“Gaixorik nago? Eta zer egingo dut, etxean jarraitu. Ez naute artatuko, gaztea naiz estatistikentzat”, burmuinak hiltegi usaina dauka.
“Udaberrian ditudan ohiko sintomak dira? Bai, ezta?”, heldulekuren bat bilatu nahi nuen lokatz artean.
Banoa ohera, kolorerik ez diot dagoeneko antzemaren enborrari adarrari hostoari loreari.
Munduaren lorea
Munduaren lorea ximeltzen ari da
hostoz hosto
petaloz petalo,
udaberri jantzia galdu eta
negu gorriak biluztu dio arima,
hotzikarez bete unaturiko ornoak:
Poetaren garaia finitu da,
mundua mugierazten duen taupada bihozkabetu da
ezustez,
itsaso bat
isuri da zigorrez betea
kupidagabe,
hobenduriaren begi izutuetan,
zirt-zart ankerrez
sakailatu ditu onuste soroak otoz.
Munduaren loreari
izain batek xurgatu dio klorofila,
hiltzear dago elikatu zuen abestia,
hutsartea larrosaz beteko balitz ere
eihartuta dago lorategien eihera,
ehortzia buztin betikorrez.