Koronabirusa

"Pazienteengana irribarre batekin joaten ahalegintzen gara, gehienak guztiz beldurtuta daudelako gaixotasun berri honen aurrean"

Mikel Arberas 2020ko api. 12a, 10:00

Malen Otxoa zabor poltsekin egindako jantzi iragazgaizarekin

Malen Otxoa Donostiako Ospitalean lanean ari den 23 urteko andoaindarra da. Lan ordu luzeak egiten ditu ez-ohiko egoera honi aurre egiteko. Horrez gain, paziente guztiek Koronabirusa duten unitatean lan egiten ari da.

Osasun arloko profesionala zaren aldetik, nola bizi duzu egoera?

2018ko erizaintzako gradua amaitu eta ordutik kirofanoan egin dut lan beti. Duela hilabete inguru COVID19aren pandemia gainean genuenean, telefonoz deitu zidaten hurrengo egunean Donostiako Ospitaleko Amara eraikinean lanean hasteko jardunaldi osoan. Esan zidaten derrigorrez onartu behar nuela kontratua, 6 hilabetez kontratazio zerrendetatik kanpo geratu nahi ez banuen. Unitate honetan paziente guztiak zirela COVID19an positibo eman zuten pertsonak. Une horretan beldurtu egin nintzen. Kontratazioaren funtzionamendua ez da berria guretzat eta beti gara beldurraren biktima ezagutzen ez dugun espezialitate edo unitate batera bidaltzen gaituztenean. Baina oraingoan desberdina zen, desinformazioa totala zelako bai gaixotasunaren inguruan eta bai ospitalean bete beharko nituen protokoloen inguruan. Gainera komunikabideetan entzuten zenak ez zuen batere laguntzen.

Puntu horretatik abiatuta estres fisiko, eta batez ere, emozionala sentitu dut, bai lanean eta bai etxean.

Zein da zure egunerokoa?

Lanean nagoen egunetan, eguna horretara mugatzen da, lanera. Otorduak antolatzen ditut lanaren arabera, eta ospitalean aparkatzeak denbora suposatzen digunez, askoz lehenago joan behar izaten gara autoz tokiren bat topatzeko. Nire familiak asko laguntzen dit; egoera askoz okerragoa izango litzateke otordu eta erosketa guztiak nik antolatu beharko banitu.

Behin unitatean egonda, partea entzun eta binaka antolatzen gara erizainak. Zazpi orduko turnoaren erdia pazienteen gelak kokatzen diren alde “zikinean” igarotzen dugu eta beste erdia gestioak egin, barrukoari behar duen materiala eman eta medikazioa prestatzeko alde “garbian”.

Alde “zikinean” dagoen pertsonal guztiak norbanakoa babesteko “jantzia” soinean eraman behar du. Jantzi hauen erabileraren protokoloak egunero aldatu zaizkigu unitatean; hasieran FFP2-3 maskarilak, bata inpermeablea, ilea biltzeko plastikozko txanoa, bi eskularru pare eta aurpegia babesteko betaurreko edo pantailak ziren beharrezkoak. Egunak aurrera joan ahala, Osakidetzak geroz eta material gutxiago zela beharrezkoa esaten zigun, osasun profesional kutsatuen kantitatea sekulako abiaduran hazten zihoan bitartean.

Bata inpermeableak edukitzeari utzi genion eta zabor poltsen itsurako amantal batzuk erabili ditugu asteetan zehar. Turno bakoitzeko maskarila bat eduki dugu soilik, eta egun batzuetan berrerabili egin behar izan dugu baita ere.

Honek intseguritate eta estres handia eragin digu eta mesfidantza sakona.

Hala ere, pazienteengana irribarre batekin joaten ahalegindu gara, gehienak guztiz beldurtuta daudelako gaixotasun berri honen aurrean eta ospitalean ingresatua zaudenean, inguru arrotza denez, babesgabe sentitzea ohikoa delako. Esker oneko hitz eta mezu ugari jaso ditugu haiengandik, eta hala, nolabait haiek ere zaintzen gaituzte.  

Etxera itzultzean derrigorrezko dutxa hartzen dut beti eta posible dudanez, nire komun propioa erabiltzen dut, konpartitu gabe, nire etxekoak kontagiatzeko aukera minimora jaisteko. Kontagiatzeko arriskuaren kezka egun osoan zehar buruan ez edukitzen saiatzen naiz, erotu egingo ginatekeelako bestela.

Zein da ospitaleko egoera?

Orain asko lasaitu da egoera duela bi asterekin alderatzen badugu. UCIa nahiko beteta dago oraindik baina ospitalizazio plantetan alta asko ematen ari gara eta ingresuen erritmoa nabarmen jaitsi da. Konfinamenduaren eraginkortasuna ikusten ari garela iruditzen zait, bide onetik goaz. Hala ere, otsoaren ahoa ikusi dugu ospitalean eta zortez barruraino joan ez garen arren, Madrilen bezala, ezin gara lasaitu.

Txaloak jasotzen dituzue iluntzero. Zer sentitu duzue?

Asko emozionatzen naiz txaloak entzuten ditudanean nire herrian, eta gogoz txalotzen dut nik ere. Honetan denok batera gaudela gogorarazten dit eta indarrak ematen dizkit. Txaloak elkarri emanak direla iruditzen zait, bizilagunen artean, eta hala izan behar duela. Gure lana bezain garrantzitsua da herritarrak egiten ari direna etxean geratuaz eta elkar dependente gara neurri batean. Jendea ez balitz etxean gelditu, guk ezingo genioke egoerari aurre egin ospitalean. Beraz, elkarri egindako omenaldi bat dela iruditzen zait eta ikaragarri polita.

Krisi honetatik zein irakaspen atera beharko liratekeela iruditzen zaizu?

Alde batetik, osasun sisteman gabezia nabarmenak ditugula garbi ikusi da egunotan, eta ez gaudela prest horrelako egoera bati aurre egiteko modu ordenatu eta eraginkor batean. Osasun langileon gogo eta esfortzua ez da nahikoa, eta azpiegitura fisiko eta estruktural hobeak behar ditugu. Ez da posible erizain batek urtean 20-30 kontratu edukitzea, lan baldintza eskasetan. Ez da posible erizain bakoitzak geroz eta paziente gehiagoren ardura edukitzea bere unitatean. Ez da posible lanean gure burua babesteko material egokiak ez ematea, eta esplikazioa “ez ditugula behar” izatea.

Laburbilduz, ezin direla murrizketak egin osasunean, eta berau behar dugunean zerbitzu on bat espero. Gure herriaren isla da osasun sistema, eta lehentasuna izan beharko luke.

Bestalde, etorkizuneko planen ezegonkortasunaz lezio bat jasotzen ari garela uste dut. Ohituak gaude gure bizitza abiadura handian antolatu eta etorkizuna aurreikusten. Etxean “bai ala bai” egon behar izate honek ekarri digun frustrazioa zaila da pairatzen eta horregatik diot meritu haundia duela etxean egoteak hainbeste egunetan, berriro noiz irtengo garen jakin ez arren. Nire burua askotan harrapatu dut maite dudan jendea ikustera joateko aitzakiak eta plan oso elaboratuak garatzen, eta kosta egiten zait egoismoa baztertu eta modu kolektiboan pentsatuz burua hotz mantentzea. Horregatik, azpimarratu nahi dut, ospitalean garbi ikusten dugula bide onetik goazela eta, hala, motibazioa eman egoismoari gure buruan tokirik ez uzteko eta arduraz jokatzeko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!