Joan zen larunbat eguerdian Jose Luis Barberena jaunaren bideotxoa azkar batean zabaldu zen, Andoain barrena. Jaiak bertan behera geratzen zirela adierazten zuen, jaietako bluxa eta iazko egitarauaren eskuorria eskuetan zuela. Aiurri harremanetan jarri zen Jai Batzordearekin, eta astearterako komunikazioa zabalduko zutela adierazi zuten. Festazaleak mezuaren zain zirela, Andoaingo Udalak oharra zabaldu zuen. Eta bertan jaiak bertan behera geratzen zirela adierazten zen: “Bertan behera geratzen dira 2020ko maiatzerako antolatuta ziren Andoaingo festa eta ospakizun publiko guztiak”.
Jai Batzordearen komunikazioa gauez iritsi zen, minutu bateko bideo-muntaiaren bidez. Bertan, hamalau pantaila txikitan, Jai Batzordeko kideak agertu ziren. Eta off ahotsean honako mezua zabaldu zuten: “Kaixo andoaindarrok! Santa Krutz festetako Jai Batzordea gara. Lehengo astean filtratu genuen bideoan ikusi zenuten bezala, aurtengo festak ez dira beti bezala ospatuko. Azken unera arte maiatzeko beste data batzuk baloratu ditugu baina egoera nolakoa den ikusita, ezin izan dugu ezer zehaztu. Hala ere, aurten festak beste modu batera ospatzea proposatuko dizuegu. Ez dugu festarik gabe geratu nahi eta. Izango duzue gure berri. Gora Santakrutzak!”.
Adi egon beharko da, beraz, hurrengo egunetan. Apirilaren 26ra arte luzatuta dago Alarma egoera, eta ikusteke dago bere horretan luzatuko den. Edonola ere, neurri zorrotzak arintzen badituzte ere, agintariek oso argi utzi dute konfinamendutik ateratzeko urratsak zuhurtzia handiz emango dituztela. Ikastetxeen eta ostalaritzaren irekiera ez da berehalakoan izango. Beraz, aurtengo jaiak birtualki gozateko modukoak izango dira. Apirilaren 30etik maiatzaren 3ra doan asteburuan behintzat, bai.
Koronabirusak mundua hankaz gora jarri du, eta gizarte bizitza konfinamenduagatik erabat mugatu da. Hamarkada askoren ostean, pandemia batek Andoaingo jai maitatua bertan behera uztea eragin du.