Otorduak prestatzen ditugu, Prousten madalenen ezin kabitua gogora ekarri gabe eta dendako madalena fisikoak aipatu ere egin gabe badaezpada. Jakina da, bestela, bi oilaloka hauen urdaila euskaldunok hausnarketa prozesuak egiteko gaitasuna baino handiagoa dela eta madalenak jaten hasiko balira, lasbellaseaso berriak izango liratekeela.
Amarekin hizketan aritu dira gaur, con mamá. Laurok bizi garen eraikinak adinako metro koadroak dituen Madrilgo bere etxebizitzan dago bera, matriarka, gure Miren Terese. Oraindik ez dugu berarekin hitz egiteko paradarik izan baina lasai, Buruntza aldetik Ainhoa Aiertzak ere entzungo zituen eta ama-alaben arteko hizketaldi, liskar, beroaldi eta letxetxar guztiak. Hau antzerkia gaur eguerdikoa! Gaztelania kastizoa eta andaluziarra bost segundoz behin aldatzen zuten ahizpek amari erregutu diote ez dadila euren bila Andoainera etorri, ederki daudela hemen. Amak, Virgen de Regla eta Virgen de la Macarena behin eta berriz errepikatu ostean, oraingoz Madrildik atera ezinda dabilela esan die eta hemen geratu beharko dutela. Hiru segundoz arnasa hartu dugu, Miren Terese Zelairen handitasunarentzat ez baitago gure etxean lekurik. Baina bai, lasai, gerora egin dugu beste hausnarketa prozesua (euskaldunok hain ondo egiten dugun hori): beste X egunez (ez gara ausartzen esatera gure satorzuloko oporraldi hau zenbat luzatuko den denboran) eduki beharko ditugula etxean, pasilloan aurrera eta atzera, koka-kola gora eta txurroak behera (madalenarik ez), etxe honetan normalean daukagun lasaitasunari ostikoa jotzen.
Hala ere, primiziya daukagu. Euren logelako atean belarria pega-pega eginda genuela, sabeleko tximeletak dantzan jarri dizkigun izena entzun dugu (tira, bazkaltzeko garaia bazen, baita ere): Paolo.
Paolo, ze polita… Italiako izen ederra benetan. Poz-pozik gaude ondo baitakigu Paolo, Vasile abizenaren aurretik datorren izena dela. Eta Paolo Vasile, espainiar estatuan Mediaset etxeak duen estamenturik altuena da. Eta zer? Bada, argi dagoela: Miren Terese Zelai - Telebost (axola) – Mediaset – Vasile – Paolo izen italiarra da – Italia – Salerno – Sabrina. Toma!
Sálvame ikusten ari ziren bitartean, koaderno bat hartu eta hortxe idatzi dugu: Errepertoyua. Lehenego kanta idatzi dugu. Jakin nahi al duzue zein izan den? Hementxe azalpena:
Guretzat oso garrantzitsua da Boys-boys-boys hari buelta bat ematea (bai, zuk ere esan duzu ailukiforragutai) eta duela hogeita hamar urtetik gorako pasadizoa horretan uztea, pasadizo ziztrin batean. Gure oilaloka horien laguntzarekin, boys-boys-boys-a (ea, esan ezazu berriz: ailukiforragutai) euskaldunduko dugu. Ez, ez gara motel-motel-motel (earkipasakoiau) batez ari. Gure kulturako abesti bat nazioarte mailara eraman nahi dugu Sabrina handiarekin batera. Euskal poeta handienen forma literario zabalenak hartuko ditugu gure neska motzak ozen mundura dezan: kalian gora kalian behera.
Ez al da gauza bera? Boys, boys, boys eta kalian gora, kalian behera… Pentsa ezazue gaiaz lokartu aurretik.
Beste behin eta gaurko jardunarekin amaitzeko (beste bi hauek protagonismo bila hasi zaizkigu), Aiurriko plaza hau baliatu nahiko genuke Zumea-Etxeberrieta aldean (eta gainontzeko auzo eta herrietan ere, prezio beragatik doa esaldia) iluntzeko zortziak aldera musika jartzen duen horri esateko mesedez, kalian gora-kalian behera jar dezala guztiok leiho-balkoietan dantzatu dezagun. Aurtengo udako kantaren lehenengo kimuak dira, ojo al kristo!