Jaxone Usandizaga eta Agustin Urretabizkaia Andoaingo Udaleko kale garbitzaileak Zumea kalean topatu ditugu lanean.
Nola ari zarete antolatzen egunotan?
Hamar lagunek osatzen dugu lan taldea, eta gure arduradunak bitan banatu gaitu osasun krisia izendatu zenez geroztik: aste bat lanean eta beste etxean, horrela txandaka. Binaka lagun kamioi banatan eta bosgarrena zakarrontziak husten ari gara, eta lan ordutegia 07:30etik 11:30era luzatzen da.
Zeintzuk dira zereginak?
Kaleak oso txukun daude, jakina, baina gure zeregina askotarikoa da, batez ere jendea gehien dabilen tokiak (saltokietako sarrera inguruak, bus geltokikoak…) eta gizakien eskuen kontaktua izan duten elementuak (barandillak, eserlekuak…) desinfektatu eta garbitzen ari gara.
Babes neurriak hartzen ari al zarete zeuek ez kutsatzeko?
Beharrezkoa direnak, bai. Eskularruekin aritzen gara eta makina-barrualdea edo lan-tresnak erabili aldiro alkoholarekin garbitzen ditugu. Nolanahi ere, beti geratzen zaigu zalantza noraino den nahikoa…
Zuetako inor gaixotu al da orain arte?
Lankide bat gaixotuta dago, baina ez dakigu birusak ala beste edozerk jo dion. Proben emaitzaren zain dago.
Kaleak garbiak ez ezik, jendez hustuak ere topatzen ari zarete.
Bai, eta sentsazio arraro samarra da; inpresioa ematen du kaleak huts-hutsik ikusteak! Goizeko orduetan batik bat, kamioi-garbitzailea gidatzen zoazenean adi-adi ibiltzea eskatzen dizun une kritikoa izaten da, giza mugimendu handia izaten baita kalean gora eta kalean behera: Haurrak eskolara, jendea lanera edo enkarguetara… Orain, ostera, alde banatara eta atzera begira jarri, eta inguruan inor sumatzen ez! Lasaitasuna bai lan egiterako orduan, baina hotzikara pixka bat ere eragiten du panorama horrek.
Kalera, batik bat 50-60 urtetik gorako jendea ari da ateratzen, goizez behintzat, eta enkarguetara doaz gehienak. Ume eta gazteen arrastorik ez, ezta balkoietan ere! Ikusita dago nahikoa lanpetuta dabiltzala ikastetxeetatik agintzen dizkieten etxeko-lanekin. Orohar, egunez egun gutxitzen joan da kalean dabilen jende kopurua; eta dabiltzanak, gero eta gehiago maskarilla jantzita.
Beste zerk deitu dizu arreta jendearen jokabideari dagokionez?
Normaltzen edo egokitzen ari garela salbuespeneko egoerara, esango nuke. Izan ere, zenbait jokabide ulertezinagoak ziren aurreneko egunetan; esate batera, zakarrontzietan zakarrak uzten zituzten askok, edukiontzietan utzi besterik ez-eta. Saltoki handietan ere, egundoko ilarak sortzen ziren… Horrelako detaileak ezkutatzen ari dira egunerokotasunetik.