita eta garbitzea kosta egiten da.
Etxera itzuli ginen iheslari txatxuok. Etxe atarira iritsitakoan etorri zitzaigun burura jada ahaztuta genuena: beste bi ahizpa horiek etxean genituela.
Gaizki egin dugu, badakigu. Castigodedios. Orain ez dute hemendik mugitu nahi, Madrilera joateko asmorik ez omen dute. Madrilgo egoera zein den ikusita eta besteon kontura ere ederki bizi dela jakinda, etxean geratu zaizkigu. Lerro hauek baliatu nahiko genituzke gure etxeko panorama kontatzeko: eguerdira arte ohean egoten dira eta Ana Rosa Quintana eta Sálvame besterik ez dute ikusten. Hori bai, jan eta jan uneoro.
Aiurrin Aide Jauregiren bideoa ere ikusi dute eta qué majo moduan deskribatu duten mutilarentzat galdera luzatu dute: Coca-Cola dastaketarik egingo ote duen. Atzo etxeko hozkailua hustu ondoren, Coca-Cola eskean etorri zaizkigu. Coca-Cola eta txurroak. Eta etxean, ez bat ez bestea. Supermerkatura joateko gonbita luzatu diegu eta ezetz! Famosísimas omen dira eta jendeak ezagutuko lituzkela, autografoak eta muxuak tartean egongo liratekela eta horrek etxe zuloan sartu gaituen gaitza areagotuko lukeela.
Kaka. Supermerkatura joan behar. Argazkilaria Zumea plazaren perimetroa neurtzen ibili da, supermerkatura sartzeko ilaran. Tarteka marteka, balkoian denbora pasan zebilen jendearekin hitz egin du eta baita kalean zebiltzan gizon eta emakumeak behatu.
Argazkilariaren ustez, lagun bat baino gehiago argi eta garbi paseatzen ibili da kalean. Guk badakigu zergatik den: korri, punpa, ttak! Hauek Kilometroak-era joateko entrenatzen ari dira! Ez dugu irakasleon sermoirik botako, eurek jakingo dute zertan ari diren. Gainera, artxiboari hauts pixka bat gehiago kendu eta gaurko perla aurkitu dugu. Honek ere buruan bueltak eta bueltak ematen ditu entzun eta gero. KLIK HEMEN eta hasi kantari.
Paseatzen dabiltzanak ez ditugu gorroto. Gaizki erortzen zaigun jendea erortzen utzi baino, jasotzen hasi gara. Ez dugu arrangurarik, horretarako ez daukagu denborarik gure agenda estu honetan. Abestiko urriaren 7a iritsiko da, eta aurretik, zorte apur batekin, etxeko ateak irekiko dizkigun udaberria.