Koronabirusa

Gazteentzako ekintzak sare sozialen bitartez Gazte Lokalaren eskutik

Aiurri 2020ko api. 3a, 11:23

Artxiboko irudia. 2019ko Gazte Asteko kartel lehiaketaren sari banaketa.

Gazte Lokalera joan ohi diren gazteekin gai ezberdinen inguruan hitz egiten dute dinamizatzaileek bideo deien bitartez, taldeka edota banaka.

Hauxe Andoaingo Gazte Lokaletik zabaldu duten mezua:

Egun hauetan dugun egoera dela Topagunean lana egiteko modua moldatu beharra izan dugu eta arreta zuzena modu digitalean egiteko beharraz ohartu gara. Guretzako helburu nagusiena, zerbitzura etortzen diren nerabeekin harremana mantentzea da. Nerabeak ere etxean daudela ikusirik garrantzitsua iruditzen zaigu beraien aisialdia dinamizatzeko saiakera egitea. Ez dugu ahaztu behar ere, gazteak ere egoera honekin kezkaturik daudela, eta gazteria arloko profesionalak gertuko pertsonak garela beraientzat, konfidantza guneak eskaintzen dizkienak. Beraz, Topagunean argi daukagu plataforma ezberdinak erabiliaz gazteek dauzkaten kezka eta zalantzak argitzeko aukera dugula. Sare sozial desberdinak erabiltzen ari gara eta modu honetan gazte gehiengana iristea lortzen dugula bermatu dezakegu. Beraiek gurekin harremanetan jartzeko ere aukera dute.

Gazteen ordutegi eta nahietara egokitu gara. Astero proposatutako ekintzak ikusirik, zein ekintza gustuko dituzten ikusten da. Galdera irekien bitartez ere, jasotzen diren proposamenak ere kontutan hartzen dira, beti ere ikuspegi hezitzailea ahaztu gabe.

Asteko plangintzan, gaitasun ezberdinak lantzeko ekintzak proposatu dira. Ekintza horiek gauzatzeko kontuan hartu da etxe guztietan egon daitezkeen baliabideak eta mugak. Besteak beste, eskulanak, frogak, sukaldaritzako ekintzak... Asteazkenetik igandera ekintza desberdin bat proposatuko zaie, batzuk ordu konkretu batean egiteko, beste batzuk ordu finkorik gabe.

Instagram eta WhatsApp sare sozialen bidez komunikatzen gara gehienbat nerabeekin (nahiz eta informazioa beste sare sozial batzutan ere zintzilikatu: Facebook, Blog...). Instagram oso ezaguna da gazteen artean eta gustoko dituzten euskarriak erabili daitezke: argazkiak, stories, galdera-erantzun, bideo deiak, zuzeneko bideoak..., beraz, modu eroso batean mugitzen dira.

Guzti hori kontutan egukirik, ekintza hauek antolatu ditugu:

Apirilak 3, ostirala: Patata-tortilla tailerra.
Apirilak 4, larunbata: Botila Challenge-a.
Apirilak 5, igandea: Kirol erronkak egin.

Bideo deiak
Arreta zuzena Gazte Lokalera etortzen diren gazteekin taldeka edo bakarka bideodeien bidez lantzen dugu, gai desberdinei buruz hitz eginez: beraiek nola sentitzen diren, zer egin nahi duten... Talde zehatzekin ere ekintzak antolatzen ditugu beraien beharren arabera.

Egunero ere informazioaren zabalkundea egiten dugu:

  • Gazte Lokaleko txoko desberdinei buruzkoak.
  • Herrian burutzen diren ekintzen berri ematen da.
  • Gomendioak
  • Inkestak
  • ...
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!