Egun gutxitan konturatu ginen kategoria guztietako taldeok aurkari bera izango genuela: Covid-19 birusa hain zuzen ere. Eta denon artean lortuko genuela partida hau irabaztea. Nola? Talde bat izanez, guztiok etxean
geratuz!
SD Euskaldunaren kanpainan parte hartzeko gonbidapena luzatu diegu gure jokalariei. Alde batetik, mugitzen ginena baino askoz gutxiago mugituko garelako orain. Eta, bestetik, klubarekiko gertutasuna mantentzeko. Horretarako, hainbat ekimen jarriko ditugu martxan egun hauetan zehar haur, gazte eta helduek gure klubarekin batera denbora tarte atseginak igarotzeko aukera izan dezaten.
#urdinaketxean kanpainaren ekintzak bi esparrutan banatuko dira, arlo ludikoan eta kirol arloan.
Arlo ludikoa
Kluba osatzen dugun komunitatearen (haur, gazte, heldu) parte hartzea sustatu da. Argazkia ateratzera gonbidatu ditugu, eta hori sare sozialetara igotzera –#urdinaketxean etiketa ipinita– edo posta elektronikoz bidalita. Argazkia bakarka edo taldean atera daiteke, baina argazkian Euskaldunako kamiseta agertu behar da. Horrez gain, Euskaldunako jantziak ere atera daitezke, bi marra urdin ere margotu daitezke aurpegian. Norberaren irudimenaren araberako ideia guztiak eskuzabalik jasoko ditugu.
Kirol arloa
Klubeko prestatzaile fisikoa den Jon Urdangarinek jarduera bereziak prestatu ditu, kategoria ezberdinetarako:
Federatu mailakoei begira, 'Ariketa Fisikoa etxean' egiteko gida.
Futbol eskolakoentzat Antzara jokoa, bakarka edo familian ongi pasatzeko..
Horrez gain, entrenatzaileak jokalariekin harremana mantentzen saiatzen dira whatsapp taldeen bitartez. Beraien osasunagatik galdetzen diegu, eta etxean kirola egiteko gomendioak ematen dizkiegu.