Etxekotu ditugun ahizpen festak ez zuen amaiera zantzurik hartzen, goraka doan kurba etzaten ez den bezala. Txurroak bakarrik, ogitarteko moduan, Koka-kolatan bustita, atun pixka batekin… Pentsa ditzakezuen modu horietan guztietan probatu zituzten auzoko denda txikian erositako txurroak. Onak zeuden, zertarako engaina, baina gure urdailak ez du txurro festarako sarrerarik eskuratu eta ostikoak jaso eta gero ezinean egon da oraintsu arte.
Atzokoa ikusiko zenuten… En fin… Guri sekulako bronka botatzeaz gain, Goibururekin seko maitemindu dira. Ez pentsa San Estebanekiko duten maiteminak gure barrenak ere goxatzen dituenik: Goiburu maite dugu baina urdailak ez du atxikimendu kontuez ulertzen. Bronka botatzeko adina indarrekin etorri zaie enamoramendua eta egia esango dizuegu, sekulako indarra dute.
Eskerrak noizean behin zelula onen bat baduten eta guganako errukia sentitzen duten: Omeprazol, Gaviscon eta Almax pila hartu genituen, aitak Usabelartzan bildutako kamamilaren infusio litroaz gain. Txurroak gure barnean kalian gora kalian behera ibili zaizkigu, amaierarik gabeko San Fermin bezperan.
Biziki eskertzen ditugu txurro janaren bezperan mezu bidez jaso genituen aholkuak: hau eta bestea hartzeko, kontuz ibiltzeko gehiegi jatearekin… Alfer-alferrik. Une batez gure burua jamesdean (zera, yeimsdín) bezala ikusi genuen: gazte, ausart eta eder (azken hau batez ere). Ez genuen heriotzarekin lardaskan ibiltzeko beldurrik, oraindik errebelde ginen, antza.
Kaka. Arrazoirik gabeko errebelde izatetik gure testamentua koadrodun orrietan idaztera pasa ginen. Ez dugu esango gure bizitza diapositibetan ikusi genuenik (diapositiben kontua aldatu beharko dugu, gehiago sofistikatzeko: “nire bizitza osoa youtubeko bideo baten pasatzen ikusi nuen” edo horrelako zerbait, beharbada) baina bai izerdia ederki atera genuela, apenas mugitu gabe.
Ondo pentsatzen jarrita, erabat poetikoa zaigu gure testamenduan agertzen dena: argazki pila, diskoak, liburuak eta argitaratu gabeko testuak (azken honi enfasi gehiegi jarri diot, badakit baina utz iezadazue amesten). Bi segalarik osatzen duten kuadro bat (gure etxeko gizonak), Nessi mustroaren irudi polit bat eta Massielen argazki bat ere gehitu genituen testamentura, gure oinordekoei kolore pixka bat ere uzteko asmotan.
Hala ere, Tren Txikiko bigarren tunelean nola, argia ikusi genuen. Urrun, baina argia ikusi genuen. Gure ahizpen Santa Krutzetako pregoilari izateko eskaera eta Axeri Dantzako entsegua entzun ondoren eta auzo lotsak gure baitan leku egin ostean, argia etorri zen.
Harroputzen erregina bihurtu ziren bi oilalokek hitz magikoak esan zituzten: Koka-Kola. Ez, ez zen eurentzat, guretzat zen: koka-kolaren laguntzaz urdailak bake apur bat eman zigun eta Tren Txikiko bigarren tuneletik berehala atera ginen.
Esker oneko euskaldunak garenez, Almax-enea izena jarri diogun etxe honetan (Agote enea ere deitzen diogu Ainara bizilagunarekin batera) biziki eskertu genien Zelai ahizpei guregatik egindakoa.
Ojo! Hainbeste harrotu zaizkigu gero, ez direla atetik kabitu ere egiten (dena ez da txurroen eragina izango!). Gure urdailek hobera egin dute eta berriz ekin diogu astelehen aldapatsuari, etxetik izan bada ere.