Gai mamitsuak dituzte esku artean gaurko honetan ere: Corona zera zerako hori (ez dezagun izen osoa esan, nazka izugarria ematen digu eta) eta Ortega Cano. Zinez ez dakigu bietako zein izan den okerragoa baina eguneratu dugu gure kultura Juradistikoa. La mas grande beti izango da la mas grande.
Atzo komunaren bueltan sortu zuten iraultza lasaitu zitzaigula zirudien. Gure boltxebike sofistikatu txikiak baretu zirela uste genuenean, lasaitasun arraro bezain deseroso bat bizi izan dugu goiz guztian zehar. Irri txikiak entzun ditugu lanak ematen duen seriotasunaren erdian; goizeko isiltasuna hausten zuten ordenagailuko teklez gain, etengabeko xuxurla entzuten zen gure neska motzen logelatik.
Ez dakigu zertan ibili diren, edo hobeto esanda, ez dugu badaezpada zertan ibili diren jakin nahi. Ostrukak burua lurraren azpian sartzen duenean bezala egin dugu, gure burua babestu nahian. Hala ere, jakin poz pozik daudela.
Gaur ez diote telebistari zuenean hitz egin, ez dute komuneko iraultzarik errepikatu eta ez da zunba saiorik izan. Hitz gutxitan esanda: Sálvame lasai ikusi dugu. Ez da gure bizitzako planik onena baina hala suertatu da: Sabrinarik gabe bakerik ez. Martiri izateko bidean gaude, Santa Agedari bularrak moztu zizkiotenean bezala, baina XXI. mendeko bertsioan.
Bakea hautsi da, tregua garai haietan bezalaxe. Goseak eten du lasaitasuna eta bakea, antsietateari bide emateko. Gourmet-ak omen dira orain eta ia berrogei minutu dira sukaldean hasi direla: kokretak egin behar omen dizkigute. Bai, ondo irakurri duzue: KO-KRE-TAK. Halaxe deitzen diete debekuaren bidea hartu duten borobiltxo goxo horiei.
Youtubeko bideoak jarri dituzte, Juanito Valderramaren musika eta osagaiak atera dituzte mahai gainera. Ondoren, telebista lasai ikusteko esan digute; edo argazkiak ateratzeko; edo zerbait idazteko. Bota egin gaituztela, alegia.
Ordu erdiz egon gara aspaldian egiten ez genuen hori egiten: katea gora eta katea behera, telebistak eskaintzen diguna ikusten. Aspertu gara eta gure etxea salbu eta egoera egokian ote zegoen jakin nahi izan dugu. Jakinmina piztu eta isilean, makurtuta eta kasik arnasarik hartu gabe, sukalderaino hurbildu gara. Narrasti lanak egiten ari ginela hizketan nabaritzen genituen. Hala ere, ez posau, ez robau ezta mamárik, serio ari ziren hizketan.
Belarriak erne jarri ditugu, atearen ondoan paratu gara eta hortxe topatu ditugu hurrengo Masterchef-eko irabazleak: Orrialde horiak hartuta Andoaingo taberna eta jatetxeetara deika. Horrenbeste maite duten Andoainen Telekokretarik ez ote dagoen galdetu digute eta ezetz erantzutean, maiteminaren lehen estadioko aurreneko frustrazioa bizi izan dute. Ea Goiburuko Estebek kamioian ez lituzkeen hiru bat dozena kokreta herrira jaitsiko eta halako plan surrealistak proposatu dizkigute. Guk ezetz, Goiburun ere badutela nahiko lan.
Pentsatuko zenuten zertan ari garen etxeko biak: ordenagailua eta kamera irinez zikintzen. Guk egingo dizkiegu kokretak, Sabrina handiari ere noizbait gustatuko zaizkiolakoan.