Ea, esan dezagun argi: Tomiseko San Papo eta San Jose Himnografoa bi santu dira, bai. Santopedian begiratu dugu (ez egin barrerik, benetan sarean topa daitekeen webgunea baita) eta bertan ageri dira, bat bestearen ondoan. Lehenengoa errumaniarra zen eta bigarrena siziliarra. Ez daukagu oso argi zer balentria edo mirari egin zituen lehenengoak (tira, bigarrenak ere ez) baina Siziliako gizonak poemak eta ereserkiak idatzi omen zituen; hortik datorkio himnografo izena.
Grabitatearen indarrak dakarren lepapearen dilindarekin politikan sartu nahian ibili dira gure bi atsoak. Himnografoa martxan jarri dute eta aspaldi-aspaldi super-aspaldi espainiar estatuko irrati guztietan entzuten zen libertad sin ira kanta hura behin eta berriz errepikatzen ari dira. Demokraziaren alabak omen dira eta amesgaizto bihurtu zaigun hitza ahoskatzen dute etengabe: lehendakaritza.
Atzo etxean topatu genuen anabasak ez du deskribapenerako argazki grafikorik. Etxean gordeta genuen mahai txikia atera zuten (armairuari kolpe pare bat ere doan emanda), bazpare abizenadun familietatik gatozenez eta bazpare Orrialde Horiak (paginasamarillas, familiyantzat) gordeta genituenez, hauek hartu eta bi orrialde kendu zizkioten. Boligrafoak, landare txikiak, koka-kola eta txurro festa.
Ez genuke errepikakorrak izan nahi: oso ondo dakizue nola sentitzen garen. Gurasoen etxeetara alde egiteko plana ere pasa da gure burutik eta zin dagizuegu gosariko tartea estrategiak pentsatzen pasa dugula. Lasai, ordu erdira estualdia arindu zaigu eta: hobe sufritzen egotea, okupazioaren mugimenduari hauek gehitzea baino.
Txora-txora eginda dabiltza telebistarekin, twiterrekin, instagram eta sare sozial guztiekin. Donald Trumpen parera iristeko asmotan omen dabiltza. Itsasoz bestaldera dagoen agintariak esan du II. Mundu Gerran jazo zen Pearl Harborren aurkako erasoa berriz biziko dutela: aste oso txarra omen datorkie.
Gure neskek, liburuak, aldizkariak eta interneta erabili dute gaur goizean (eta isilik egon dira, behingoz): Pearl Harbor baino, bizi garen egoerarekin Andoainek 1837an bizi izan zuen Gudua ekarri dute gogora. Galdetu digute gertatu zenaz eta argazkilariak azaldu die arma eta guzti irten izan dela bera. Armak eta emakumeak hitzak esaldi berean entzutean maaalooo esan dute eta ez zaie ideia gustatu.
Madrilera deika ibili dira ondoren. Guduaren gaia ez dute Pearl Harborrekin alderatu nahi izan, antza eta lehen kontaktuak egiten ibili dira primiziya edo esklusibaren bat saltzeko.
Testu hau idazteko ordenagailuaren bila joan garenean, txurro-olioz zipriztinduta aurkitu dugu. Ez gara detektibe izateko jaio baina bistan da gertatu dena. Ez diegu ezer esan, porlapazunavemaría. Pipa azalak lurrera botatzea bezain kulturala dute ordenagailua gaizki itzatzea eta bertan erabilitako programa eta dokumentuak irekita uztea.
Atera zuek kontuak. Orain Lehendakaritzarako bidean omen daude. Guk jubilazioa eskatu nahi dugu edo gerra garaiko indemnizazioren bat. Bestela santuren bat gurtuko dugu eta aukeratzen hasita, santopediak gaur eskaintzen dizkigunak aukeratuko ditugu: Santa Gala, San Eutikio eta San Filarete. Mirariren bat egingo ahal dute!