Koronabirusa

"Bihotzetik atera zaidan zerbait da auzoko animatzailea izatea"

Jon Ander Ubeda 2020ko mar. 27a, 15:37

Auzokideen arteko armonia haziz joan da egoera berrian. Amaia Bakerorekin elkarrizketa.

Kaletxikitarrentzat animatzaile papera betetzen ari zara. Zer moduzko giroa dago auzotarren artean?

Bozgorailua etxean genuen, eta auzoan Txoria txori abesteko ekimenarekin hasi zen dena. Iluntzeko 20:00tan txaloka hasi eta ondoren abestia jarri genuen. Oso hunkigarria izan zen. Auzo txikia da gurea, eta elkarrekin ondo konpondu gara beti. Une hauetan elkartasun hori handiagoa da. Esango nuke egunero iluntzeko hitzordua iristeko zain gaudela.

Kantu batek bestera eraman zuen, eta egunetik egunera ekimena handitzen doa: Haurrentzat kantak, helduentzat, dantzagarriak... baita negar egitekoak ere.

Egun zailak bizi ditugu eta zuek horri aurre egiteko auzoan martxa jartzea eta animoak zabaltzea erabaki duzue. Nola antolatzen ari zarete, balkoitik balkoira?

Bai, gehienontzat musika bihotza alaitzeko herramintarik onena da. Denak elkarrekin gaudela eta egoera nola edo hala aurrera emango dugula adierazteko modua da. Egunetik egunera burura etortzen zaizkit ekimen ezberdinak, auzotarrak alaitzeko. Duela gutxi gaztetxo baten urtebetetzea ospatu genuen. Udaberria dela eta, balkoiak eta leihoak alaitzeko eskulanak egin ditugu.

Balkoitik balkoira ideiak partekatzen ari gara. Egun hauetan harategian edo okindegi berrian auzotarrek gustuko kantua proposatu dezakete, horretarako utzi ditugun orrian idatzita. Larunbatero, gainera, mozorrotuta agertzeko proposamena luzatuko dugu.

Oso une alaiak ditugu, dantzan topera gabiltzanak. Baina badira une hunkigarriak. Auzoko lagunentzat kantua ipini genuenean, adibidez. Bestea, oso polita, Iruñean dagoen neska andoaindarrar bati eskaini geniona. Erizaina da, eta kutsatuta dago. Ondo dago, etxean, eta hari ere tartetxoa eskaini nahi genioen.

Zer dela eta animatzaile izateko erabakia?

Animatzaile bezala hartu dudan papera ez da aldez aurretik landutako zerbait izan. Horrela tokatu da, eta ni oso pozik nago. Esan bezala, Kaletxiki oso elkartuta dagoen auzoa da eta une hauetan askoz lotura estuagoa antzematen da. Lehen egunetan hainbeste ezagutzen ez genituen bizilagunak zeuden, lotsatu samar zeudenak, baina gaurko egunez denak bat eginda gaude.

Egoera ez da batere erraza inorentzat. Jende heldua dago, eta une hauetan umeentzat oso gogorra da etxe batean egon behar dutelako. Eurengatik guztiengatik ahal den gehiena eta ahalik eta ondoen egiten saiatzen ari naiz. Bihotzetik atera zaidan zerbait da.

 

Hitzorduak egunero

  • Astelehenetik ostiralera: 20:00tan Txalo saioa, eta ondoren kantu bat edo beste.
  • Ostirala: 20:00tan Txalo saioa, eta gaua zertxobait gehiago luzatzen da.
  • Larunbata: 20:00tan Txalo saioa, eta mozorro gaua.
  • Igandea: 12:30 Bermuta eta musika.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!