Koronabirusari aurre egiteko ekimenean, lehen lerroan daude osasun arloko profesionalak. Horregatik, kutsatu guztien artean, osasun arloko langileak gehiengo dira. Marta Lopez andoaindarrak martxoaren 18an positibo eman zuen, sintomak zituela egun batzuk igaro ostean. Geroztik bakartuta dago etxean. Aurreko astean kaletxikitarrek txalo zaparrada eskaini ziotenez, harekin jarri gara harremanetan.
Lehenik eta behin, eskerrik asko Marta, gaixo egonik ere gurekin harremanetan jartzeko hartu duzun denboragatik. Urteak dira Andoaindik kanpo bizi zarela. Erizaina zarela badakigu, baina zeure burua aurkeztuko al diguzu?
Ekainean 19 urte beteko dira erizain bezala hasi nintzela. Hasieran urte eta erdi Italian eman nuen lanean, eta ondoren Hernaniko zahar egoitzan hasi nintzen. Donostiako Ospitalean egun batzuk igaro ondoren, Iruñara itzuli nintzen. Itzuli diot, bertan ikasi nuelako. Azken 16 urteak Iruñeko Clinica Universidad de Navarran ari naiz lanean, solairu berean.
Erizain gehienak bezala, txandaka aritzen naiz lanean. Gure solairuan badira espezialitate ezberdinak: traumatologia, neurologia eta neurozirugia, eta nefrologia. Tarteka zirugia plastikoa ere bai, kasu erreparatzaileetan bereziki. Bularreko minbizia eta antzekoak dituztenen kasuez ari naiz.
Noiz hasi zinen gaizki sentitzen?
Martxoaren erdialdera, gauez nengoen lanean. Martxoaren 15a igandea zen, eta goizez lan egitea egokitu zitzaidan. Arratsalde hartan minez hasi nintzen: hanketan, hezurretan, aldakan, belaunean... kamioi bat gainetik pasa izan balitzait bezala. Ez nion kasu handirik egin, gauez aritu nintzen lanean eta nahiko lanpetuta... Nekeari leporatu nizkion sintoma horiek.
Gaua erdipurdi pasa eta lanera joan nintzen. Paracetamol goizez hartuta, primeran nengoen. Egun horretan gure solairua Koronabirusaren eremu bilakatu zuten. Goiz horretan paziente guztiak beste solairuetara eraman zituzten eta arratsaldez gure gelak Koronabirusarekin kutsatutakoak hartzeko egokitu genituen. Arratsalde mugitua izan zen gora eta behera, materiala konprobatuz... Gauez berriro minez hasi nintzen eta lankide batek kutsatuta egon nintekeela aipatu zidan. Medikuei galdetzeko esan zidan.
Izan ere, egun batzuk lehenago bagenuen ebakuntza egin zioten paziente bat eztulka hasi zena. Hurrengo egunean probak egin zizkioten, gaizki sentitzen hasi zelako eta positibo eman zuen. Harekin egondako lankideen zerrenda egin zuten, gaixotasuna gehiago zabaldu zitekeelako. Martxoaren 15ean hasi nintzen sintomekin. Neuk ez nuen horrekin lotu, egia esan.
Dena esatera, protokoloei dagokionez, bi asteko epean gauzak asko aldatu dira, baina duela bi edo hiru aste ez zen horrela.
Martxoaren 16an gaizki nengoen, eta 17an hobeto. Testa egiteko eskatu zidaten, eta testak negatibo eman zuen. Beharbada gutxi kutsatua nengoelako, edo lagina gaizki hartu zidatelako. Martxoaren 19an berriro egin nuen proba, goizez. Arratsaldean emaitza eman zidaten, positiboa zela zioena.
Kolpe modukoa jaso al zenuen emaitza jakitean?
Erizainok informazio asko daukagu, eta hasieratik nekien goiz edo berandu kutsatuko nintzela. Zeren eta lehen lerroan gaude, gure artean edozein izan daiteke positibo.
Eta zer egin zenuten, nola jokatu zenuen lanean eta etxean?
