Eskualdeko musika taldeak

Gaizkiñe

Koldo Otamendi 2020ko api. 18a, 20:00

Gaizkiñe taldea musika talde bat baino gehiago izan da beti. Horrela bizi eta ulertu izan dut beti nik. Ez ziren agertokira igotzen ziren hiru musikariak soilik. Beraien orbitan lagun pilo bat zituzten: Kantuen hitzak egiten, diseinua lantzen, argazkiak ateratzen, ideiak gauzatzen, gaiztakeriak egiten... eta koadrila fidel bat dena emateko prest kontzertu bakoitzeko lehen lerroetan.

Musikalki hardcorea zuten abiapuntu, baino gutxi zuten ikusteko garaiko beste taldeekin. Base erritmiko oso potente bat zuten, Kuluk (baxua) eta Sanik (bateria) osatua. Txutxo arduratzen zen gitarretaz eta sekulako instrumentista izan gabe, gitarra jotzeko oso modu berezia izan du beti, nortasun handikoa. Beti izan dut oso gustuko bere jotzeko eta abesteko era. Taldearen nortasun puntu bat izan delakoan nago. Sanik eta Kuluk ere abesten zituzten hainbat kantu ere, taldearen aniztasunaren seinale. Hastapenetako hirukoa laukote bilakatu zen Pablo (Ezin Izan eta 30%) sarrerarekin, gitarren soinua sendotuz, eta marrazki berriak sortuz.

Hitzak izan dira taldearen beste puntu goren bat. Komunikatzeko gaitasuna eta esaldiak eta hitzak josteko erraztasun handia izan du taldeak beti. Gauza gutxiekin asko esaten duten horietakoak izan dira taldearen letrak. Abesteko erak sinesgarritasuna ematen zien hitzei, askotan poesiara gerturatzen ziren hitz ederraz. Gaizkiñe ez da erraz entzuten den talde bat. Ez dago erdibiderik. Edo maitemintzen zara edo ez! eta neu behintzat maitemindu nintzen zalantzarik gabe.

Maketa bat eta disko luze bat utzi zituzten musika bidean, denborarekin, apurka-apurka itzali eta taldea desagertu arte.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!