Birtualki ospatzeko Santakrutzak izango dira aurtengoak

Jon Ander Ubeda 2020ko api. 17a, 14:14

Peña Santa Krutz danborrada, 2017ko Santakrutzetan

Andoaingo herrigunea jai giroan murgiltzekoa zen, apirilaren 30ean hasi eta maiatzaren 3ra bitarte. Aurtengoan, gainera, lau egunetako egitarau trinkoa antolatzeko aukera aparta zegoen. Baina ezinezkoa izango da. Birtualki ospatzeko egunak izango dira, aurtengoak. Horixe iragarri baitzuen Jai Batzordeak.

Santakrutzak egin izan balira, hauxe litzateke egitaraua:

Apirilak 30, osteguna

Ohi bezala, arratsalde partean haur pregoiarekin eta helduen pregoiarekin jaiari hasiera ematea.

Ezin aipatu gabe utzi Erraldoien eta buruhandien kalejira edota judo eta karate erakustaldia Zumea plazan.

Sortu zeneko 50. urteurrena delako, aurtengoan jaien hasierako pregoia Zumeatarra elkarteari ematea eskaini zitzaion.

Azken urteotako joerari eutsiz, ostegunean ere egitekoak ziren txosnen irekiera, Olagain eta Alberto Agirreren emanaldia Santa Krutz elizan eta egunari amaiera emateko kontzertuak Bekoplazan.

Maiatzak 1, ostirala

Kros herrikoia, bizikleta festa... jarduera fisikoak eginez hastekoa zen eguna.

Egun horretarako aurrikusita zeuden Bandaren emanaldia, Kale Nagusian indarra hartzen ari zen auzo bazkaria.

Eta, arratsalderako, bakailao eta sagardo txapelketak eta herri danborrada.

Gau aldera, aurreko egunean bezala, zezen suzkoa eta kontzertuak Bekoplazan.

Maiatzak 2, larunbata

Koadrilen eguna, egun handia festazaleentzat. Gazte, familia eta helduen koadrila asko elkartzen dira egun horretan.

Ezin aipatu gabe utzi Euskaldunakoen mendi irteera edota bizikleta festa. Arratsalderako puzgarriak eta Soinuak taldearen kalejira aurrikusita zeuden.

Gauean, berriz, zezen suzkoa martxa eta jaigiroa Bekoplazan.

Maiatzak 3, igandea

Dultzaineroekin hastekoa zen eguna, eta ondoren tradizio eta garrantzia handia duen Ikurriñaren jaitsiera.

Urki dantza taldeak protagonismo berezia hartu ohi du, egun horretan. Baita eskopeteroek eta Olagain taldekoek ere. Eguerdi aldera, bestalde, trikitilariak eta txakoli dastaketa.

Goizean artisautza azoka egongo litzateke Zumea plazan, eta egunari amaiera emateko ekitaldi sorta: Erreka jaitsiera, Udal musika eskolakoen emanaldiak, skate txapelketa, pintxo lehiaketa eta, azkenik, plaza dantzak.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!