Jakin nuenetik isolatuta nago, etxeko logela batean. Ahal dela isolamendua bere komun propioa duen gela batean egin behar da, airea berritzeko leiho batekin. Telefono bat izan behar da, kanpokoekin harremanetan jartzeko. Eta gure arropa berezita sartu behar da, poltsa batean. Poltsak itxita egon behar du, eta garbitzeko momentuan gure arropa bakarrik garbitu behar da 40-60 Cko tenperaturan. Nire etxean horrela egiten ari gara.
Zer moduzkoa izan da etxekoekin egokitzapena?
Ume txikiak ditut. 2 urte eta 6 urtekoak. Zaharrenak ulertzen du egoera, eta oso zorrotz ari da garbiketa kontuetan. Gauean bakarrik egoten naiz, eta egunean zehar logelatik maskararekin ateratzen naiz. Oso-oso garrantzitsua da eskuak ondo garbitzea. Edalontziak edo platerak ez ditugu inoiz partekatzen... Nire etxean oso ondo dakite hori.
Haurrek aparte bazkalten dute, eta gero senarrak eta biok. Etxeko guztiak ondo daude, nire senarrak ez dauka inongo sintomarik. Bera astean behin ateratzen da erosketak egitera. Zaborra botatzera egunero jaitsi behar du, txikienak pardela erabiltzen duelako. Eskilaratik jaisten da maskararekin.
Lankide batzuk egoera berean ditut, eta horiek ere 12-15 egun daramate bakartuta.
Zer moduz sentitzen zara, osasunari dagokionez?
Gaztea naiz, osasuntsu nago eta esaten didatena egia bada, ez zait ezer gertatuko. Hezur eta hankeko minekin hasi nintzen eta egunak aurrera joan ahala min hori joan egin zen. Gero sudur kongestioa iritsi zen. Usaimena eta dastamena galdu ditut. Sukarra ez dut izan, 37,4 C egun batean bakarrik. Buruko mina oso tarteka, eta Paracetamol batekin nahikoa izan da. Beherakoa izan nuen, pixka bat, egun bakarrean. Normala izaten da, eta etorri bezala joaten da. Eztula oso gutxi, pare bat egunetan eta oso modu isolatuan. Oso modu arinean pairatzen ari naiz Koronabirusa.
Zehaztuko zeniguke zein den zure lana ospitalean?
Gaixoen garbiketa lanak, sendagaiak eman, medikuarengana pasa, gaixoarekin egon... Lanean gazteenetarikoa naiz, eta oso giro ona dugu. Nire lagun minek ere han egiten dute lan, kanpoan ere harremana dugu. Lagungarria da, bagara sei erizain kutsatuta eta egunero elkarri mezuak idazten dizkiogu.
Lan egiten dugun solairua pazientez bete da. Gauza berria da guretzat, inoiz ez garelako honen aurrean aurkitu. Isolatuak dauden pazienteak izan ditugu. Bata, eskularruak eta maskara jarri behar izan ditu baina horrez gain betaurrekoak, txanoa, eskularru bikoitza... Dugun presioa handia da. Ondo lan egiten ari garen edo ez, kutsatuko naiz edo ez... Oso pisutsua da horrrela lan egitea.
Pazienteak bakarrik daude, eta adinari dagokionez denetik dugu. Konplikazioa arnasketarekin izaten da. Aitona-amonak oso bakarrik daude, eta ez dituzte guk ditugun medioak: Internet edo eskuko telefonoak.
Gu sartzen gara logelara gure lana egitera, baina ezin gara denbora gehiegi egon. Kutsatuta daude eta aukera gehiago dago kutsatzeko. Gehienok umeak ditugu, baina horrelakoetan ere, gure lana ahalik ondoen egiten saiatzen gara. Hala ere, gero etxera bueltatu behar dugu.
Neurri zorrotzak bete behar dituzue...
Bai. Lanerako arropa jantzi, solairura igo eta lanaldia amaitzean xaboi bereziarekin dutxa hartu. Beste arropa bat jarri, eta gero aldagelan norberaren arropa janzten dugu. Azken asteetan protokoloa maiz aldatu da eta ezjakintasun handia egon da. Eta hori pisutsua egiten da langileentzat. Baina hain giro ona dugunez, elkarri lagunduz ari gara.
