Lehen akordeak entzun eta berehala jarri genuen gaztetxean zuzenean jotzeko data. Prest ziren entsegu lokala utzi eta zuzenean aritzeko. Musikalki ondo moldatzen ziren hastapenetan, eta behin lehen pausoa emanda, abiada bizian egin zuten musika bidea.
Jarraian etorri ziren lehen kontzertuak, maketaren grabazioa Jomes Hammilton estudioetan, eta arrakasta hein handia batean Egunkariaren itxiera salatzen zuen "Zaharrak Berri" kantuari esker. Lehen diskoa argitaratzearekin batera taldean aldaketak izan ziren, baterian Gorka sartuz eta gero Xabik taldea uztearekin batera. Geroztik hiruko formatuan egin zuten aurrera. Euskal Herriko jaialdi garrantzitsuetan jo izan zuten, bai eta herrietako jai askotan aritu ere, tartean talde esanguratsuekin konpartituz agertokia.
Taldearen lehen aroan, maketa eta iraupen luzeko hiru disko argitaratu zituzten bi urtetik behin diskoak plazaratuz. Urte batzuk lozorroan egin eta gero, 2013an estudioko azken disko bat grabatu zuten "Agerre" izenpean, diskoaren aurkezpen bira burutu eta gero, berriz lozorroan sartzeko. Musikalki taldea garatuz joan zen urteen poderioz, hasierako rock metal giroetatik, power pop erritmoetara bidaiatuz. Taldearen ezaugarri nagusia More abeslariaren ahotsean datza, errekurtso handiko abeslari izaki, melodia eta kantuera ezberdinetan aritzeko aukeraz. Taldeko hiru kideak musika munduan jarraitzen dute oraindik, egun abentura berrietan murgilduak.