Koronabirusa

3D inprimagailuzaleen elkartasun sarea

Jon Ander Ubeda 2020ko mar. 28a, 08:43

Koronabirusak eragindako krisialdiaren ondorioz, bolondres talde asko ari da sortzen, estatuak ase ezin dituen beharrei erantzuna emateko. Olivier Georg andoaindarra aurpegi-babeserako biserak egiten ari da etxeko 3D inprimagailuan.

Boluntarioki lanean ari zara. Zein motatako maskarillaz ari gara?

Ospitaletan galdetu zuten zein behar zituzten, eta “maker” edo egile komunitate ezberdinei jakinarazi diete. Euskadikoa CovidEuskadi taldea da. Maskarillak dira behar nagusiena. Arnasgailuak ere garatzen ari dira, baina hori dezente zailagoa da. Gainera, osasun larrialdi egoera badago ere, enpresa batzuek ez diete uko egin nahi euren patenteei. Egiten ditugun maskarillak ez dira kalean ikusten ditugunak bezalakoak; horiek ezin dira inprimatu. Bisera edo aurpegi-babesa da egiten duguna; xafla gardena darama eta atzealdetik lotzen da, goma baten laguntzaz. Bisera horren oinarria da guri eskatzen digutena. Gomak edo xaflak baditugu ere eman ditzakegu, baina aurpegi-babeseko oinarria da bereziki behar dena. Komunitate-diseinua da, ez dakit nork sortu zuen, baina sortzaileak, denen eskura jarri zuen webgune batean. Objetu ezberdinen modeloen biltegia da; kasu honetan Thingiverse gauzen unibertsoa jendeak erabil ditzan, edo bere beharrei egoki ditzan. Eskuzabaltasun hori ohikoa da “maker” munduan.

Zein material erabiltzen duzue 3Dn inprimatzeko?

FDM inprimatze motarako, PLA (azido polilaktikoa) erabiltzen da, plastiko biodegradagarria. Urtutako materiala erortzen uzten du inprimatze mota honek. Nahiko material merkea da PLA, 15 bat euro kiloko. Filamentuak bobinetan bilduta etortzen dira, eta kolore askotakoak izan daitezke; badaude gardenak edota fosforeszenteak ere. PLAz gain, beste material mota asko ere badako, biguinago edo gogorragoak, karbono fibrarekin sendotuak, %90ean metal hautsa duen plastikoa... Badira, bestalde, beste hainbat eta hainbat teknologia.

Betidanik gustatu izan zait brikolajea. Aitarengandik jaso dudan pasioa da. Duela hogei urte baino gehiago iritsi nintzen Andoainera, eta hainbat urtez joan nintzen Udalak antolatutako egur-taila ikastaroetara. 3Dn inprimatzea antzekoa da, eta bada denboratxo bat nire arreta piztu zuela. Iaz, etengabeko formakuntzako programaren barruan, 3Dko inpresioko 20 orduko ikastaroa antolatu zuen La Salle Berrozpek, Lanbideren bidez. Ez nuen bi aldiz pentsatu. Ederra izan zen. Tolosako Domotek enpresako Koldo Artolak eskaini zuen ikastaro hura. Gai askoren inguruko azalpenak eman zizkigun: teknologiak, materialak, aplikazioak, programak, gertatzen diren akatsak... Guzti hau praktika edo inpresio erronkekin bateratuta. Ikastaro aurreratuago bat jasotzeko interesik ba ote genuen galdetu zigunean, ez genuen zalantzarik egin, eta urte hasieran eskaini zuten. Asko eskertzen diot La Salleri ikastaro hura eta orain gertatzen ari dena ikusita, are eta eskertuago. Ikastaroa eginda, etxerako inprimagailu txiki bat erostea erabaki nuen, Creality Ender3a. Merkea da, 150 euro inguru balio du, eta 22x22 zentimetro arterainoko piezak egiteko baliagarria da. Irudimena da muga bakarra.

Gaineratu beharra daukat, Koldo irakasleak interes berezia duela medikuntza gaietan: eskuetarako protesiak, ortodontzia... Gurutzetako ospitalarekin elkarlanean ere ari da, biobateragarriak diren ehunak garatzeko. Hark esan zigun 3D inprimagailuek protesi funtzional eta merkeak egitea ahalbidetzen zuela, garatze bidean diren herrialdeetarako. Inoiz ez nuen pentsatu izango hemen bertan erabili beharko genukeenik.


Zenbat inprimatzen dituzu egunean?

Nire inprimagailuan bi bisera egin ditzaket aldi-berean, eta inprimatze bakoitzak 4 bat ordu behar ditu. Inprimatze bat amaitzen duenean, hurrengoa jartzen dut martxan. Jarraian, ura eta lejiarekin garbitu behar dira eta plastikozko poltsetan sartu. Gutxienez 10 dituzunean, eskakizun bat bete eta DYAko langile bat etortzen da etxera, jasotzera. CovidEuskadi-ren webguneak oso ondo azalduta du hau guztia. Webguneaz gain, bada Telegram kanal bat ere eta parte-hartzea ikaragarria da. Momentu honetan, 1250 erabiltzaile daude, zer egin daitekeen galdetuz, edo beharrak azaltzen. Adibidez, zaharren egoitza askotan maskarillarik gabe ari dira lanean. Izugarria da. Eskuzabaltasun horrek, eta premia horiek, ez zaituzte epel uzten.

Auzoak nola bizi du egoera?

Auzoan giro ezberdina dago. Jendea gehiago ateratzen da balkoietara; gure pareko bizilaguna nor den ohartzen ari gara, eta haiekin hitz egiten hasi gara. Egunero, 20:00etan balkoira atera eta osasungintzan lanean ari direnei txalo egitea ere onuragarria da, elkartu egiten gaitu. Orokorrean, adeitsuago gabiltzala iruditzen zait. Egia da, baita ere, eguneroko estresa desagertu egin dela.

Zer moduz daramazue etxean?

Umeek, ahal duten bezala daramate egoera. Gurasooi dagokigunez, telelana egitea ahalbidetzen diguten lanpostuak ditugu, eta etxea bulego bilakatu da. Programatzen ari naizen bitartean inprimaketak kontrolatzeko modua eskaintzen dit horrek. Gure enpresak, lankideekin komunikazioan egoteko kanalak jarri dizkigu eskura, eta horrela ari gara moldatzen. Baina ez da gauza bera, goizeko atsedeneko solasalditxoak falta zaizkigu, edo eguerdiko “hara, nik ere lentejak ditut bazkaltzeko”... Niri dagokidanez, ama eta arreba Suitzan ditut eta harremanetan gaude. Baina oso arduratuta nago amagatik. Adin handiko pertsona askok egiten duen bezala, ez du ulertzen krisialdiaren larritasuna, eta atera egiten da, nahiz eta arrisku handiko pertsona izan. Errieta egin behar izan diogu. Egun ditugun teknologia berriei esker zortedunak gara. Frantzian eta AEBn ere baditut senitartekoak eta haiekin ere harremanetan nago. Zortea izan dugu, duela 10 bat urte bakarrik ez genituen gaurko komunikatzeko baliabideak. Oso ezberdina eta askoz ere zailagoa izango litzateke dena.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!