Prebentzio medio guztiak beharrezkoak dira, zuentzat eta denontzat.
Etxean geratu behar dugu, oso-oso inportantea da hori. Ezin ahaztu dendariak, botikariak, garbiketa lanean dabiltzanak, poliziak… Isunak jartzen dituztela? Jarri behar dituzte, hau ez da txorakeria. Birusak edozein hil dezake. Aberatsa izan, medikua ala erizain izan. Hau igaroko da eta denok aldatuko gaitu. Jakingo dugu bereizten zer den garrantzitsua, eta ezer ez: kafe bat hartzea bikotearekin, edota lagunekin egotea zeinen inportantea den konturatuko gara.
Gauza asko aldatu behar dira. Ez gaude ohituta, zailak dira gauza hauek baina ikasi beharra dago eta gertatzen ari zaiguna onerako izango da. Dena pasatzean pertsona hobeak izateko izan dadila. Orain elkartasun handia dago. Nire ama alarguna da, eta bakarrik bizi da Txitibar plaza aldean. Bizilagunek lagundu egiten diote egun hauetan. Zenbat jende bizi den bakarrik, zer pentsatua eman behako liguke.
Niregatik ama bereziki kezkatuta zegoen, baina egunero hitz egiten dugu eta ondo nagoela entzutean lasaitu egiten da. Neu oso positiboa naiz, objektiboa, eta egia kontatzen diot. Ahalik eta azkarren sendatu nahi dut lanera bueltatzeko. Nire lanarekin maiteminduta nago, oso gogoko dut eta hor egon behar dudala sentitzen dut.
Txalogarria da, garai zail hauetan...
Edozein izan daiteke positibo, eta otsoari belarriak ikusi arte ez gara neurriak hartzen hasi. Oro har, ezer egongo ez balitz bezala ibili gara eta kutsatu garen gehienak prebentzio mailak ezarri aurretik kutsatu gara.
Kalean ez egotean jende gehiago ez kutsatzea lortu da. Txinan zer gertatzen zen ikusten ari ginen, baina oso urruti dago Txina.
Espainian eta Italian ez dira hartu beharreko neurriak hartu eta horrela joan zaigu. Gauzak gaizki egin dituztela? Beti bezala. Esaten dutena baino jende gehiago dago kutsatuta. Guri bai edo bai egiten digute proba, oso beharrezkoak garelako.
Krisia sortu zenetik 12 orduko txandak egin ditugu. Bi egunez jarraian 12 orduko lanaldiak egiten ditugu. 07:30etik 19:30era, eta hurrengo egunean berdin, baina arratsaldean hasita... Atseden hartzeko hiru egun ditugu eta gero berriro lanera. Guk horrela egiten dugu lan.
Presioa handia da. Norbait hiltzen bada protokoloa aldatu egiten da, eta gogorra da. Jendea bakarrik dago. Ez da beste heriotza bat bezala, familiak ezin dio hildakoari eskua hartu, edo agur esan... Oso gogorra da.
Gizarteak egunero txaloak oparitzen dizkizue, bestalde. Zuri bereziki Kaletxikitik ere iritsi zaizkizu...
Lehen egunetan negar egiten nuen. Oso hunkigarria da. Denok dugu ezagunen bat erizain dabilena, eta gure lana besteena bezain inportantea da. Txaloena benetakoa dela ikusten da. Emozio handikoa izan da, negar asko egin dut.
Kaletxikiko Amaia Bakero nire ahizparen lagun mina da. Kutsatuta nengoela jakin zuenean, auzoan aipatu eta txaloen bideoa bidali zidaten. Negar egin nuen bideoa ikustean. Bazkardon ere kartelak jarri zituzten, eta beste bideo polit bat helarazi zidan Nemuxeko Ramonek.
Ea egoera ez den asko luzatzen, ea ahalik eta gutxien kutsatzen garen eta ea ahalik eta aitona-amon gutxien joaten zaigun. Prebentzioa oso garrantzitsua da, serio hartu behar da. Hau ez da txantxa, jende asko hil egin da eta jende asko hilko da.