Egunerokoa erabat aldatu zaigu guztioi. Haurrak ikastolarik gabe baina etxeko lanekin, helduok ahal dugun neurrian telelana eginez, kazerolada, zortzietako txalo zaparradak... Gure etxean, behintzat, nahiko kaosa izan da hasierako asteetan batipat. Ordenagailu bakarra etxean (pizten bakarrik 10 minutu behar dituena) eta hiru pertsonek bertan lan egin beharra. Eskerrak txikienak apenas behar izan duen ordenagailuaren premia! Antolatzea omen da gakoa, baina batzuetan ez da erraza. Bakoitzak bere lan orduak sartu nahi, justifikatu egin behar baitira, eta bitartean, haurrak, ikastolako lanetan sortzen zaien edozein zalantzaren aurrean “amaaaa, aitaaa… zer egin behar dut orain?” galdezka. Eta ez behin, bitan, edo hirutan… ume autonomo xamarrak genituelakoan geunden! Kar-kar…
Bitartean gu, lan egiteko asmotan eseri, baina ahots txiki bat deika berriro ere, altxa, dudak argitzen saiatu, eseri berriro ere, beste duda bat, altxa… Lantokian bi ordutan egiten duzuna, etxean bikoiztu egiten zaizu denbora eta are gehiago zure lanak ordenagailuarekin zerikusirik ez duenean.
Goiza nola edo hala igarotzen den bitartean, asteko menua planifikatzeko eta bazkaria prestatzeko garaia iristen da konturatzerako. Ze, aste osoko erosketak ere egin behar dira, ahal den neurrian kalea gutxien zapaltzeko. Behin kalean, erosketa poltsa besazpian hartu eta zerbait desegokia egiten ari zarenaren sentsazioarekin bazoaz: ”eskularruak beharko ditut? Musukoa? Ai ene…” urduritasun pixka bat sortzen da gorputzean. Ogia ere etxean egiten hasi gara, batzuetan jateko modukoa eta beste batzuetan berriz, ezinezkoa! Praktika gehiago behar dugunaren seinale.
“Eta hau noiz bukatuko da, bada?” galdetzen dute seme-alabek. Ba ezin erantzun zehatzik eman. “Lasai ama, etxean ere super ondo gaude ta!” dio txikienak gainera. Argi erakutsi dute haurrek inor baino gaitasun handiagoa dutela egoera desberdinetara egokitzeko. Bejondeizuela!
Egoera honetatik ere gauza onak atera direla ere ezin uka. Gizarte mailan solidaritatea loratu da udaberri honetan. Etxean, berriz, lauok elkarrekin denbora gehiago pasatzen dugu. Haurrek, ezinbesteko liskarrak tarteko, inoiz baino konplizitate handiagoa lortu dute. Denek egunero otordu guztiak etxean egiten ditugu, eta haurrak ere sukaldean parte hartzen hasi dira. Etxea inoiz baino txukunago dago, eta hori, nahiz eta inor bisitan etortzekoa ez izan! N-1eko auto zarata ere gutxiagotu egin da. Munduak arnasa sakon hartzeko aukera bikaina du oraingoan. Bestetik, gure balkoi txikia inoiz pentsatuko ez genukeen paradisua bihurtu zaigu: otorduak egiten ditugu, haurren jolas-toki bihurtu da, bertan baitago haize pixka bat hartzeko aukera bakarra. Eta azken aldian, eskenatoki ere bihurtu zaigu! Eskaratza bereko bizilagunek kantu bateko musika emanalditxoa egiten baitugu tarteka, arratsaldeko 19:30ak aldera. Bigarren solairuan baxua eta koruak, hirugarrengoan gitarrak eta laugarrengoan ahotsak, perkusioa eta soinu teknikoa. Ditugun baliabideekin ederki pasatzen dugu behintzat!
Gaurko eguna berezi xamarra da gure etxean, Xuharrek 8 urte bet ditu gaur eta zerbait berezia egin beharrean aurkitzen gara, egoera ere halakoxea baita: berezia. Bideo-deiek ordezkatu beharko dute oraingoan familia eta lagunen zorion muxuak. Baina denekin ere ezin bideo deirik egin, adibidez Sorabillako aiton-amonak ez baitute internetik eta hilabete daramate bilobak ikusi gabe, ezta pantailaren beste aldetik ere. Elkartzen garen egunean berriro ere esango dute, “ume hauek hazi egin dira, ezta?”.
Andoaingo Gurutze Gorriarekin hitzartu dugu zorion abestiren bat kanta diezaioten; Errealeko web orritik eskaera egin eta bi jokalarien zorion mezua ere lortu dugu eta arreba gynkana prestatzen ari omen zaio etxeko logeletatik. Eta ustegabeko sorpresa ere izan dugu bizilagunek euren balkoiak ere apaindu, eta ezkaratzetik abestu diotelako. Milesker, zoragarriak zarete!
Azkenean, badirudi, nahiz eta etxetik ezin atera, ez dela hain urtebetetze txarra izango, alderantziz! Baina, argi dugu oparirik onena denok osasuntsu egotea dela!
Animo denoi!! Zaindu zaitezte!!