Gaua

Maddi Trutxuelo & Joni Ubeda 2020ko api. 8a, 20:51

"Gizona mixerable da gizon izaten hasteko eskubideen deklarazio bat behar badu", Joxe Azurmendiren aspaldiko poesia gogoan iltzatuta geratu zitzaidan. Haren bila joan naiz apalategira. Gaua poetaren bidelagun izan ohi da. Gure poeta lirikoak urte batzuk beranduago ondotxo idatzi zuen bezala, "gauari utziko dizkiok guztiak / hark bakarrik zekizkik eta estaltzen hilotzak erabat".

Ez dut sekula hitz egin

 

Ez dut sekula hitz egin

nire minaren handia.

Beste mundukoa baitut

eta bertsoen etsaia.

Alfer-alferrik egin dut

halako bertsoaldia

ez dut sekula hitz egin

nire minaren egia.

 

Eta badut kantsazioa

arimaren barrenean

lor astun ezin jasana

nire begion gainean.

Betiko loa nahi nuke

presentearen atean.

(Nire gelatik kanpora

gau da nik hau idaztean).

 

Gau da nik hau idaztean,

nekearen marigora

erreka otoitz kexua

behe hortatikan gora.

Gizona bizi da baina

beharraren ariora.

 

Eta naiz gizona

zauriturik dagona,

duena zartaturik

gogoaren sakona.

Torturatu azkengabeak

bihurtuta sentona

eta hala ere bulartsu.

Zeren eta jaio

nintzen euskalduna.

 

Herri madarikatu

santuan jaioa,

herri ez duenean

fede abaroa,

zeruak behar du-eta

bere berdugoa.

Herritar labean

kontentu kiskaltzen da

fraile frantziskanoa.

 

Herri triste honen

seme tristeago

ta tormentu biren

bildots bildotsago.

Besterik ezinda

kantatu beharko

neronen penari,

nire burutapenen

berri emateko.

 

Eta hau idaztean

egundurik dago.

Handia dugu, ba,

gaua nola ez den

bihurtu gauago.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!