Herria bizirik zegoen eta makina ekimen antolatzen ziren. Gogoan dut 1996. urtean bigarren Aste Musikala prestatzen ari ginela Andoaingo Kitto Gazte kolektibotik, non musikaren bidez gazteria astindu nahi genuen. Ekimen interesgarria eta ausarta izan zen Aste Musikala, eta gure belaunaldiko askok ongi gogoan izango dute: Kontzertuak, musika maratoia, mahai-inguruak, erakusketak... Kontestu horretan izan zen R taldearen lehen emanaldia (hastapenetan Erre bezala ere idatzia). Musterland eta Joxe Ripiau taldeekin batera aritu ziren Gaztetxean, eta hori izan zen agertokira igo ziren lehen aldia. Ez zen beste munduko kontzertu bat izan, ilusio gehiago zegoen musika jakintza baino, baino lehen pausoa emana zen dagoeneko eta geldiezina izango zela argi zegoen. Taldea geratzeko etorri zen.
R musika taldea musika era berri bat ekarri zuen Andoainera. Gaztetxeko orbitan ibiltzen ziren talde gehienak punk eta hardcore gioretan ibiltzen ziren, eta R taldeak eragin horiek zeharka begiratzen bazituen ere, beste nonbait zituen erreferentziak. Beste taldeetan ez bezala, 90. hamarraldiko metal zertzeladak argiak ziren taldearen musikan, eta gitarra pisutsuak eta base erritmiko ilunak ziren beraien ezaugarrietako batzuk, distortsioarekin jolastuz soinu indartsu bat lortuz. Denborarekin musikalki garatzen joan ziren, afinazioak aldatuz eta musika eremu berrietara eramanez berain musika. Haserako eraginak ahantzi gabe, haratago joan zirelakoan nago, post deitzen den eremu horretara.
Pausoz pauso egindako bidea izan zen talderena. Maketa, GARA egunkariak kaleratu zuen disko txikia, Metak diskoetxearen babesean "Hedatuz" diskoa... Euskal Herrian sarri jo izan zuen taldeak, eta bitxikeri bezala aipatu Alemanian ere izan ziren emanaldi bat eskaintzen “Villa De Bilbao” lehiaketan saria eskuratu eta gero.
Gerora etenaldi bat izan zuen taldeak, eta aro berri bat abiatu gero hiruko formatuan. Axier, Rober eta Iñigo izan ziren R azken urteetan eta "power trio" horretan "Uneak" diskoa kaleratu zuten Bonberena ekintzak zigiluaren babesean. Taldearen aro guztiak maite izan baditut ere, estudioko azken disko horretan topatu nuen gustukoen R taldea.
2014 urteko otsailean agurtu zen taldea Andoaingo Gaztetxean, 17 urteko musika bidea egin eta gero "Ariyo Adixkideak" emanaldi berezian eta formatu ederreko kaxa batean kaleratu zuen lana Bonberenea Ekintzak zigiluak.
Oraindik orain, musika sortzen jarraitzen dute taldekideek, oraingoz zuzenekoetatik aparte, baino musikaren arra barne barnean.