Koronabirusa

Andoaingo ikastetxeen egokitzapena Koronabirusaren aurrean

Aiurri 2020ko api. 3a, 15:06

Aste Santuko oporraldian murgildu da hezkuntza sistema, inoizko egoerarik berezienean. Andoaingo Aita Larramendi ikastolako, La Salle Berrozpe ikastetxeko eta Ondarreta ikastetxeko zuzendariekin izan da Aiurri, berregokitzapenaren berri jakin asmoz.

Konfinamenduaren atarian, Eusko Jaurlaritzak ikastetxeak ixtea erabaki zuen. Ikasleak eskolara joan gabe daude, martxoaren 13az geroztik. Andoaingo hiru ikastetxeetako zuzendariekin izan gara, euren eguneroko martxa nolakoa den jakin asmoz.

AITOR IRIONDO
AITA LARRAMENDI IKASTOLA

Nola eragin dio Aita Larramendi ikastolari egungo egoerak?

Langile guztiak gaude etxean, ikastolara joan gabe. Horrela daramagu 15 egun. Teknologia berrien laguntzarekin moldatu gara. Zikloka banatu eta lan egiteko modu desberdina erabili dugu, ikaslearen edo horien autonomiaren profilaren arabera. Haur hezkuntzan familiaren laguntzarekin. Hasi gara deiak egiten, argazkiak bidaltzen, bideoak bidaltzen... Umeak irakaslea etxean dagoela baina ondo dagoela ikus dezan.

Lehen hezkuntzan, harremana izateaz gain, irakasleak lanak bidaltzen dizkie e-postaz eta plataforma digitalen bidez. Gurasoen parte hartzea garrantzitsua da, eta eskertzekoa da jasotzen ari garen erantzun ona.

DBH eta Batxillergoan autonomoak direnez euren kabuz lanak egin eta laguntza eskatzen diete on line dauden irakasleei.

Ikaslearen ikasketa mailan zer nolako eragina izan dezake?

Ardura handia hartu behar dute ikasleek, batez ere Bigarren hezkuntzan. Autonomia asko landu behar dute egoera honetan aurrera ateratzeko. Astelehenean jasotzen dute lanen zerrenda eta, euren kabuz egin behar dituzte aste osoko lanak. Autonomiaz gain teknologien erabilera ere garrantzitsua da une honetan. Orain ikusi da behar beharrezkoa dela. Dena den, teknologiak ez ezik tratu pertsonalari eusteak ere badu bere garrantzia.

Kezkatzen duena Batxillergoko eta selektibitateko ikasleen egoera da.

Hasieran horretan zentratu ginen, hor jarri genuen indar handia. Iraskaleak maila guztietan ari dira lanean baina batxillergoan batez ere bideo konferentzien bidez. Bideo bileren bidez eta bideoak sortuz ikasturtearen jarraipen estua egiten da.

Kezka hori beti eduki dugu denok: Ikasleek, gurasoek eta irakasleok. Baina uztailera eramatean denbora handitu egin zaigu, eta antolatzeko denbora asko eman digute. Materia erakusteko eta ikasleek hori ikasteko badago denbora. Ekaina osoa edukitzea selektibitatea prestatzeko oso garrantzitsua da. Denok lasaitu gara, eta beraz, modu onean erantzungo diogu selektibitatearen erronkari.

Arlo psikologikoa ere ez da alde batera utzi behar den gaia.

Denengan du eragina. Irakasle, langile eta gurasoengan. Egoera honek ekarriko ditu eragin psikologikoak. Guregan eta ikasleegan sortu dira antsietatea egoerak, edo ezinegona, tristura, haserrea... sortuko dira eta sortzen ari dira pixkanaka pixkanaka. Ikastolako langileekin, tutoreekin eta orientazio arloaren laguntzarekin irizpide batzuk zehaztu dira.

Azalpen positiboak eman behar dira. Kontuan hartu behar salbuespenezko une honetan laguntzeko jarrera onena denok etxean geratzea dela. Hori da lehenengo pausoa. Egoera zein den argi esan behar zaie ikasleei. Azken batean, informazioa edukitzea da eurek lasai egoteko modurik onena. Eta garbi adieraztea egoera honek amaiera duela, nahiz eta momentu batena ez ikusi, baina pasako den zerbait da.

Normaltasunera itzuliko gara. Hau dena borrokatzea egokitzen zaigu guri eta familiari. Lehen esan bezala, familiaren lana oso garrantzitsua da eta izaten ari da. Gainean daude, eta gainean jarraitu behar dute, bai etxeko lanen arloan eta baita arlo psikologikoan ere. Beti eduki behar da jarrera aktiboa eta positiboa, gehiago egoera honetan. Behar dira errutina batzuk jarraitzea egoera honi aurre egiteko.

 

DAVID URTASUN
LA SALLE BERROZPE

Nola eragin dio egoerak ikastetxeari? Nola egokitzen ari zarete egoera berri honi?

Lehenik eta behin esan beharra dut ikasle, familia eta  La Salle Berrozpeko pertsonek oso harrera ona egin diotela krisi egoera honi. Lehen egunetan ohikoak diren zalantzak eta kezkak izan ziren, baina gaur da eguna ematen ari garen erantzunaz oso pozik gaudela.

Aste hauetan gure familiei eta ikasleei online ikaskuntza pertsonalizatua eskaini ahal izan diegu etapa eta ziklo bakoitzean. Eta, batez ere, ikasle bakoitzari arreta pertsonalizatua emateko gai izan gara.

