[HEMEROTEKA: 2010]

Aberri Egunean Ikurriña

Legeztatu zen 1977ko urtarrilaren 17ko egun historiko hartan, milaka herritar, gazte eta heldu Goikoplazan bildu zen. Ikurriña eusten agertzen dira Miren Audikana eta Alberto Ronco.

Debekuak, debekuei aurre egiteko jokabide ausartak... hamaika komeria izan da euskaldunen sinboloaren inguruan, Ikurriñaren historia laburrean. 2010eko Aberri Egunaren atarian, “Andoaingo Bai Euskal Herriari” erakundeak ikurrinaren aldeko kanpainari eutsi dio. Etxeko balkoietan ikur hori zintzilikatzeko gonbitea luzatu die herritarrei.

Ikurriñaren historia laburrean makina bat gertakizun politiko izan da. 1894ko uztailaren 14an Sabino Aranak Bilboko Euzkeldun Batzokijan ipini zuen lehenengo aldiz. Ikur hori berehala egin zuen bere euskal abertzaletasunak. Euskal nazioarena ez ezik euskal kulturaren sinbolo ere bilakatu zen, eta Andoaingo Batzokiko dantzariek ere, adibidez, harro haizatzen zuten haien emanaldietan.

Primo de Riveraren diktaduran (1923-1931) debekatuta egon eta gero, II. Errepublikako epealdian (1931-1936) berriro grinatsu berreskuratu zen. Orduko instituzioek ez zuten ikur ofizialtzat hartu, abertzaletasunaren sinbolotzat jotzen zen, eta hura aldarrikatzegatik atxiloketaren bat edo beste eman zen. Andoainen, urrutira gabe,  1933an bost gazte eraman zituzten Donostiako Ondarretan zegoen kartzelara, lauburua eta Ikurriña horma batean margotzen atzeman zituztelako.   

Aberri Egunak Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan ospatu eta gero, 1936koa herriz herri egin zen. Andoaingo ekitaldia herriko hizlari, bertsolari eta dantzariekin burutu zen, makina bat balkoi eskuz egindako Ikurriñez apaindu eta gero. Ikurriñaren ofizialtasuna Gerra zibila hasi eta berehala, Jose Antonio Agirre lehendakaria buru zuen euskal gobernuaren eskutik iritsi zen. Gutxi iraun zuen.

GORABEHERAK ANDOAINEN
Molak gidatutako ejertzito faxistak Andoain 1936ko abuztuaren 17an okupatu zuen, eta hurrengo hamarkadatan, bandera hori-gorri monarkikoa nagusitu zen indarrez.
Errepublika garaian balkoietan jarritako hamaika Ikurriña erre, Oria ibaira bota edo ondo ezkutatu behar izan zituzten. Nabarro Hombrados familiari gertatuko pasarteak orduko inposaketa egoera ondotxo adierazten du. Errepublika garaian Batzokiko poxpolina izan zen Loren alabak kontatzen duenez, bi guardia zibil etxean agertu zitzaizkien, “frankistek ez dakit zein hiri konkistatu zutela-eta, herrian denok piper potoa jarri behar omen genuen balkoietan. Zera agindu ziguten: 36ko Aberri Egunean jarri genuen Ikurriñaren tamaina bereko piper potoa jartzeko. Amak, beldurrak akatzen, oihala hartu eta horiz eta gorriz tintatu zuen nola edo hala, eta gero balkoian zintzilikatu. Etxekoentzat, hala ere, jarri genuena Ikurriña izan zen”.

Ikurriña legez lanpo
Egoera hori egokitu zitzaien euskaldunei frankismoan; ahoz aho zabaldu eta gero, mendi gainetan ospatu behar izaten ziren Aberri Egunak. Halakoetan, baten batek kolkotik Ikurriñaren bat atera eta haizatzen bazuen, hura izaten zen bozkario kolektiboa: Denak ere “Gora Euskadi askatuta” oihuka jartzerainokoa… Tarteka ere, herriko zenbait leku ikusgarritan, San Martin elizako dorrean adibidez, Ikurriña zintzilikatuta ikusi ahal izan zen; ez zuten asko irauten, hala ere, Guardia Zibilak azkar kentzen zuelako.

1977an berriro legeztatu
1977an Euskal Autonomi Erkidegoko bandera ofizialtzat hartu zen. Iparraldean inoiz ez da ofiziala izan oso erabilia izan arren. Nafarroan, berriz, legez debekatua dago udaletxeko balkoietan jartzea.  Legeztatu zen 1977ko urtarrilaren 17ko egun historiko hartan, milaka herritar, gazte eta heldu Goikoplazan bildu zen; nork bere etxeko Ikurriña atera zuen kalera, eta udaletxean ikurrin handia zintzilikatu ahal izan zen, berrogei urteren ostean. 

Ezker-eskuin: Martin Oiartzabal, Jose Inazio Etxeberria eta Joxe Otamendi andoaindarrak. Argazkia 1937koa da, Bizkaiko frontean zirenekoa. Etxeberriak ikurriña darama eskuetan. Beste biak etsaiari kendutakoak dira, Falangekoa eta monarkikoa.

 

__

* 2010eko martxoaren 26an Aiurri astekarian argitaratutako albistea, 231. zenbakian.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!