Sikiera bakean utzi gaituzte eta ez da gutxi, baina berriro bueltatu behar izan gara, kalian gora kalian behera harekin gertatu bezala, belarrietako tapoiak jartzera.
Orain lasaiago daude, belarria gorri-gorri eginda dutela. Koka-kola dosia hartu dute eta gatz mineralak erruz galdu dituztenez, korroskadaz korroskada dabiltza beren logelan sartuta. Hala ere, a zer nolako iskanbila izan dugun bazkaloste partean.
Komuneko atean Alde! zioen kartel bat jarri digute. Komunetik pasatzeko genuen premiak larrituta ibili gara ia ordubetez, bainugela bakarra duen etxe honetan. Hor barruan ibili dira makillatu nahian (makillatu ezin dena gaitz asko disimula daitekeen arren) eta buruan duten txori kabi horri orrazkera duin bat eman nahian. Dena telebistan ateratzearren.
Arratsalde ederra pasarazi digute, Sálvame gora eta Sálvame behera. Gu sofan eserita (eserita esatean edozein modutara imajina gaitzakezue) eta eurak gure logela batean, telebistako set inprobistatu baten. Ez dituzuela ikusi? Ez duzuela Sálvame ikusten? En fin, ez zaitezte gezurretan ibili, hemen mundu guztiak ikusten du Sálvame. Deitu azterketa soziologikoa, deitu kotilleoaren eliteari men egitea baina hemen guztiok gara telebista saio horren jarraitzaile.
Hara, hemendik ikusten zaituztegu buruarekin ezetz eta ezetz ari zaretela. Lasai, ez zaituzte beste inork ikusten. Pentsa, Sálvame ikusi baduzue eta ezezkoarekin ari bazarete, zuentzat kalte. Hala ere, normalean Sálvame ikusten duzuenontzat eta bazkalosteko lozorroan murgildu ondoren gure nesken esanak ikusi nahiz entzun ez badituzue, hemen gaude zuek jakinaren gainean jartzeko.
Kontua da atzoko argazkiaz probestu direla merkezurreko propaganda egiteko. Intzirika ibili dira batera eta bestera, programako kazetari (kazetari-kazetari, en fin, karrera bukatu genuenok zer pentsatzen dugun ondo dakizue) horiei garrasika erantzuten. Bi hitz erabili dituzte: posau eta robau. Bueltaka biekin, lapurtutako argazki bat izan dela, ez dela pose bat izan, ez dutela ezer hitzartu… Euren oporretako leku berri bezala hartu dute Andoain, Puerto Banúsekin alderatu ondoren.
Tira, atzoko argazkia photoshop merkearekin eginda dagoela dirudi. Bestela begiratu gure Tereluren gorputzaren inguruari. Guraizeekin moztutako zerbait dirudi. Photoshopa erabiltzeko abileziarik ez dute, ez batak ezta besteak ere (tira, orain segi Aiurriren atzoko sarrerara eta ikusi lasai estropiziyua. Konfinamenduari minutu bat kenduko diozue). Hala ere, halako gauzetan jarraituko dutenaren susmoa daukagu, guri ez bezala, txurreriaren asuntoak grazia egin dielako. Ea etxe honetatik komuneko atean jarritako bera egiten duten: alde!