Ikastetxearen “zutabeak” mantentzen ditugu eta horri eskerrak, baikortasunez eta erronkari aurre egiteko gogo biziz jarraitzen dugu; gertutasunean bai familia eta bai ikasleekin; bakarkako arretarekin, eta nola ez, pertsona bere osotasunean zainduz (osasun fisikoa, mentala eta soziala).

Hori aurrera eraman egin ahal izan dugu, alde batetik, lehendik ere online plataformekin lan egiten ari ginelako. Horregatik, familia-ikasleak zein irakasleak egoera horretara hain ondo egokitu gara. Eta, beste aldetik, Ikastetxearen funtzionamendu egiturak aukera ematen digu koordinatzeko, etapa eta esparru guztietan, zerbitzu integrala eskaini ahal izateko.

Eskerrak eman nahi ditut honetan ari diren langile, irakasle, ikasle eta famila orori. Denon artean aurrera, zorionak!!

Egoerak zein alde on eta txar sortu ditu? Zeintzu dira eragozpen eta aukera nabarmenenak?

Kontutan izan behar dugu, lehenik eta behin, orain bizitzen ari garen egoera hau oso larria dela, eta osasunak duela lehentasuna. Egoera oso zaila eta berria da guztiontzat eta hori barneratu behar dugu lehenik, beste edozer aurretik. Alderdi hori onartu dugu aurreko asteetan eta, orain, alderdi akademikoan zentratuko gara ikasleei ahalik eta eskaintza txukunena ematen. Beste egoera honetatik ere, denon artean, indartuak aterako gara.

Horretan ari gara eta oso pozik ari dira erantzuten. Lasterketa luze guztien antzera, indarrak dosifikatu behar ditugu eta hori momenturo zaintzen dugu, beti ere lehen aipatutako “osotasunean”. Ikaskuntza testuinguru berri honetan, gure ikasleak ikasgai bakoitzean  irakaskuntza  osoa jasotzen ari dira.

Batxilergoan eta selektibitatean dabiltzanei begira, zer esan daiteke?

Etapa oso berezia da hautaproba hor dagoelako. Egunak atzeratu badira ere, erronka horri aurre egiteko irakasle eta ikasle taldea bereziki trebatuta eta prest dago. Baliabideak eta prestatutako irakasleak ditugu  batxilergoko bigarren mailako ikasleak selektibitatera aurkezteko eta, modu berean, emaitzak bermatzeko.

Eguneroko albisteak eta eskaerak  jarraituko  ditugu eta aurrera, egingo dugu. Dagoeneko ari gara.

Ikasleen arlo psikologikoa kontutan hartzen hasi beharko da.

Alderdi hau bereziki zaindu beharrekoa izango da, are gehiago egunak aurrera joan ahala. Eguneroko mezuetan, tutore eta irakasle talde osoaren mezua “zaindu” egiten dugu arlo hau indartzeko (gogoetak, bideoak, mezuak, dinamika aktiboak, sare sozialak, hartu eman zuzena eta bisualak ikasleekin, etab).

Datozen egunetan ere Aste Santuko oporraldia dator eta honetan ere lagunduko du.

 

MAITE PETRIKORENA
ONDARRETA IKASTETXEA

Nola eragin dizue ikastetxeak ixteko aginduak?

Ikasturtea ez da eten, ez. Martxoaren 13tik jarduera presentziala eten egin zen, baina guk aurrera jarraitu dugu dauzkagun baliabideak erabiliz. Horrela, martxoaren 12an, arratsaldez, ikasle gehienek eskolatik behar zuten materiala eraman zuten: liburuxkak, fitxak, irakurtzeko liburuak... Lehengo astean, oraindik, irakasle batzuk eskolara joan ginen etxerako lan gehiago prestatzera. Baina Hezkuntza Sailetik jarraibide desberdinak iritsi zaizkigu egun hauetan. Hasieran, irakasleok gure lanaldia osoa eta normaltasunez bete behar genuela esanez. Ondorenen, lanaldia egokitzeko aukera eman ziguten, eta baita telelana egiteko aukera ere. Klaustro mailan hartu diren erabakiak helburu bakarra zuten: langileon osasuna ahalik eta gutxien arriskatzea.

Zein prozedura jarri duzue abian, ikasleei begira?

Martxoaren 13tik aurrera abian jarritako prozedurarekin jarraituz, tutore bakoitza bere ikasleekin telefonoz hitz egiten ari da bi egunean behin. Era horretan, irakasleak ikasleen segimendua egiten ari dira, etxeko lanen martxa, nola dauden, zeintzuk diren beren zailtasunak...

Etxerako lanen inguruan zehaztu behar da bost urteko ikasleek paperez inprimatutako lanak beraien etxeetan jaso dituztela, korreo arruntaz. Lehen Hezkuntzako ikasleek, berriz, e-postaz edo korreo arruntaz jaso dute guztia. Gaur egun ia etxe guztietan daukate e-posta.

Irakasleok, geure aldetik, eguneroko martxa jarraitu dugu: batzorde pedagogikoak eta ziklo bilerak Meet bidez egiten ditugu, eta dokumentuak eta baliabideak G-Suiteko plataforma bidez partekatzen ditugu.

Nola jarraituko duzue aurrera?

Egunotan noten boletinak familiei helarazi zaizkie. Aldi berean, ikasleen tutoreak gurasoekin telefono bidezko bilerak egiten ari dira, ebaluazioaren berri emateko. Astea horrela emango dugu, eta ostiralean denok ere merezitako oporrak hartuko ditugu. Apirilaren 20tik aurrera, nork jakin…

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!