Mediterraneo itsasoaren kresala sudur zuloetara sartu zaigu, benetan pasako balitz bezala, haurdunaldi psikologikoetan gertatzen den moduan, gutxi gora behera. Gatzdun pipak jaten egon gara eta horrek lasaitu gaitu hein handi batean: pipen gatza sudur zuloetatik sartu zaigu, hasieran leun, eta horra hor Mediterraneoaren oparia, doministikuka hasi garen arte. Pipa janak Katalunian mantendu gaitu, doministikuez gain, ondoan genituen bi kakatuak pipak jan eta jan ibili baitira, palmondoetan egoten diren perikitoen modura.
Pipa azalak lurrera bota dituzte eta horrek sutu egiten gaitu argazkilaria eta biok. Kris-kras hotsa gutxi ez balitz, ahotik bota dituzte azalak zuzenean lurrera. Begiratu zorrotza eskaini diegu eta ondoren, erratza hartu beharko dutela esan diegu. MadredeDios… Ohiturak ohitura direla ez digute esan ba?!
Pentsa dezakezue nola jarraitu duen kontuak… elkarbizitza altxorra omen da baina guri altxorra zeraman itsasontzi piratak aspaldi egin zigun alde. Bi orduz gelan sartuta egon dira, egongelara itzuli diren arte.
Honenbestez, elkarrizketa mahaira deitu ditugu. Elkarrizketa mahaia sukaldean dugun mahai borobila da baina etxe honetan edozerk balio du gelditzen zaigun Tourmalet izugarri honen aldapak leuntzeko. Gainera, izen erabat ponpoxoa jarri diogu eguneroko mahaiari.
Damutu gara atzo esandakoaz. Honatx zergatik: pipa azalak lurrera botatzea zerrikeria handiena dela etxean ere entzun dutela onartu ondoren (Miren Terese handiak esaten omen die), urdail-negoziazioekin hasi dira eta hortxe etorri da hanka sartzea.
Atzo erabat hauspotu ginen etxeko señorekin, Andoaingo Madonalsek ateak ireki behar zituela esanez. Ez dakigu musean jolasten (gure euskalduntasuna horrekin neurtuko balitz, akabo!) baina atzokoarekin sekulako ordagoa bota genien. Hauek ordea, harrapatu eta planarekin jarraitzeko asmotan azaldu dira.
Pipa azalen zerrikeriaren ordainetan Madonalseko telefonoa emateko esan digute, bazkaltzera gonbidatzen gintuztela esanez. Pentsa nola erori zaigun kopetatik behera izerdi tanta lodia… Nola atera endredutik? Estrategia bila hasi gara eta bat ere ez zaigu ona iruditu.
Gure telefonoa eman eta komunean izkutatzea otu zaigu, deitzen zutenerako ahotsa aldatu eta tamalez Madonalsa itxita dagoela esateko. Bi atsoetako bat komunean sartu zaigu, ordea eta hauen komuneko egonaldiak euskara ikasteko barnetegi bat baino luzeagoak direnez, bertan behera utzi dugu ideia txatxua.
Isildu gabe errepikatu digute, minutuak joan eta minutuak etorri, Madonalsen bazkaltzera gonbidatzen gintuztela, izozkia eta haurrentzako oparia barne eta gero txurro batzuk jango genituela postre moduan. Orduan iritsi da inspirazio merkea gure garun urtuetara: argazkilaria malkotan negarrez hasi da (horretarako gaitasuna badu gure neskak) eta triste esan die Madonalseko pailazoak beldurra ematen diola eta mesedez, haurtzaroko trauma baten ondorioz hanburgesak usaindu ere egiten ez dituenez, gaia ez mahai gaineratzeko. Bai, bai, bai serio batekin jarraitu diot nik (ez naiz oso iaioa antzerkiei jarraipena egiten) eta estu eta larri ikusi gaituzte nonbait bi ahizpa maiteek (eskerrak!).
Okerreagoa bota digute, ordea: halako traumak Sálvame Deluxen kontatu behar ditugula esan digute, argazkilariari haurtzaroa lapurtu ziotela eta horrek indemnizazioa merezi duela. Beraiek deituko diotela Gorka Xabier izeneko bati. Argazkilariari begiak zabaldu zaizkio eta gorri-gorri eginda jarri da, erremeyua gaitza baino okerragoa izan daitekeelako. Nik bitartean, galdera bat sortu dut buruan baina ez diot porsiakaso inori esan: Deluxe ere ez al dira Madonalseko patata batzuk?