Hainbeste amets egin dut
HEMEN
etorkizunaz,
hainbeste historia asmatu dut
HEMEN
non,
zenbaitetan,
haizeak goxoki inguratzen nauenean
eta lanbroak atzaparrak
gorputzean sartzen dizkidanean,
nire berotasunaren fantasmak
eskutik hartzen nauela uste baitut,
haren arnasa
lepoan sentitzen baitut
eta haren kantak
eta neureak
gauza ezezagunez mintzatzen baitzaizkit.
Hainbeste maite izan dut
HEMEN
arratsaldea,
hainbestetan sentitu izan naiz
HEMEN
haur,
hainbestetan galdu dut
HEMEN
bidea apropos,
neure ametsen ezpalak persekutatuz
ura
haizea
merkurioa bezala
esku tartetik ihes egiten zuten fantasmak
hainbeste itxaron ditut
HEMEN
non,
azkenean,
egia eta asmazioa,
ernea eta loakartua,
zoroa eta zuhurra
nahasten baititut
sua esplika ez dezakedan bezala,
suak miresten nauen bezala
Hainbestetan egin dut
HEMEN
negar
malko gauzatu gabeaz
edo malko epel esnetsuez,
hainbestetan bueltatu dut
HEMEN
burua
irribarrez
norbait atzetik zetorkidalakoan
norbaitek ene izena samurki esan zuelakoan
non
HEMEN
hautsi baitut neure ametsa
neure poema
geroago
geroago
laster agian
zein naizen esan behar duketenean
leku hau aipatu beharko dute
eta esanen dute
HEMEN
hautsi zuen mila orrialde
HEMEN
putzuaren ispiluan
xahutu zuen mila aldiz bere irudia
HEMEN
hil zitzaion liburu bat
oroipen bat
lagun bat
ordu beltz gehiegi zeukan liburu bat
oroipen bat
lagun bat
HEMEN
hautsi zituen lainoak
eguzkiaren bila
HEMEN
gristatu zituen zeruak
eguzkiaren beldur
HEMEN
itzali zituen izarrak
bakardade desiraz
HEMEN
sorrarazi zuen iturri bat
kanturen baten beharraz
HEMEN
jantzi zen lorez
anemonez eta margaritez
HEMEN
malko euritsuek itorik
HEMEN
erre zituen orbelak
urrearen eta gorriaren amets
hemen han nonahi
Poesia kaiera, Arantxa Urretabizkaia (Susa, poesia)
XX. Mendeko Poesia Kaierak