Koronabirusa

Etxean bakartuta egon den herrikidearen lekukotza

Xabier Lasa 2020ko api. 14a, 14:20

©freepik

Birusarekin kutsatuta egon zitekeenaren trazak hartuta, martxoaren 14tik martxoaren 29a bitarte etxeko gela batean erabat bakarturik bizitu izan da. Ez du bere izenik eman nahi, baina bai bere lekukotza.

Apirila iristean etxeko beste gelatara irteten hasi zen. Bere bizipen pertsonala kontatu dio Aiurriri.

Nola zaude une honetan?

Oraintxe ondo nago. Apirilaren 4an Osakidetzatik jakinarazi zidaten berrogeialdia amaitu zela niretzat.

Psikologokiki, nola zaude?

Egoera desberdinak bizi izan ditut, baina lasai nago oraintxe. Prestatuta nago konfinamenduarekin geratzen diren egun eta asteei aurre egiteko. Orain arte, senarra eta biok egon gara etxean, baina igandeaz geroztik hiru seme-alabak ere gurekin dira. Baimena eman diete horretarako. Familiako bostok berriro bildu ahal izan gara etxean, eta bat eginda errazago egingo zaigu.

Nola kutsatu ote zinen ba al dakizu? Nolako sintomak izan zenituen?

Ez nuke jakingo nire kasua asintomatikoa izan ote den ala ez zehazten. Anaiarekin kontaktuan egon nintzen bi egunez, eta berak positibo eman zuen. Nik sintoma argirik ez dut eduki; nahiz eta zenbait egunetan nekea sentitu. Ez dut sukarrik edo buruko min handiegirik eduki, ezta eztulik egin ere. Anaiak ez bezala.

"Ez dut sukarrik edo buruko min handiegirik eduki, ezta eztulik egin ere. Anaiak ez bezala"

Nire anaiak Madrilen egonaldia egin zuen martxoaren hasieran, eta bi egunen buruan gaizki sentitzen hasi zen; gorputz osoan nekea sumatu zuen, gripea eta sukarrak jotzen zaituenean bezala. Babes neurri gisa 112ra hots egin zuen, eta ohiko gripea zeukala erantzun zioten. Biharamunean gorputz tenperatura 38,8º Cra igo zitzaion, eta Paracetamol-a hartu arren bere horretan jarraitzen zuenez, mediku batekin hitz egin eta bere etxera joan eta testa egin ziezaioten lortu genuen. Berrogeialdian egoteko agindu zioten, emaitza jakin arte. Bi egunen buruan positiboa eman zuela jakinarazi zioten. Egunero hots egin diote, bere gaixotasunaren garapena jarraituz. Onera etorri da jada, nahiz eta hurrengo beste bi astetan familiatik erabat urrun jarraitu beharko duen.

Zure kasuan, zer egin zenuen?

Anaiarena positiboa zela baieztatu zenean, hots egin zidaten eta konfinamenduari buruzko pausuak zehaztu zizkidaten. Zenbait egunetan telefonoz hots eginez jarraipena egin zidaten.

Etxean gela batean erabateko itxialdia bizi izan duzu, beraz.

Anaiak eta biok bizimodu berbera egin dugu, nor bere gelan itxialdia eginez, eta familiarekin inongo harremanik eduki gabe. Nik etxean suerte handia izan dut, bi bainu-gela baitauzkagu, eta beraz, senarrak eta nik bakoitzak bana erabili ahal izan dugu. Otorduak ate ondoan uzten zizkidan. Higieneari dagokionez, zentzumenak eskatzen dizuna egitea da egokiena: gela egunero aireratu, jaboiarekin bazterrak garbitu eta ondoren ura eta lixiba pittin batekin desinfekzio lana egin, alkohola edo kolonia eskuak garbitzeko erabili, eta etxeko beste kideak mugitzen diren tokietan eskularruak eta maskarillak erabili.

Zenbait gaixotu errudun sentitu dira, birusa hartzeagatik eta gertukoak kutsatzeko arriskuagatik.

Krisia sortu eta lehenbiziko egunetan jendearen erreakzioak zer pentsatua ematen du: maskarilla jantzita kalera irteten bazen inor, automatikoki jendeari iruditzen zitzaion gaixotuta zegoela; ez zuten ondo ikusten.

Bestalde, gure bizilagunen eskuzabaltasuna nabarmenduko nuke. Senarrak eta biok kalera irten ezinik geundela jakinda, enkarguak egin eta etxeko atarian utzi dizkigute.

"Gure bizilagunen eskuzabaltasuna nabarmenduko nuke. Senarrak eta biok kalera irten ezinik geundela jakinda, enkarguak egin eta etxeko atarian utzi dizkigute"

Itxialdian nola igarotzen zenuen eguna?

