GOI TENTSIOKO KABLEETAN - 1
Malabaristen moduan
oreka topatu nahian
goi tentsioko kableetan
dantzari gabiltzan txoriak gara.
Bihotza kiskaltzeraino maite ditugun
lagunen indarraz egiten dugu egunerokoan aurrera,
ez baita borrokarako grina zaharrik
borroka grina oraina denean.
Elkarren irribarreen besarkadetan
urtzen garen izozkiak gara,
elkarren indarren pausaleku,
tentsioak askatzeko elkarren sorbalda.
Zer gara ba gu:
hegan aske egin nahi duten txori errariak,
hegoak astinduz haize bolada traketsak
eragozten dituzten arrano biziak,
hegoak zabalduz herria besarkatzea
amets egiten duten ameslariak.
Eta hori lortu bitartean
ezinbestean jarraituko dugu
goi tentsioko kableetan dantzan,
ez baita borrokarako grina zaharrik
borroka grina eta pipermina
gu geu garenean.