Musikarien deialdi berezia, Errepublikaren egunean

Xabier Lasa 2020ko api. 14a, 09:55

Apirilaren 14a Errepublika eguna ospatzen da, eta Andoainen 36ko Gerrako biktimak gogoan hartzeko eguna izaten da. Errepublikar batzuk deialdia egin dute; egun osoan zehar bandera jartzeaz gain, 12:30ean leiho eta balkoietan "O Bella Ciao" kantua jartzeko deia egin dute. Bestalde, Egungo egoera berezian, Banda Errepublikanoko musikariek gutuna idatzi dute. 

 

Apirilaren 14a: dolua ondo ixteko ekitaldi publikoen premia

"Aurten, ohitura genuen moduan, ezin izango dugu parte hartu Oroituz elkarteak antolatzen duen ekitaldian. Guda zibilean edota ondorengo errepresioan hildako andoaindarrak omentzeaz gain jasan zuten sufrimendua balorean jartzea da ekitaldi horren muina.

Egun bizi dugun egoerak lagunduko digu garai hartan bizi izandakoarekin enpatizatzen.

Gaixotasun berri honek, Covid 19ak, hainbat pertsona darama aurretik heriotzaren pausoa bakarrik eginez, gertuko pertsonen hurbiltasuna eta maitasuna sentitu ezinik. Familiak, berriz, hildakoari azken agurra ezin eginik, dolua itxi ezinik… Adituek diotenez laguntza psikologikoa ez ezik hurbiltasun soziala behar izango dute kasu askotan egoera horri aurre egiteko.

Errepublika botoen bitartez etorri zen, ez zen une idilikoa izan, barne tentsio ugari bizi izan zituen. Izan ere, askotan alderdien berekoikerien bidetik, adostasuna zailagoa izaten baita, zerbait adosteko norberak bere posizioa utzi behar baitu. Egun, antzekoa ikusteko parada dugu.

Militarren eta hainbat indar oligarken eskutik, 1936ko uztailaren 18an, zilegitasun demokratiko osoko gobernuaren aurkako altxamenduak, hiru urteko sufrimendua eragin zuen; eta behin garaipen militarra lortuta, itzela izan zen ondorengo errepresioa.

Familia askok galdu zituzten bere etxeko kideak edota ingurukoak, atxiloketa ugari gertatu ziren, gero eramandako pertsonen aztarnarik ez gehiago sentitu… Akabatu zituztenak sufritu bazuten, ez zen gutxiago izan bertan geratu zirenen patua. Haiek ere ezin izan zuten dolurik egin; hildakoek heriotzarako pausoa bakarrik eman behar izan zuten; goxotasuna izan beharrean, gorrotoa eta iseka; dolurik ezin eginik, garaileen eta gizartearen hurbiltasuna urrun; ingurukoen mesprezu begiradarik jasotzen ez bazuten, bakardadea beraiekin zuten...

Isiltasunaren legea ezarrita jendeak ahantz zezan, biktimak paria batzuk bihurtu zituzten gerra ondorengo gizartean. Dolua etxean, norberaren bakardadean egin behar izan zuten, urte askotan min horrekin biziz.

Horregatik da hain garrantzitsua Oroituz elkarteak Andoainen, eta beste antzeko elkarteek beren herritan, antolatzen dituzten ekitaldietan parte hartzea. Hildakoak, jazarpena jasotakoak, bere senideak… gizartearen hurbiltasuna eta gertutasuna sentitu dezaten.

Horrelako ekitaldiak onura ekartzen baitie familia horiei eta parte hartzen duten guztiei, dolua ongi ixteko hurbiltasuna ezinbestekoa baitugu".

Banda Errepublikanoko musikariak

Erlazionatuak

Grandola Vila Morena

Aiurri 2020 api 14 Andoain

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!