Begirada kaleidoskopikoa

Maddi Trutxuelo & Joni Ubeda 2020ko mar. 27a, 22:25

Egoera makurra izanik ere, bada eusten dionik ere. Adiskidearen bideoa iritsi zait, irudiz osaturikoa. Tableteko Photo Booth programarekin egindako irudi-sorta da. Poz txikia orduak egunak asteak toki berean egiten den garai honetan. 

ZORIONAREN KONTRA
 
Indigena dena eta ez dena bereizten ez dakit
eta ez dut jakin nahi
hortentsien azula eta arrosaren arteko aldeak
ez nau aztoratzen
landa hotel baten atarian sentitu ditut
barrutik kanporako erabaki baten oldez
glaziar hormatuak urtzen
 
euskaraz irakurtzen ari naiz
haizeak egunkariaren orri barrenak
saguzarren hegoak bezala astintzen ditu
eta su erreka txikiek etxera nakarte
San Juan bezperan afaltzera:
zoriontsu izateko hilda egon behar zela ikasi genuen
 
denbora asko daramagu suerte txarrari
eta historiaren legeei bizkar ematen
baina ateak itxi eta ireki gabiltzanak gu geu
edo oso gure antzeko jendea da
eta prentsaren arabera
noiznahi izena aldatzen duen tribu bat gara
 
odolean dakart liztor fanatikoen albora karga
baita galtzuetako zozoen hegaldi premiatsua ere…
amets baten alde loa galdu dutenen bekaitzez
negarra etortzen zait aldika
eta festara narama derrigor zoriontsu izan beharrak:
bere larderian eta bere desbideetan barrena exodoan da
nire herri mundutarra
 
maite ditudan pertsonen artean bizi naiz
erritu baldarrean
esku ahur margotuak irarrita utziz hormetan…
zoriontsu izateko hilda egon behar dela ikasi genuen
hil nahi ez duen inori ez diot opa hiltzea
ezta ere inork aukeran hiltzea hobetsiko lukeen bizimodua:
bestek emandako paradisu hotz honetan
ezin dut zoriontsu izan nahi

Disoluzio agiriak, Jose Luis Otamendi (2019, poesia).

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!