Osasun segurtasunak direla eta, goizez telefonora hots egiteko eta hitzordua hartzeko eskatu diete Andoaingo odol emaileei. “40 laguneko kopurua jarri dugu, mugarri gisa. Gainera, anbulatoriotik Arrateko pilotalekura ekarri dugu espazioa. Printzipioz, bazirudien jendeari etxetik ateratzea kosta egingo zitzaiola, baina alderantziz gertatzen ari da. Horrela, Gipuzkoa osoan herriz herri eta egunez egun bezala, Andoainen ere bikaina izan da herritarren erantzuna; berehala bete dira jarritako txanda guztiak. Eman gabe geratu den horri esan behar zaio badaukala aukera Gipuzkoako Odol emaileen elkarteak Donostiako Manuel Lekuona kalean daukan egoitzan, goiz edo arratsaldez astelehenetik ostiralera, eta goizez larunbatetan”.
Ubillosek uste du handitu egin dela jendearen motibazioa odola emateko, azken asteetan. “Jendeak beti dauka arrazoiren bat odola ematearen konpromisuari eusteko. Eta orain, osasun arazo handia bizi dugula-eta, iruditu zaio hori dela gizartearen alde egin zezaken ekarpenetako bat”.
Koronabirusak eragindako osasun krisiak ez du odolaren premia areagotu, Naroa Ubillosek aitortu duenez. “izatekotan ere, gutxitu egin da, normaltasunezko egoera batean baino operazio gutxiago egiten baitira eta istripuak ere asko jaitsi baitira. Baina beti da behar-beharrezkoa odola laborategietan eta odol bankuetan erreserban edukitzea, behar denean erabiltzeko edo iraungitzen denean ordezkatzeko. Horrexegatik, orain ezin gara erlaxatu”.
Nahia Artola izan zen Arrate pilotalekura hurbildu zen berrogei odol emaileetako bat.
“Tolosan ikasten ari nintzela, erizainak ikastetxera etortzen ziren odola jasotzera, eta orduz geroztik naiz emaile. Andoainen urtean lau txandatan azaltzen naiz, normalean. Gaurko saioa desberdina izan da, arraroa, telefonoz txanda hartzeko eskatu baitigute, eta babes neurri egokiak ezarri baitizkigute etorri diren erizainek. Eskularruak eta maskarilla jantzita aritu behar izan dugu, eta bien bitartean beraiek etengabe bazter guztiak garbitzen aritu dira. Andoaingo odol emaileek deialdi berezia egin dute gaur; irudipena edukiko zuten jendea larritu eta beldurtu egin zitekeela bizi dugun egoeragatik”.
Ekaitz Ollo Tolok ere Andoainen zabaldu duen deialdi bereziari erantzuteko konpromisuari heldu zion astearte aratsaldean. “Deialdi berezia egin digute, eta bi aldiz pentsatu gabe goizean hots egin, eta hitzordua hartu dut. Aurreko hilabetean kale egin nuen, eta gaurkoan ezin nuen huts egin”.