Etxekoekin borrokan, normalean etxean zen telebista bakarraren monopolioa hausteko saiakera egiten genuen, baldin eta gu bezala, logelan telebista edukitzeko amets utopikoa horretan bertan, amets batean geratu bazen.
Orain aurikularrak jantzita edozein une, leku eta abagunetan ikusi eta entzun dezakeguna telebistaren ordutegiaren menpekoa zen garai hartan eta ikusi nahi genuena negoziatu egiten zen. Eta ez pentsa, Confebask-eko buru izateko ikastaroa ziruditen negoziazio haiek ere, gure etxeko bi txahal hauek eta gu batzen gintuen: lauroi izugarri gustatzen zitzaigun Sensación de Vivir.
Estatu Batuar zenbaitek bere garaian San Ferminak asfaltatu gabeko herriska batean ospatzen zirela uste zuten bezala (flamenko jantziarekin eta zezenak kalean aske, prexixamente), gu erabat konbentzituta geunden Estatu Batuetan institutura beti auto deskapotableetan joaten zirela. Gajuak! Garai hartan ozeano Atlantikoa orain dena baino zabalagoa zen, antza.
Gure ahizpa maiteekin telesail haren inguruan aritu gara bazkalorduan. Egia esan berdin du zein genuen nahiago, Brandon ala Dylan (orduan ez genuen leku kontzienterik Brenda eta gainontzeko neskentzat), kontua da ordubetez irri egin dugula laurok.
Kazetaritzaren mingain zorrotzek diote Telecincok bere garaian Beverly Hills 90210 telesailaren eskubideak erosi zituenean, Koka-Kola enpresa ate joka joan zitzaiola. Telesailari izena aldatzeko modu eraginkorrena eraman omen zuen Telecincora: dirua. Hala, gure nesken gogokoena den freskagarriak garai hartan telebistan zituen iragarkietan esaten zen esaldi hura izango zen telesailaren izena: Sensación de Vivir. Hala, publizitatearen garaian, Koka-kolarena izango zen lehenengo iragarkia eta telesailak berak Koka-kolaren esaldia izango zuen izen moduan.
Artean gazteegiak ginen hura egia ote zen sinetsi eta ulertzeko eta gure bi lagun hauek ez dira ezertaz oroitzen. Hala ere, egia izango da Koka-kolak eragina izan zuela telesail harengan: freskagarrien enpresako bulegoetan bi hauen argazkiak egongo dira zintzilik, ziur. Hau da hau edatea! Eta ez dezagun jarraitu atzetik datozen korroskadekin…
Kontatu diegu igandean eskaini zuten bideoak harrera itzela izan duela herrian eta etxetik irteteko duzuen gogoa ez dela libre eta lasai ibiltzeko edo familiartekoak ikustera joateko, eurak ezagutzeko baizik. Bai, pasa egin gara, ederki pasa ere eta gure kaltetan, indioilarrak baino puztuago dauzkagu etxean. Hainbeste puztu dira, Madrilera egin dutela deia, beste behin. Oraingoan ez da Miren Terese Camposen txanda izan, ezta Sabrina handiarena ere. Oraingo honetan argazkilari bati deitu diote. Bai, eta gure argazkilaria etxean, triste bezain suminduta.
Badakizue zein den emaitza. Hauen esanetan zalantzan daude posau edo robau ote den. Alferrik da esatea txurreria (hain arrotza zaigu txurrotegia idaztea…) aspaldi desagertu zela. Hala ere, grazia egin digu argazkiak. Hori guztia Koka-kola baten ordainetan. Eskerrak ez ziren odolkiak izan…