Eramangarria egin zait liburuak, telebista, internet, puzzleak edo bideo-deiak gertu edukita. Aspertzeko denborarik ez dut izan. Meditazioa egiteko denbora ere hartu dut, eta egia esan, gela barruan barne lasaitasuna eta bakea sentitu dut. Kezkarik nagusiena pentsamendua gelatik irteten zitzaidanean pizten zitzaidan. Familia eta gertukoak egoera nola ari ziren bizitzen kezkatzen ninduen.

Itxialdia barne bakearen eta kanpokoekiko kezkaren arteko nahasteka izan da.

Hartuko zenuen denbora leihotik begiratzeko, ezta?

Bai, noski, nahiz eta kalean giza-arima askorik ez topatu. Ilunabarrero, 20:00etan, leihora irteten nintzen, gogoz egoten nintzen auzotar askorekin bat egiteko, eta guztion osasunaren alde diharduten guztiei eskerrak emateko.

Osasun krisialdia hitzetik hortzera darabilgu komunikabideok. Jarraipena egingo zenuen, gela barruan… Lagungarria egin al zaizu?

Lehenbiziko egunetan banuen informazioa jasotzeko antsietate hori, baina une bat iritsi zen telebista kate guztien etengabeko bonbardaketak itolarria eragiten zidala. Azkenean telebista soilik egunsentian eta gauean pizten nuen.

Hildakoei buruzko informazioa, zenbakiak, estadistikak… etengabe zabaltzen dira. Heriotzaren aukera noizbait pasa al zaizu burutik?

Ez, egia esan. Hori bai, gure familiako jende helduek eragin didate buruhausterik handiena. Kutsatu ote nituen ala ez… Izan ere, ni gaixotu baino bi egun lehenago gurasoei bisita egin nien, eta bestalde, nire senarra bere amarenagana aste osoan joana zen laguntzera.

Noizbait bizi izan duzu antzeko egoera larririk?

Ezetz esango nuke; zerbaitekin alderatzekotan, agian bi seme alaba osasunez larri egon zirenekoa aipatuko nuke. Baina egoera haietan, osasunera mugatzen zen buruhauste guztia. Oraingo egoera honek gizarte mailako beste zeharkalte tragikoak eragiten ditu.

Bakartzea eramangarria egin al zaizu, psikologikoki?

Egunak izan ditut, jende gehienak bezala pentsatzen dut. Hastapenean, koronabirusaren historia hau telebistatik erretransmititu zitzaigun fikziozko pelikula baten antzera, urruneko gauza izanik urruneko gizakiei gertatuko balitzaie bezala. Baina, ohartzerako, kezka nagusitu zen nigan. Kezka anaiarekin eta gurasoekin, eta urrun genituen seme alabekin. Nire osasunagatik ez nuen halako estuasunik sentitu, agudo mentalizatu bainintzen errealitatea zetorren bezala onesteko, goiz ala berandu pasako zitzaidanaren konbentzimenduarekin. Anaia egunez egun hobera zihoala jakiteak ere lasaitasuna ematen zidan.

Begirada luzatuta, zer nolako pentsamenduak etorri zaizkizu?

Tristura handia. Hildakoen zerrenda haziz doa egunero, eta mingarria da hildako horien etxekoen ezintasuna azken agurra modurik naturalenean ematea galerazi zaiela ikustea. Hurkoari animoak emateko edo jasotzeko, besarkatzeko, musukatzeko...

"Hildakoen zerrenda haziz doa egunero, eta mingarria da hildako horien etxekoen ezintasuna azken agurra modurik naturalenean ematea galerazi zaiela ikustea"

Tristura eragiten didate ere osasuna jokoan jarriz eta babes neurrik egokirik gabe bizimoduak aurrera segi dezan lanean ari diren osasun arloko langileek, egunero ateak irekitzen dituzten farmazia, saltoki eta kioskoetako saltzaileek, garraiolariek…

Beste behin, ikusita dago birus honek desberdintasun sozialaren arabera eragiten duela.

Egun horietan zurekin etxea partekatu behar izan duen senarrentzat zer moduzko bizipena izan da?

Babes neurriak hartuz etengabe ibili da. Eta lehen esan bezala, igandeaz geroztik bostok elkarrekin gaude. Lasai gaude, baina babes neurriak are gehiago zorroztu behar izan ditugu, etxean erabili beharreko espazioa okupatzerako orduan, nork bere jardunak antolatzeko orduan… Distantzia fisikoa zorrotz mantenduz, betiere.

Seme-alabak heldu zirenean, euren jantziak, oinetakoak, maletak… den-dena alkoholarekin desinfektatzeari ekin genion, eta aldi berean, babes neurri guztien berri eman behar izan genien. Barre murritz batzuk egiteko aldartea ere hartu genuen bitarte horretan, osasun krisialdiak daukan seriotasunaren eta larritasunaren baitan gu horrela ibiltzeak bere alde komikoa ere bazeukalako.

