Koronabirusa

"Laguntzeko prest dagoen herria gara"

Mikel Arberas 2020ko api. 5a, 10:31

Maialen Mujika Andoaingo Covid Bolondres taldeko kidea da: "Esker oneko mezu asko jaso ditugu, eta benetan pozgarria da pertsona helduek gugan jarri duten konfiantza".

Argi utzi nahi du andoaindar oso ezberdinak elkartu direla Andoaingo Covid Bolondresen taldean, eta "krisi egoeran laguntzeko prest dagoen herria dela" erakutsi dutela.

Zer dela eta hasi zineten bolondres bezala lanean?

Andoainen martxoaren 12an jendea urduri jartzen hasi zen, Koronabirusa dela eta. Hurrengo egunean etxean geratzeko aholkua eman zuen Espainiako Gobernuak; baina zetozen egunetan aholku hori behar bilakatu zen, kutsatuak saihesteko. Italiako egoera zein zen bagenekien, eta ikusi genuen han  pertsona batzuk bolondres gisa laguntzen ari zirela. Segituan Andoainen kuadrilla bat gaiaren inguruan hitz egiten hasi zen eta denbora gutxira talde bat osatu zuten. Whatsapp bidez taldera batzeko aukera zabaldu zen.

Pandemiaren ondorioz behar batzuk azaleratuko zirela ikusi genuen, batez ere arrisku egoeran zeuden herritarrei laguntzeagatik ekin genion.

Erraza izan zen lanean hasteko gestioak egitea?

Ez zen oso erraza izan. Pandemia bat dagoenean, Alerta egoera  bizi dute pertsonek. Oso ohikoa da ezjakintasuna, urduritasuna eta beldurra. Beraz, oso zaila da horrelako egoera batean jendeari laguntzeko konfiantza helaraztea. Ezinbestekoa iruditu zitzaigun instituzioen laguntza. Hasiera batean, Udalarekin kontaktuan jartzen saiatu ginen, baina tamalez ez genuen erantzunik jaso. Gure kasa hasi ginen lanean. Egun gutxira, Gurutze Gorriarekin kontaktuan jarri ginen.

Nola lortu zenuten horren talde osatua biltzea?

Guztia ondo irten da hasieratik, talde antolatua izan garelako. Koronabirusagatik herrian behar batzuk egongo zirela ikusi genuen: batetik, haurren zaintza. Hasieran gurasoek lanera joan behar zuten eta haurrak senitartekoekin edota aiton-amonekin uzten zituzten, beraz, arrisku egoeran zeuden pertsonekin. Behar handia ikusten genuen bertan.

Bigarrenik erosketa taldea. Arrisku egoeran dauden adineko herritarrak daude Andoainen. Gauzak horrela, arrisku egoeran ez gauden herritarrok euren lana egitea pentsatu genuen, betiere guztion osasuna bermatuz.

Hirugarren taldea, garbitasuna edo higienea da. Babes hori bermatzeko materiala behar genuen, eta mugimendu handia egon zen beharrezko materiala lortzen saiatzeko.

Laugarren taldea osatu da, sustapen eta hedapen taldearena. Talde hau arduratzen da informazioa helarazteaz, sare sozialak kudeatzeaz eta, oro har, beharrezko informazioa jendeari zabaltzeaz. Gurutze Gorriarekin lotura dutenak dira, eta baita beharrak dituzten bizilagunekin kontaktuan egoten direnak ere.

Zer dela eta Gurutze Gorriarekin elkarlana?

Taldeko bat eurekin hitz egiten hasi zen, eta hasieratik oso harrera ona jaso genuen. Geure lan egiteko moduarekin bat zetozela esan ziguten. Horrez gain, zortea eduki genuen, egin behar genituen gauzak egiteko material nahikoa baitzuten. Gurutze Gorriak konfiantza handia ematen du eta, horrek, aurrera egiten lagundu digu.

Nola gestionatzen dituzue deiak eta eskakizunak?

Gurutze Gorriarekin elkarlanean hasi garenetik babesa handiagoa jaso dugu, eta adineko jendeari informazio gehiago helarazi diogu. Andoaingo Udalak gure berri eman zuen azkeneko unean, baina egia da gurekin kontakturik ez dutela eduki. Badakigu ere deiak egon direla 75 urte gorako pertsona helduei nola dauden jakiteko, eta zerbait behar badute Gurutze Gorriarekin eta Andoaingo bolondres taldearekin kontaktuan jartzeko esan diete. Horrez gain, Osakidetzan ere geure taldearen berri eman dela jakin dugu eta horregatik eskerrak eman nahi dizkiegu.

Dei asko Gurutze Gorriari iristen zaizkio zuzenean, eta dituen eskakizunen arabera erosketa taldeari pasatzen diote deia. Sustapen taldeak bitartean kontaktua mantentzen du laguntza eskatu duen pertsona horrekin, konfiantza helarazteko.

Hori guztia eginda, pertsonari errosketa zerrenda eskatzen zaio eta zein ordutan pasatzea nahi duen galdetu. Horren arabera, bolondresa Gurutze Gorriarekin batera erosketak egitera joaten da.

Gurutze Gorriaren eta geure koordinazioak oso ondo funtzionatu du. Oso pozgarria izan da arrisku egoeran dauden pertsonengana iristea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!