Nire arimaren haizea lasterka doa

Maddi Trutxuelo & Joni Ubeda 2020ko api. 9a, 19:00

"Loaldian nire sorterria xurgatzen dut / ukitzen nire ibai-bazterra". Etxez etxeko zaintzaile ala banatzaile izan, antzeko irudikatzen ditut loaldian. 

Zortzi poema emigrazioaz

 

 

           I. Herria

 

Badiotsut

           etxe guztiak

zuloak dira harriaren ipurdian

 

zerraldo-tapetatik jaten dugu

 

artizarraren

           eta katilu esnearen artean

ez da deus

 

esne-kantina

egunean bitan husten da

 

begira guri

           lurruna darigula

                      alorretan

 

 

           II. Lurra

 

Lurraren kasko-azal ubel

udazkenean eta

           gose-garaietan orraztua

 

lurraren metalezko hezur

           eskuz erauziak

 

eliza lurraren gainean

           gure erlojuko besoak gurutziltzaturik

 

eraman dute dena

 

 

           III. Abiatzea

 

minak

ezin

aski luze iraun

 

oinatzak aienatzen dira

elurpean

abiatzearen

besarkada zuria

 

saiatu naiz egia trenetan idazten

 

belarririk gabe

mihia izu da

hitz bakarrari datxekio

 

trena zubi bat ari da zeharkatzen

lei beltzak

letra bakoitzean biltzen du

S A V A

ibai nirea

 

 

           IV. Metropolia

 

ilargitearen hegia

nabarmen-nabarmena da

ubide bateko

           uraren maila bezain

 

arrazoimenaren uhateak

 

oilaritean

ilunaren maila

beheititzen delarik

           argiareneraino

 

onartu iluna

beltz gatzatua

itsumen-eremua

onartu hori begiok

 

hemen haatik iluna

ebatsi dute zaku batean

errekarri batekin zamatu

eta hondora jaurti

 

ez da gehiago ilunik

 

 

           V. Fabrika

 

hemen

egunsentia betierekoa da

itzartzeko ordua

profezia iraultzailearen ordua

pindarren heriotzako ordua

egunetako lanaren denbora

azkengabea

 

han gaua obratzen genuen

sua piztuaz batera

bertan etzan

ilunari gorantz tira egiten genion burusi bati bezala

 

pentzeen ondoan

animalien loaldiko arnasa

lurra bezala isila

sua bezain epela

 

hotza zera da epela sekula itzuliko ez dela

pentsatzeak eragindako mina

 

hemen

gaua denbora atzendua da

betiereko egunsentia

eta hotzetan amets egiten dut

           nola erretzen zen

           pinua

           txakur baten mihia bezala

           beraren hortzen atzean

 

 

           VI. Ur-ertza

 

gau osoan Hudson

eztulka aritzen da bere ohean

 

lotan saiatzen naiz

 

nire sorlekua

zurari josiriko larru bat da

 

nire arimaren haizea lasterka doa

 

zeruertzez haraindi

kamaina bat egiten dut

 

loaldian

nire sorterria xurgatzen dut

ukitzen nire ibai-bazterra

 

bi berdel beltz

murgiltzen dira

goiz-alban

 

harrapa itzazu zerua harrapa

 

 

           VII. Absentzia

 

Sasoi hartan eguzkia belarra baino goragoa izan ez

bitxiak zuhaitzetan zintzilik egon

eta terrazak arrosa-kolore zirenean

haien ama birjinak zintzilik zeuden ingurabideko

apartamentuetan argi fluoreszenteen artean

 

patatak frijitzen ari dira

fabrika batek bere eskuak kanporatzen ditu artilezko eskularrutan

zulo bat daukat erpuruan

 

mahatsondoak ez dira berdeak

hemen ez da mahatsondorik

goi-tentsioko kableetan zanpaturiko

bitxiak

jantziko dituzte hildakoek

danger de mort

 

 

           VIII. Ezagutzen nuen baso bat

 

Hil nadin honela

 

zuhaitz-adarrek giharrak dauzkate

           muinoak altxatzen dira

hodeiak katilu batean

           du isurtzen ura

 

basoan basurdeek

           jan dute

           epeletan eta

                      logaleak daude

 

soilgune bakoitza grabaturik daukat

           ene buruan

oihal baten gisara bildurik

           ekarri dudan pantaila batean

 

izara batek

           hilen begien gainean

                      zabaldurik

munduaren bistatik gerizatzen ditu

oihal

           hedatuan

haien aztarnari segitzen diot

                      ezagutzen nuen basoan.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!