Ez gara gor bihurtu baina belarriak eta entzumena ondo gotortuta dauzkagu. Belarrietako tapoiak jarri ditugu eta gainetik musika entzuteko kaskoak. Jasangaitza zaigu bi doña hauen festa. Eskerrak gero, konturatu gabe izan bada ere, aldi baterako lasaitu ditugun. Hala ere, oraindik belarri-entzumen-garunerako babesa soinean daukagu ederra baita lasaitasun artifizial honetan bizitzea.
Asmatuko zenuten zergatik jarri dugun etxean egindako babes txiki hori: ez dira isiltzen. Hau ez da berria, badakigu; baina ohiko hitz jarioari abesti berri baten letra errepikakorra gehitu diete: kalian gora-kalian behera zer den ikasi dute. Sokorro, horixe. Pasilloan aurrera eta atzera, koka-kola gora eta txurroak behera, euskaldunok garunean lanean izango dugun azken neuronan gordeta izango dugun kanta errepikatzen dute. Earra inbentua, diote. Eva Nasarrerekin baino mugimendu gehiago egiten omen dituzte eta oraingoz (eta eskerrak) alde batera utziko omen dituzte gure egongelan egitekotan zebiltzan zumba saioak (noizbait egingo dituzten ere ikusteke dago).
Ez dakigu umoreak, euskaldun jendea kontsolatzeko balioko ote duen baina badirudi hauek alaitu dituela baina agian dosia gehiegizkoa izan da oraingo honetan. Segituan etorri dira kalian goratik aldapa beherara.
Tristetu ditugu, ez pentsa. Gure gogoz kontra joan da tristetzearena, ez baitugu intentziorik txikiena ere sortu gure neskatoen deserosotasuna sortzeko. Lasai, hementxe dator gertatu denaren kontakizuna:
Kalian gora-kalian behera ari zirela eta euren besazpiko izerdia gure usaimenaren gaitasun harrapakarietan erori den unean, ahizpek begiratu eta izerdi patsetan zeudela, galdetu didate: zein da zure kantarik gogokoena?
Garrasika bota behar izan dute galdera, guk homemade babesarekin ez genuen zipitzik entzuten eta. Galderaz ohartuta, erantzuna berehala askatu diet: The Cranberries taldearen Dreams kanta. Ez omen zuten ezagutzen. Badakigu zuengan ere ez dut ezagutzen, a, bai (bere aldaera guztiekin doa a bai hori), ez naiz gogoratzen edo gazteegia naiz zaharron kantetarako bezalako erantzunak sortu ahal izan direla. Berdin dio, jar diezaiogun youtuben beste ikustaldi batzuk abesti polit honi. Egin klik HEMEN (agindua da).
Oso polita da, kito, ez dago balio duen beste iritzirik.
Kontua da kanta zergatik atsegin dudan galdetu didatela. Serio begiratu diet, zergatia azaldu nahian: oso gaztea nintzela Irlandan izan nintzen hainbat uda pasatzen. Lehenengo aldi hura, artean 15 urte bete gabe nituela, luze eta aldapatsua egin zitzaidan. Orain, señoramayor honen begiekin, esperientzia errepikaezin bezala sailkatu dut nire buruan eta bide batez, babesten ninduen oskolaren lehen pitzaduren arrakala txikien sortzailea (oskola hausteko urte batzuk pasa ziren, ez pentsa). Garai hartan, bertan ezagutu nuen The Cranberries taldearen musika eta oraindik orain, ahal dudan guztietan entzuten dut, oraintxe bezala.
Triste ere jarri natzaie oilaloka ahizpei: kontatu diet 15 urterekin ezagutu nuen bezala, urtarrilak 15 zituen egun batez, duela bi urte Londresen hil zela. Esan diet baita ere ez ditudala sekula ahaztuko astelehen hura, ezta Donostiako Gipuzkoa plazako arkupeak, bertan izan bainuen bere heriotzaren berri. Azaldu diet baita ere dolu moduko bat pasa nuela, gaztaroko zati bat desagertu zitzaidala eta denbora tarte bat pasa nuela zauria josten.
Negar egin dute, pila bat. Negar egiteko makina martxan jarri dute eta akabo kalian gorak eta kalian beherak. Ez dut nahita egin, zin dagizuet. Hasieran arduratu egin naiz, ondokoa negarrez ikustea ez baita oso une erosoa. Hala ere, mukizapi paketea atera dut komuneko kajoitik eta alboan utzi diet, ederki damutu naizen arren.
Muki, malko, makillaje merke eta intziri artean, 30 segundoko sosegua izan dute eta oso ondo ulertzen nautela esan didate. Beraiek ere antzeko zerbait sentitu zutela Manolo Escobar hil zenean eta bi kasuak erabat ulergarri eta bateragarriak direla. Eta jaun andreok, porahínopaso, ez jauna. Konparatzea ere!
En fin… Biharko nire buruari proposatu diodala tristurarako ez diren abestien inguruan hitz egitea. Kalian gora eta Kalian behera ibili nahi dugu argazkilariak eta biok eta kalian bada, askoz ere hobeto. Ez pentsa errepertoyua ahaztu zaigunik. Astindu zuen buruak eta ea zenbat abesti euskaldun alai etortzen zaizkizuen burura. Ez da lan erraza, zin dagizuet.