Gazte gara, gazte! esaldiaren olatuaren uberan zabiltzatenontzat, hemen azalpentxoa: garai batean, orain baino gazteago ginenean, Donostiako hondartzetan entzuten zen esaldi errepikakorra zen. Irudika ezazue unea: haurra hondartzan atzera eta aurrera, marea gora eta gero eta turista gehiago arean. Egarria sartu zaio haurrari eta egia esango dizuet, nazka-nazka eginda dago ura edateaz (beraz, pentsa egarria zein tamainakoa zen urari muzin egiten bazion) eta entzun du hitz egin ez baina ulertu, primeran ulertzen duen gaztelanian: patatascocacolafantacerveza. Dena ulertzen du: badaki patatek gatza dutela eta ez zaiola halakorik komeni baina koka-kola fresko bati nork ez dio ezetz esaten?
Haurrak telebista ere ikusten du eta telebistak garuna urtu dio hein handi batean: latorri gorrizko latari izotz zati txikiak irudikatzen dizkio eta egarria kenduko dizut, egarria kenduko dizut errepikatzen dio etengabe.
Noski, latak ez zuen ezer esaten, plastikozko kubo batean baitzihoan, besteak beste. Patatak eta freskagarriak ahots gora esaten zituena ez zen itsaslamia bat, hondarretan hara eta hona ibiltzeaz nazkatuta zegoen gizona baizik. Hala ere, TELEbista, TELElana eta TELElu eta Carmenen garaian gaudenez, esan liteke hura izan zela atez-ate (edo toailaz toaila) saltzeko marketin kanpaina zorrotza egin zuena: bero saparen esklabuei edaria eskura ematea. Noski, jakingo duzue bueltan zenbateko txanpon festa eskatzen zuen.
Bide batez, jakina izango duzue noski, zuen buruak bertan jartzen badituzue, zein izango zen gure helduen erantzuna Koka-kola eskatzearen galderari: bai jauna (edo andrea), ezezko borobila. Gaiztakeriarik eta zitalkeriarik maltzurrenaren erdigunean kokatzen nituen nire inguruko helduak. Haur bati edaria ukatzea ere!
Orain ondo ulertzen ditut belaunaldi bateko aldea ateratzen zidaten horiek. Nik ere ez nieke haurrei urrearen prezioan saltzen den ezer erosiko baina ez iezaiozue inori esan, mesedez.
Argazkilaria eta biok patatascocacolafantacerveza errepikatzen ibili gara, Operación Triunfoko gaztetxoek baino ahots hobearekin. Hondartza etorri zaigu burura eta horrekin batera uda, beroa, kalea eta jendea. Nostalgiak gure baitan gogor jo behar zuenean (erne, orain dator testuaren jira), gure neskek orainaldira ekarri gaituzte bueltan: gose dira.
Atzoko kokretekin nahiko ez dute izan eta Buruntzako harrobiaren tamainako urdailak janari eskean dituzte. Urdaila hauei eskean eta hauek guri, noski eta ostirala denez, erosketak egin behar dira. Bai, koka-kolarena erosketa zerrendan apuntatu gabe doa, oinarrizko edari bihurtu da.
Komunikabideetan azken ordu hauetan azaldu dena bete dute ondoren; soziologiaren aztergai peto-petoak ditugu gure neskak: patatak, azeitunak eta garagardoa nahi dute astebururako. Kokretekin nahikoa ez, eta orain hau. Beldur gara supermerkatura iritsi, halakorik ez aurkitu eta etxera itzultzean kasketa merkea izatea ordainetan.
Badaezpada, gezurra esan diegu. Andoainen Madonals bat dagoela asmatu dugu (bai, ondo irakurri duzu: madonals, c gabe) eta laster berriz ere martxan dagoela ere esan diegu. Ez arduratu, biharko pentsatuko dugu eta jatetxearen kokalekua. Proposamenik baduzue, zuek esan lasai. Bitartean, gogoratu zuek ere hondartzan ederki ibiltzen zinetela: patatascocacolafantacerveza! Gonbidatzen, mese?