Gutuna:
Badira hiru aste pasatxo etxe barruan gaudela; egon beharra ulertu, eta onartzen dugu.
Etxeko itxialdi horrek denbora ematen digu guztioi ere hainbat hausnarketa egiteko honetaz eta hartaz. Gogoetarako aldarte horretan barrena, geure inguru naturalera inoiz baino gehiago jarri gara begira, eta geure kasuan, umiltasunez aitor dezakegu oso toki ederrean bizi garela.
Paisaia idilikoa agertzen zaigu begi aurrean egunerokotasunean, goizean goiz txorien kantuekin esnatu eta euren kontzertu anarkikoarekin batera jaikitzen garenez geroztik. Tren Txikiko bideak paisaia idiliko bat marrazten digu, eta pribilegiatu batzuk sentitzen gara horrexegatik.
Baina konstatazio horrekin batera, aldi berean, zerbaiten falta sumatzen ari gara, huts samar sentitzen ditugu geure barruak. Egia izan arren habitat bukoliko horretan, landareak, zuhaitzak eta animaliak (katagorriak, iskinosoak, zozoak, ardiak, zaldiak...) beren presentziari eta nortasunari eusten diotela, eta beti bezain bizi zale jarraitzen dutela, eguneroko aurpegien eta agurren falta sentitzen ari gara. Oraintxe ari gara ohartzen zenbateko faltan sumatzen ditugun, bakarrik zein kuadrillan, Plazaolako bide horretan ibiltzeko ohitura duten pertsonak, diosala modu atseginean egiten diguten andoaindarrak.
Izan ere, Tren Txiki umezurtz dago azken aldian, triste esango genuke. Pasiatzea eta naturaz gozatzea maite duten pertsonen arrastorik ez, parean topatuz gero bi hitz gurutzatzeko pronto dauzkagunak, edo eta, etxe aurreko bankuan pausatu, eta patxada hartuta berriketan aritzeko batere erreparorik agertzen ez dutenak.
Banku horrek ere honezkero igarrita dauka zerbait anormala gertatzen ari zaigula gizakioi, bakardadean utzita baitaukagu aspaldintxoan. Naturak, animaliek, zuhaitz eta landareek eta gizakiek osatu ohi dugun kuadro armoniko horri ezinbesteko elementuren bat falta zaiola, alegia.
Aitzitik, eta inoiz ez bezala, polizien presentzia da areagotu dena, udaltzain zein ertzainena... Urtean zehar, eta egoera normalizatu batean, gehiago ikusi nahiko genituzke, geure baserriak edo ondasunak seguruago sentitzeko.
Besterik gabe, eta sufritzen ari garen amesgaizto hau berandu baino lehen atzean utzi eta berriro ere denok sano eta salbu etxe aurre honetan elkar ikusiko garela desiatuz, jaso ezazue gure besarkadarik beroena.