Une batez ere ez ezazue pentsatu komunaren zentimetro erdia ere garbitu genuenik. Euren pianista hatz horiekin garbitu zuten zikindutako guztia. Garai bateko nerabeak baino okerrago hasi zitzaizkigun oilalokak bezala intzirika, honekbueltaeukikou edo amaenteatzeanianikusikozue bezalako esaldiak oihuka askatzen.
Amaren etxean Filipinetatik etorritako langileak dituzte eta ez omen daude ohituta etxean lan egitera. Egon, hori egiten omen zuten amaren etxean, besteak dantzan jartzen zituzten bitartean. Gure etxe xume eta txiki honetan, aldiz, lana partekatzea tokatu zaie. Jakingo duzue zein izan zen eman genien lana: zaborra kontenedorera botatzea. Kasik modu magikoan betetzen den plastikoaren ontzia hustu behar zuten, ez pentsa organikoa botatzera bultzatu genituenik! Bistakoa denez, gaizki atera zitzaigun agindutakoa eta zaborra etxean bueltan izateaz gain, bi konpresek hegan egin zuten eta HIRU ORDUZ gure ahizpa maiteek jasan zuten bidegabekeriaren inguruko simposiuma entzun behar izan genuen. Bota ez zuten zaborra edukiontzi horian dago gaur eguerditik; guk bota dugu, nola ez.
Aitortu beharra daukagu gaur goizean astelehen izugarriarekin joan garela lanera eta logurak ia jan bagaitu ere, eguerdira arte lasai ibili garela testuak osatzen, deiei erantzuten eta e-mailak idazten. Oraindik orain erantzi ez duten pijama soinean zutela agertu dira sukaldera, hamabiak jota eta Koka-Kola bat gosaldu ostean, gose zirela esan digute. Eta ez dakigu nondik eta nola, inspirazioak garunaren erdian jo die eta bazkaria eurek prestatuko zutela adierazi dute. Quéalegríaquéalboroto… Ilusioz gainezka jarraitu dugu lanean, bazkaltzeko garaian mahaiaren bueltan eseri garen arte.
Esan dezadan zergatik: urtarrileko greba orokorraren bezperan, ohetik gaizki jaiki eta etxean geratu nintzen, lanera joan gabe. Eguerdi partean, argazkilariak medikuarengana eraman ninduen. Esango dizuet zer neukan: eztula, sukarra eta arnasa hartzeko zailtasuna. Gaur bizi dugun garaiari aurreratu nintzaiola esango diet iloba-bilobei, beste inork baino lehen pasa nuela lerro hauetan idatziko ez dugun zerako zera hori. Edo bestela, zerako zera hau pasatzeko entrenamendua egin nuela.
Txinan egon nintzen galdetu zidan medikuak eta aizue, sukar artean igeri, grazia egin zidan. Ez zen birus monarkikoa izan, neumonia bat nirekin maitemindu eta ia 3 astez etxean egotera behartu ninduen, kietoparau. 3 aste horietan yogurrak eta zopa besterik ez nituen jan eta gaur, bazkalorduan Prousten madalenen kontua etorri zait niri: zopa prestatu digute bazkaltzeko eta nik ezin. Duela ia hiru hilabeteko konfinamendu hura etorri zait burura eta zopak nazka eman dit. Prousten madalena lehor eta kadukatua etorri zaidala, alegia. Otsailaren hasieran Ana Rosa Quintanaren konpainian pasatzen nituen orduak. Ez dakit zer zer okerragoa, emakume hura edo etxeko oilaloka parea.
Disgustu ederra hartu dute ahizpek gosea moztu zaidala esan diedanean. Baina trukean Koka-kolak ekarriko dizkiedala esan diet eta baita aurrerantzean (guztion onerako) otorduak neronek prestatuko ditudala. Ilusioa egin die, zer nahi duzue esatea. Argazkilariak, negozio kontuetan ni baino iaioagoa denak, proposamen bat egin die: guk jaten eta edaten emango diegu eta trukean (primiziya!) Sabrinaren kontzertua Andoainera ekartzeko kontaktuak egiten jarriko dira. Baietz esan dute, beraz… Biharko prestatuko dugu REPERTOYUA!