Hezkuntza arloan lan egiten du Andoaingo Guna zentroak. Zer da zehazki egiten duzuena?
Hezkuntza aholkularitzan zein hezkuntza laguntzan aritzen gara, eta arreta psikologikoa ere eskaintzen dugu. Urtebete eskas darama irekita zentroak, baina bertan lanean ari garen profesionalok 28 urteko eskarmentua dugu lan arlo horretan. Erakunde ezberdinekin egin izan dugu lan: udaletxe, ikastetxe, Foru Aldundia... Momentu jakin batean, ordea, aspaldidanik buruan nuen proiektua gauzatzeko unea iritsi zela pentsatu nuen. Zentroa irekiz gero kalera aterako ginen eta norbanakoari ere erantzuna eman. Ordura arte, Andoainen jendeak hezkuntzaren inguruko galderak egiten zizkidan. Beraz, beharra bazegoela ikusirik pausoa eman nuen. Guna, pertsonen bidelagun da. Erakundeekin lan egiten jarraitzen dugu, baina zentroa ere martxan da.
Nork jotzen du zuengana?
Hezkuntza arloan baliabideren baten beharra duten familia, ikasle eta irakasleei zuzenduta dago Guna. Guregana jotzen dutenek dagoeneko badute gabeziaren kontzientzia. Gai dira beraien beharra non egon daitekeen jakiteko; frustrazioa kudeatzeko edo mugak jartzeko arazoak, motibazioa pizteko beharra, ikasketa prozesuan parte hartzeko premia... Bide horretan norbere lana nola bete jakin nahi izaten dute. Ikasleen autonomia bultzatzeko bidea aurkitu nahi izaten dute. Guregana iristen direnerako, hausnarketa eta barne lanketa prozesua eginda dago, eta gabeziaren bat dagoela ikusi dute. Kasu horietan, nahiko erraza izaten da bideratzea, gure laguntza onartzen dutelako. Zailtasunik handiena, norberaren ardura onartzen jakitea izaten da, izan ere, ohikoa baita ardura ondokoaren gain jartzea: umea, ikastetxea, bikotea...
Prozesua askoz ere zailagoa izaten da kasua erakundeen bidez etortzen zaigunean. Ikasleren baten kasuarekin kezkatuta udalek guregana jotzen dutenean, familiek askotan ez dute izaten hausnarketa egiteko baliabiderik ere.
Alarma egoerak erabateko aldaketa ekarri du ikastetxeen egunerokoan, baita ikasle eta familienean ere. Zuen lanean ere izango zuen eragina...
Etxetik ari gara lanean, ahal dugun heinean familiei gure laguntza eskaintzen. Egoera ezohiko honetan, hezkuntza sistemak ekoizten jarraitu du, produkzioa ez da eten. Beste hainbat jarduera bertan behera geratu badira ere, hezkuntzak bere prozesuan jarraitu du eta horretan murgildu dira ikasle, irakasle eta familiak. Funtzioak, ordea, aldatu egin dira. Eraldaketa horretan, guraso, irakasle eta ikasle askok badute prozesu horretan murgiltzeko trebetasuna. Baina beste asko, lehen ere egoera zaurgarrian zeudenak, are eta egoera zaurgarriagoan geratu dira orain. Autonomia, errutinak, konfiantza lantzeko unea dela esaten dute, baina horretarako, aurretik egindako lanketa bat behar da eta hori ez dago bermatua.
Hezkuntza martxan dago, baina on line ari dira adin guztietako haurrak. Hori egunerokotasunean sartzea zaila da eta zenbait etxetan krisi egoeran sartzen ari dira eta tentsio handia dute. Familia askotan ez dago baliabide teknologikorik, haien haurrek, ezta gurasoek ere, ez dute trebetasunik. Orain arte estalia zegoen errealitate hori agerian geratzen ari da orain.
Zein iritzi duzu hezkuntza sistemak egoera honetan hartu duen bidearen inguruan?
Kritikoa izanda, sistemari berari erantzuna emateko modua aurkitzen saiatu direla esango nuke, ez pertsonei. Edukiak landu, azterketak edo ebaluaketak egiteko prestatu, eta aurrera. Ez da, ordea, irakaslegoaren edota ikaslegoaren premiei erantzuna emateko modu egokia. Guztiak ahalegin handia egiten ari badira ere, partxeak jartzen ari garela iruditzen zait. Gauden egoera guztiz ezohikoa da, hori objektiboki onartu ez, eta nolabait jarraitu egin du sistemak. Ez dezagula galdu, baina galdu, zer? Egoera honek bizipen asko eskaintzen digu ikasgai modura.
Zein izango litzateke, orduan, irtenbidea?
Momentu honetan, zein egoeratan gauden erakutsi behar diegu gure haur eta gazteei, zergatik egon behar dugun etxean, zer egin dezakegun…, eta egoera honetan sortzen zaizkigun emozioak kudeatzen erakutsi. Ikasgai handia dugu parean egoera honetatik eratorria, baina horrek patxada eskatzen digu. Gelditu, pentsatu, barneratu eta aurre egiteko baliabide berriak sortu. Gure bizitzan garrantzizkoa zer den ikusteko momentua da, balkoira atera eta naturaren hotsak entzutekoa, udaberria usaintzekoa…, eta egoerak berak sortzen dizkigun emozio ezberdinak antzeman eta kudeatzen irakatsi-ikasi... Ez dugu momentu hoberik aurkituko, trebetasun pertsonalak eta bizikidetza lantzeko, familian, bizilagunen artean lagunartean, hezkuntza komunitatean... Ikasleei deitu, haiekin hitz egin, zer moduz dauden eta nola sentitzen diren galdetu..., irakasle-ikasle harremana sendotzeko aukeratzat erabiliz. Ikasle asko egon daiteke une honetan erreferente orekatuena irakaslea izango duena, eta izugarri eskertuko lukeena haien deia. Une honetan, hezkuntza baliagarri bihurtuko litzateke familia eta ikasleentzat euskarri izanez. Sistema eraldatu eta beharretara egokitu behar da horretarako.
Eta eginkizun hau betetzeko, hezkuntzak baliabide pedagogiko ugariz hornituriko ejerzito profesionala dauka bere agindupean. Eraldatzeko eta egoera honetara egokitzeko gaitasuna duen ejerzito hori edukiaz gain, trebetasun pertsonalak lantzeko agindua emango balie, ikasle zein familien benetako bidelagun izango litzateke.
Erreportajea osorik, apirilaren 16 eta 17an harpidedunen artean banatu den Aiurri hamaboskarian
-----------------------------------------------------------------------------------------------------
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
-
Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
-
Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.