Kalerako bide bakarra

Maddi Trutxuelo & Joni Ubeda 2020ko mar. 28a, 17:54

Espaloian bakarka doazen pertsonen bizitzan sartu naiz. Neure egin ditut, eta beti iristen naiz egoera beretsura: Bakartasunera.

BIDE BATEZ

Bide batez gauzak esaten ibiltzea

ez da ez fundamentua,

gehiago da hondakin erradiaktiboa.

Baina esadazu bide batez

zer moduz dagoen

bonbilla fundituak ohe-kidetzat edukitzea,

kalerako bide bakarra leihotik beherakoa dela sentitzea,

tokata zaharrik ez kausitzea,

biniloak dekoratzeko soilik balio izatea,

jarraitzea beste irtenbiderik ez dagoela ohartzea.

Esadazu ahapeka ea

baporezko trenak lastertasun handikoak bihurtu diren,

behialako titareak gaurko jostorratzak ote diren,

putetxe batetik ordaindu gabe aldegitea haizu den

edo banketxe batetik sakela beterik irtetea.

Garagardoa plastikozko botiletan

saltzen duten honetan, esadazu

zer demontre egingo dugun

ozono geruzako zuloa handiegia izan eta

mundua sodomizatzea ezinezkoa denean,

haizeak hiztegi bat ireki eta

orriko lehen hitza bart dela ikustean.

Esadazu bide batez

honek guztiak sentidurik ba ote duen,

negar zotinka aritu eta

hegoaldean egarriz hiltzen direla jabetzean

zergatik egiten duzun oraindik negar gehiago,

zergatik pertsiana hertsiak baino ez dituzun ikusten,

tinta gabeko bolalumak baino ez dituzun kausitzen,

izotz puskak esku artean ez zaizkizun jada urtzen.

Esadazu otoi, bide betez bada ere,

nitaz akordatu zaren inoiz.

 

Kaxa huts bat, Beñat Sarasola (Susa, 2007)

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!