Aholkurik emango zenieke herrikideei, printzipioz kutsatuta ez daudenei?

Ez irteteko etxetik, non eta ez duten premia-premiazko beharrik. Eta halakoetan, maskarillarekin eta esku larruekin ibiltzeko, eta tarte fisikoa mantentzeko beste pertsonekin. Berriro etxera itzultzerakoan, berriz, oinetakoak kendu eta urez eta lejiaz bustitako trapu bat pasa dezatela, edo eta hauts bihurtutako lejia bota. Derrigor-derrigorrezko beste ekintza, eskuak noiznahi jaboiarekin garbitzea eta ahozapiak erabiltzea da. Bestalde, komeni da egunero tenperatura hartzea, eta sintomaren bat igarriz gero, 900 20 30 50 telefono zenbakira hots egitea.

Bizipen baikorrik edo ikastekorik aterako al dugu krisialdi honetatik?

Bizipen guztietatik dago zer ikasia, mingarrienetatik gehiago. Hausnarketarako aldartea hartu dut nire aldetik; ez naiz oso originala izango, baina egia da ikusten duzunean tragedia nola ari den zabaltzen familia askotan, bada, orduan, ohartzen zarela gauza materialei eman ohi diegun garrantzia erlatibizatu beharko genukeela. Ikasiko beharko genukeela orainaldia bizitzen, eskuartean daukagunari erreparatzen, inguruan dauzkagun pertsonak eta gauzak bere neurrian baloratzen, bizilagunari diosala egin eta irribarrea oparitzeari garrantzia ematen… Nik uste guztioi eman digula okasioa ohartzeko keinu eta gauza txikiekin zoriontsuak izan gaitezkeela. Konparazio batera, egunotan, familia eta lagunekin sekula baino gehiago erabili dugu telefonoa, zer moduz galdetzeko eta patsadaz mintzatzeko…

"Horrelakoetan ohartzen zara gauza materialei eman ohi diegun garrantzia erlatibizatu egin beharko genukeela"

Etorkizunari begira egoteak edo gauzak egiteak obsesionatzen gaitu. Etorri behar duena etorriko da, bizi dezagun orain aldia bien bitartean!

Ahalguztidun sentitzen den gizakiaren ahultasuna agerian utzi duen krisialdi honek, aldaketarik eragingo ote du mundu mailan?

Nahi nuke mundu mailako esperientzia honek hausnarketa sakonera bideratuko bagintu, gizakion jokabideetan batez ere. Alde batera utz ditzagun besteekiko bekaizkeriak eta juzguak, bizi eta utzi bizitzen! Kontsumismo eta materialismoaren itsuaren inguruan, ez dezagun benetan behar duguna baino gehiago erosi, oker baikaude uste badugu zenbat eta objektu gehiago pilatu, orduan eta zoriontsuago izango garela.

Nolanahi ere, tristeena zera da: gertatzen ari den giza hondamendi guztiaren gainetik, politikoek beren ohiko eztabaidan jarraitzen dutela, eta hainbat herrialde garaitu ezin agertzen direla, arazoa besteena dela eta eurek dena ondo egiten ari direla pentsatuz… Oker egon naiteke beharbada, baina irudipena dut goi agintariek betiko diskurtso eta praktikari eutsiko dietela, edota deskuidatuz gero, are eta politika antisozialagoa eta berekoiagoa egingo dutela. Boterea dutenei humanismo falta igarri zaie beti, pertsonak ez baizik eta dirua jarri izan dute erdigunean, eta aurrerantzean ere ez ez dute hobera egingo, zoritxarrez.

Gizarte mailan, behar handiena dutenei laguntzeko konpromisoa hartzearen aldekoa izan zara beti. Gizarte elkarte batean aritzen zara boluntario gisa.

Elkartera laguntza bila etortzen diren familiak okerren ariko dira jasaten krisialdia, seguru eduki hori! Espazio murritzeko etxeetan bizi dira horietako asko. Hezetasunez jositako eta leihorik gabeko gela bakarrean, zenbait kasuetan. Esango didazu nola eraman litekeen konfinamendua halako baldintzatan…

Ikasketei lotutako faktorea ere kontuan hartu beharko genuke. Familia horietako batzuk ez daukate ordenagailurik eta beharbada ezingo dute jaso irakasleek bidalitako etxeko lanik. Gurasoek ere ezin diete lagundu ikasle horiei zenbaitetan, kultur mailak ez dielako ematen edo ez dituztelako hemengo hizkuntzak menperatzen. Ondorioz, ikasle horiek euren ikastetxetara itzultzerakoan ezagutza mailan eskasagoarekin abiatuko dira.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!