Eskualdeko musika taldeak

Lain

Koldo Otamendi 2020ko api. 17a, 19:18

Youtubeko bideo baten bidez izan nuen Lain bikoaren berri. Bi neska gazte zelai batean eserita Lor taldearen "Zure Doinua" kanta akustikoan moldatuz agertzen zen bertan. Ausart. Libre. Beldurti, baino ilusioz. Sekulako bisita piloa izan zituen bideo horrek, eta esango nuke bultzada ederra izan zela jolas bat zena zerbait serioago bilakatzeko bidean.

Hurrengo pausoa banda osatzea izan zen, eta urrutira joan gabe, herriko eta eskualdeko musikariez osatu zuten taldea. Boskote lehenik, eta seikote taldearen azken urteetan. Kristina Aranzabek eta Leire Berasaluzek taldea gidatzen bazuten ere, esango nuke Lain talde bat izan dela beti, eta bi neskak frontean ziren arren, talde izaera nabari zen argiki.

Beste musika talde asko bezala Gaztea irratsaioaren bidez bere sona handitu zuten, eta 2008an saria lortu eta gero laster iritsi zitzaien lehen diskoa grabatzeko aukera Elkar diskoetxeari esker. Pop melodia gozoetan sakontzen zuen bandak nagusiki. Batzuetan eremu akustikoan polit, besteetan gitarrak zorroztu eta emaitza rockeroagoaz Denborekin ere, pasarte elektronikoak iritsi ziren ere, taldeak esperimentatzeko zuen irrika lagun.

Zalantzarik gabe Kristina eta Leireren ahotsak izan dira taldearen identitate puntu, baino gutxirako balio du horrek eutsiko dituen banda bat gabe. Eta esan bezala, banda bat bazegoen. Banda on bat. Kristina eta Leireren ahots jolasak ederrak izan dira beti, bakarka edota bi ahotsetara erregistro ezberdinekin jolastu izan dute territorio ezberdinetara bidaiatuz. Estudio hiru disko kaleratu zituen Lain taldeak, azkena 2016 urteko "Tximeletak" lana. Taldearen jarduna ordea, urte berean amaitu zen, Tolosako Bonberenean "Azken antzezpena" izenean eskainitako emanaldian bere ikuslegoaren aurrean gitarrak zintzilikatuz.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!